Osasun sailak 5,8 milioi euro bideratuko ditu osasun arloko ikerketa eta garapen proiektuetara

0
  • Laguntzen deialdi hau Osasun Sailak osasuneko I+G+B jarduerari emandako bultzadaren beste adibide bat da, Euskadiko Osasun Itunaren ildotik, ikerketa indartzen baitu osasun-sistemaren beharrei erantzuteko, osasun-laguntza eta bizi-kalitatea hobetzen lagunduz
  • Aurreko deialdietan osasun-arloko ikerketa-jarduera sustatzeko, areagotzeko eta indartzeko finantzatutako 3 laguntza-lerroez gain, aurten beste laguntza-lerro bati helduko zaio berriro Osasun Sistemen eta Osasun Publikoaren Eraldaketa ardatz hartuta

Gobernu Kontseiluak onartu egin du gaur osasunaren arloko ikerketa- eta garapen-proiektuetarako laguntzen 2026ko deialdia, 5,8 milioi euroko aurrekontua duena. Hala, Osasun Sailak abian jarri du osasun-laguntza eta bizi-kalitatea hobetzen duten proiektuetarako laguntzen deialdi hau.

Osasun Sailak I+G+B jarduerak bultzatzen ditu bere ildo estrategikoen artean, Euskadiko Osasun Itunarekin erabat lerrokatuta, ekosistema sendoa, kohesionatua eta lehiakorra indartzea helburu duena, eta osasun-sistemaren egungo eta etorkizuneko erronkei erantzuteko gai dena, pertsonen onurarako.

Horregatik, laguntza horiek biltzen dituzten jardueren helburua da pertsonen osasuna eta osasun-sistemaren jarduna hobetzen laguntzea, bai eta osasun-laguntza eta bizi-kalitatea hobetuko duten ikerketa- eta berrikuntza-proiektuak garatzen laguntzea ere.

Aurreko deialdietan osasun-arloko ikerketa-jarduera sustatzeko, areagotzeko eta indartzeko finantzatutako 3 laguntza-lerroez gain, aurten beste ildo bati heldu zaio Osasun Sistemen Eraldaketarekin eta Osasun Publikoarekin lotutako I+G+B proiektuak finantzatzeko. Zehazki, lau laguntza-lerro bereizten dira:

  • Osasun-arloko ikerketa-jarduera sustatzea, I+G proiektuen bidez, osasun-sistemaren gaitasuna indartzeko eta osasun-sistemaren eta gizartearen eskaerak hobeto asetzeko behar den ezagutza sortzen eta integratzen laguntzeko, arreta berezia jarrita pazienteen emaitzetan eta haien ikuspegitik.
  • Osasun-arloko ikerketa-jarduera areagotzea, jarduera kliniko-asistentziala egiten duten langileen I+G proiektuen edo jardueren bidez, I+G jardueren dedikazioa handitzeko eta Euskadiko osasun-sisteman ikerketaren kultura indartzeko.
  • Osasuneko ikerketa estrategikoa sustatzea, lidergo sanitariotik, kooperaziotik eta Euskadiko gaitasun zientifiko-teknologikoen aprobetxamendutik sortutako I+G proiektuen bidez, produktu, prozesu edo zerbitzu berrien balorizazioan eta garapenean aurrera egitea ahalbidetzen dutenak, RIS3 Euskadi-ZTBP 2030 estrategiaren ildotik.
  • Ikerketa komisionatuko lanak. Aurten, laguntza-ildo horri heldu zaio berriro, Osasun Sistemen eta Osasun Publikoaren Eraldaketarekin lotutako I+G+B proiektuak finantzatuta. Proiektu horiek osasun-sistema publikoaren lehentasunezko beharrak konpontzera bideratuta daude, osasun-administrazioak aldez aurretik zehaztuta, ebidentzia zientifikoak sortzeko helburuarekin, kudeaketa, praktika klinikoa eta erabakiak hartzeko prozesuak hobetzeko, osasun-arloko esku-hartzeen segurtasuna, eraginkortasuna, ekitatea eta efizientzia indartzeko, bai eta Osakidetzaren asistentzia-sarearen barruan ezagutza propioa garatzeko ere.

Hala, laguntzen deialdiak 2.556.200 € bideratuko ditu osasun-arloko ikerketa-jarduera sustatzeko proiektuetarako; 600.000 € osasun-arloko ikerketa-jarduera areagotzeko; 2.350.000 € osasun-arloko ikerketa sustatzeko proiektu estrategikoetarako; eta 300.000 € ikerketa-lan komisionatuen proiektuetarako.

Laguntza horien 2025eko deialdian, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 69 ikerketa-proiektu finantzatu zituen: 17 Sustapen Lerrokoak; 13 Areagotze Lerrokoak; eta 39 Indartze Lerrokoak. Gainera, nabarmendu behar da iaz emakumeek gidatutako proiektuen ehunekoak (% 60,87) gainditu egiten duela aurreikusitako helburua.

  1. urteari dagozkion laguntzak jasotzeko, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) eragileek hilabeteko epea izango dute eskaera aurkezteko, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Osasunaren I+G+B Euskal Osasun Sistema Publikoan

Euskadin, ikerketaren eta berrikuntzaren sustapenak Eusko Jaurlaritzaren 2030erako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana (ZTBP 2030) du euskarri, espezializazio adimenduneko RIS3 Euskadi estrategian oinarritua, non osasun pertsonalizatua lehentasunezko hiru arloetako bat den. Gainera, gaur egun, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila 2026-2030 aldirako Osasuneko I+G+B Plan Estrategiko berria prestatzen ari da, berrikuntza-sistemaren gako nagusi gisa sendotzeko.

Esparru horretan, Osasun Sailak osasunaren arloko ikerketari, garapenari eta berrikuntzari (I+G+B) buruzko jardunaldia egingo du uztailaren 15ean, euskal osasun-sistema publikoan arlo horretan bultzatzen ari diren aurrerapen eta proiektu nagusiak ezagutarazteko. Topaketan, Euskadiko Osasun Sistemaren I+G+B jarduerari buruzko urteko memorian jasotako emaitzak aurkeztuko dira, baita Osakidetzaren eta euskal ekosistema sanitarioa osatzen duten erakundeen ikerketa- eta berrikuntza-gaitasuna indartzen jarraitzeko aurreikusitako lan-ildoak eta hurrengo urratsak ere. Era berean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari lotutako Osasun Ikerketa Institutuetan garatzen diren proiektu garrantzitsuenetako batzuk azalduko dira, arreta berezia jarrita sistemako eragileen arteko koordinazioa, lankidetza eta ezagutzaren transferentzia indartzera bideratutako ekimenei.