Inicio albisteak Hondrribin agintaldiaren hiru urte bete direnean, gobernu-programako ekimenen %88 amaituta edo martxan...

Hondrribin agintaldiaren hiru urte bete direnean, gobernu-programako ekimenen %88 amaituta edo martxan daude

0

Agintaldiaren hasieran hartutako konpromisoetako bat gobernu-programaren garapenaren berri herritarrei sei hilabetero ematea izan zen. Konpromiso horri eutsiz, Hondarribiko Udal Gobernuak agintaldi-planaren egikaritze mailaren azken balantzea aurkeztu du. Legealdia amaitzeko urtebeteren faltan, gobernu-programan jasotako ekimenen %88 amaituta edo martxan da; %58 beteta, %30 abian eta %12 hasteke.

Igor Enparan Araneta alkatearen hitzetan, “agintaldiaren hasieran herritarrekin hartu genuen konpromisoa argia zen: hitzetatik ekintzetara pasatzea. Gaur aurkezten ditugun datuek erakusten dute norabide horretan aurrera egin dugula, baina baita legealdian sortu diren behar berriei erantzuteko gaitasuna izan dugula ere”.

Arloz arlo, aurrerapen nagusiak

Azken sei hilabeteetan hainbat proiektu estrategikotan aurrerapen esanguratsuak egin dira.

Etxebizitzaren arloan, Hondarribia bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatzeko beharrezkoa den dokumentazioa Eusko Jaurlaritzari helarazi zaio, eta etxebizitza hutsen erroldaren txostena jaso da.

Mugikortasunari dagokionez, otsailean jarri zen martxan Hondarribiko lehen hiri autobus zerbitzua. Uztailetik aurrera, gainera, herritarrek partaidetza-prozesu bidez aukeratutako diseinua eta leloa izango dituen behin betiko autobusa hiriko kaleetan izatea aurreikusten da.  Bestalde, TAO sistema berria indarrean dago, eta aparkalekuak arautzeko ordenantza berriaren lehen dokumentua laster jarriko da jendaurrean. Era berean, oinezkoen irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko hainbat esku-hartze egin dira. Besteak beste, eskola eremuetako plataformak margotzea.

Hirigintzan, Arrantzale auzoko berrurbanizazioa amaitu da eta Pasaia kaleko lanak martxan daude. Mendelu Enea eraikina ireki da, eta bertan kokatu da Open Gela. Guadalupeko guardaren etxea udalari lagatzeko eskaria ere egina da, bertan interpretazio zentroa, atseden eremua eta kantina jartzeko asmoz.

Merkataritza eta jarduketa ekonomikoen arloan, terrazen ordenantza berria indarrean da, kontsumo-bonoen bigarren kanpaina egin da eta Merkataritza Mahaia sortu da. Lehen saioa egin da jada, udalaren, merkatarien eta eragileen arteko elkarlana sendotzeko.

Ondare alorrean, Higer itsasargiaren lagapen hitzarmena sinatu da, eta San Nikolas atea eta Erdi Aroko harresia berreskuratzeko lanak irailean hastea aurreikusten da. Era berean, itsas ondareari lotutako elementuak berreskuratzeko ekimenak garatzen ari dira.

Kultura eta euskara arloan, Hondarribiko sortzaileen katalogo digitala osatzen ari da, herriko sormen-sarea ikusgarri egiteko. Bestalde, udal-liburutegian irakurketa erraza sustatzeko neurriak indartu dira, eta Mendelu Enean liburutegi zerbitzua jarri da, auzoko bizilagunek kultura eta irakurketarako baliabideak gertu izan ditzaten. Bestalde, Bordari-Satarka literatur lehiaketak berrikusi dira eta arautegi berria GAOn argitaratu da.

Ingurumen arloan, etxeko animalien edukitzea arautuko duen ordenantza izapidetzen ari da Udala. Jendaurreko epea amaituta, alegazioak aztertzeko fasean dago prozesua. Ordenantza horrekin lotuta, txakurrentzako aisialdi-eremu berri bat sortzeko lanak ere aurrera doaz. Halaber, hiriguneko zuhaitz berezien ibilbidea ere egin da eta webgunean atal propio bat sortu da.

Berdintasunaren esparruan, II. Berdintasun Plana onartuta, aurrerapauso esanguratsua eman da.

