- Antolamendu berriak portuko jardueraren eta hiriaren arteko bizikidetza sustatzen du, ekonomia urdinari lotutako jarduera ekonomiko berriak bultzatzen ditu eta portuaren garapenerako aukera berriak irekitzen ditu.
- Amaia Barredo: «Bermeoko portuak motor ekonomiko eta arrantzale izaten jarraituko du, baina, aldi berean, herriarekin hobeto integratutako gunea izango da, modernoagoa eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko prestatuagoa.»
Eusko Jaurlaritzak behin betiko onartu du Bermeoko Portuko Antolamenduaren Plan Bereziaren hirugarren aldaketa. Horrek urrats erabakigarria dakar Euskadiko portu-azpiegitura nagusietako baten eraldaketan aurrera egiteko.
Plan Berezia portuaren erabilerak eta etorkizuneko garapena antolatzen dituen tresna da. Arrantza, merkataritza eta aisialdi-nautikako jardueren kokapena, beharrezko azpiegiturak eta portu-esparruaren eta hiri-ingurunearen arteko harremana zehazten ditu.
Onartutako aldaketaren helburua portua eta herria elkartzen diren eremuetan hiri-kalitatea hobetzea da, portuko jardueraren eta Bermeoko eguneroko bizitzaren arteko bizikidetza orekatuagoa sustatuz. Horretarako, ontzigintza-jarduerak Varadero kaian kokatzen diren gunetik bizitegi-eremuetatik urrunago dauden portu-eremuetara lekualdatzea aurreikusten da, hiri-ingurunean sortzen dituzten eraginak murrizteko.
Askatutako eremuan, merkataritza, ostalaritza eta portuko jardueraren osagarri diren zerbitzu berriak ezarri ahal izango dira, kudeaketa publikoko eraikin baten bidez. Eraikin horren helburua portuaren eta herritarren arteko lotura sendotzea eta jarduera ekonomiko eta sozialerako gune berri bat sortzea da.
Era berean, antolamendu berriak Frantxua kaiko zenbait eraikinen erabilera-erregimena malgutzen du, behar berrietara egokitzea erraztuz; Matxikorta kaian baimendutako erabilerak zabaltzen ditu, etorkizuneko hotz-plantaz gain, tamaina txikiko ontzientzako marina lehor bat ezarri ahal izateko; eta, halaber, portuko zerbitzu-eraikina handitzea aurreikusten du, haren gaitasun operatiboa hobetzeko.
«Onarpen honek bultzada berria ematen dio Euskadiko arrantza-tradizio handieneko portuetako bati. Bere espazioak modernizatzeak, hiri-ingurunearekiko bizikidetza hobetzeak eta erabilerak dibertsifikatzeak portuaren lehiakortasuna indartzea, aukera ekonomiko berriak sortzea eta Bermeoren ekonomia urdinaren erreferente gisa duen eginkizuna sendotzea esan nahi du», adierazi du Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak.
Bermeoko Portuaren eraldaketa integrala ekintza estrategikoa da tokiko ekonomiarentzat eta Urdaibai eskualde osoarentzat. Arrantza-jarduera sendotzeaz gain, itsas garraioari, logistikari, aisialdi-nautikari, turismoari eta ekonomia urdinarekin lotutako beste sektore batzuei lotutako aukera berriak sustatuko ditu, betiere jasangarritasunaren eta hiri-integrazioaren irizpideei jarraituz.