Gazteria, hezkuntza eta kirol arloan, zortzi urteren ondoren Saindua eraikin berritua ireki da. Hondartza Kiroldegiko spa eremua berritzeko proiektua prest dago, eta urte amaierarako lanen hasiera aurreikusten da. Gainera, Amuteko kirolgunea berritu da, eskola-kirol eredua eguneratu da, eta pumptruck pistaren berrikuntza proiektua prest dago.

Bestalde, udal kudeaketari dagokionez, informatika zerbitzua udal egituran integratu da, udalaren autonomia teknologikoa eta erantzuteko gaitasuna indartzeko, eta udalaren APP berria martxan da herritarrek udal informaziora sarbidea errazteko. Era berean, udal zerbitzariak berritu dira eta 2026rako kontratazio-plan estrategikoa lantzen ari da Udala.

Gobernatzeko beste modu bat

Udal Gobernuaren arabera, agintaldi honetako ardatz nagusietako bat finantza-sendotasuna eta inbertsio-gaitasuna uztartzea izan da. Azken hiru urteetako datuek erakusten dute finantza-sendotasunari eutsi zaiola, inoizko aurrekonturik handienak kudeatu eta inbertsio-mailarik altuenak gauzatu diren bitartean.

2025ean, Hondarribiko Udalak lehen aldiz  30,2 milioi euroko aurrekontu-exekuzioa gauzatu du. Udalaren historian erregistratutako exekuzio-mailarik altuena da, eta baliabide horiek guztiak herritarren bizi-kalitatea hobetzeko eta udalerriaren garapena sustatzeko bideratu dira.

Azken hiru urteetan inbertsio-mailak ere nabarmen egin du gora. “2023an 4,5 milioi euroko inbertsioak egin ziren; 2024an, 5,3 milioi eurokoak; eta 2025ean, 5,2 milioi eurokoak. Aurreko legealdietan, aldiz, 3,5 milioi euro ingurukoa izan zen. 2022an 6,5 milioi eurora igo zen, baina kopuru horren zati esanguratsu bat aparteko eragiketa bati lotuta zegoen, San Telmo Gazteluaren erosketari”, azaldu du alkateak.

Era berean, udal-zergen bidezko diru-sarrerak egonkor mantendu dira. 2018an 8 milioi euro bildu ziren eta 2025ean 8,5 milioi; hau da, zazpi urtean milioi erdi euroko igoera besterik ez da izan. Hazkunde nagusia Udal Finantzaketarako Funtsetik (UFFF) eta altxortegiaren kudeaketa aktibotik etorri da. “UFFFtik 16,9 milioi euroko ekarpena jaso du Udalak, eta 2025ean, finantza-produktu seguruetan inbertituta, 1,7 milioi euro inguruko diru-sarrera gehigarriak eskuratu dira”, nabarmendu du Enparanek. Horri esker, finantza-orekari eutsiz, inoizko jarduera eta inbertsio-mailarik handienak garatu ahal izan dira.

Bestalde, alkateak nabarmendu du Hondarribiak 60 milioi eurotik gorako altxortegia duela. Udal Gobernuak gogorarazi duenez, 2015etik 2022ra bitartean altxortegia 37,8 milioi eurotik ia 62 milioi eurora igo zen. Enparanen hitzetan, “urte luzez udalaren altxortegia handitzen joan da, aurreikusitako inbertsioen zati bat gauzatu gabe geratzen zelako. Gure eredua bestelakoa da: aurrezkiari eutsiz, baliabide horiek herritarren bizi-kalitatea hobetuko duten proiektuetan erabiltzea. Datuak hor daude. Finantza-oreka mantendu dugu eta, aldi berean, inoizko inbertsio eta jarduera mailarik handienak lortu ditugu”.

Enparanek adierazi du oraindik lan handia dagoela egiteko: “Balantzea positiboa da, baina ez gara helmugara iritsi. Agintaldia betetzeko oraindik urtebete dugu aurretik, eta lanean jarraituko dugu, herritarrekin, eragileekin eta elkarteekin elkarlanean, Hondarribia bizitzeko eta etorkizuna eraikitzeko hiri hobea izan dadin. Egindakoaz harro gaude, baina egiteko dagoenari begira jarraitzen dugu”.