
- Osasun Sailak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa hiru lurralde-lotetan estaliko dituzten premiazko eta premiazkoak ez diren anbulantzien kontratu berriak lehiaketara atera ditu
- Lizitazioak kontuan hartuko ditu sektoreko hitzarmena, kostuen igoera, ibilgailuen jasangarritasun-irizpideak eta lurralde-antolamendu hobea
- Pazienteen elkarteen parte-hartzea, Euskadiko Osasun Itunak bultzatutakoa, kontuan hartu da erabiltzaileen benetako beharretara bideratutako hobekuntzak sartzeko pleguak egitean
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak lizitaziora atera ditu Osakidetzaren garraio sanitarioko kontratu berriak, Euskal Autonomia Erkidego osoan larrialdiei, emergentziei eta pazienteen lekualdatzeei arreta emateko funtsezko zerbitzua. Hala iragarri du gaur goizean Aritz Uriarte Administrazio eta Finantzaketa Sanitarioko sailburuordeak, Bilbon, eta bihar, ostirala, kontratatzailearen profilean egongo direla adierazi du. Eusko Jaurlaritzak osasunean bultzatzen diharduen herritarren parte-hartzearen ereduaren baitan.
Uriarterekin batera, hainbat paziente-elkartetako ordezkariak izan dira aurkezpenean; horiek izan dira, hain zuzen, plegu horiek egiteko prozesuan benetako protagonistak. Eusko Jaurlaritzak osasunaren arloan bultzatzen duen herritarren partaidetzarako ereduaren baitan eta Euskadiko Osasun Itunean hartutako konpromisoekin bat etorriz parte hartu dute, lehen aldiz. Bertan izan dira Ane Martínez, Karmele Cabrera eta Belén Herrera (Alcer Bizkaia), Pedro Carrascal (Pazienteen Erakundeen Plataforma (POP)) eta Carolina Ramírez (AdELA Euskal Herria). Era berean, Osasuneko Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioaren zuzendari Inés Gallegok ere parte hartu du. «Beste urrats bat eman nahi izan dugu eta zerbitzuak pertsonentzat ez ezik, pertsonekin diseinatu nahi izan ditugu», adierazi du sailburuordeak.
Euskadiko kudeaketa publiko sanitarioan berria den prozesu honek, ikuspegi berritzailea du, humanizazioa txertatzen baitu, bai aurreko fasean, bai administrazio-izapidean bertan.
Pazienteen parte-hartzea une erabakigarrian kokatzean datza haren berezitasuna: pleguak idatzi aurretik ere, prestazio-ereduaren definizioan. Horrela, haien ekarpenak ez dira alderdi tekniko zehatzak hobetzera mugatzen, baizik eta kontratuaren funtsezko elementuetan eragin dezakete, hala nola irisgarritasunean, erantzun-denboretan, pazienteari emandako informazioan edo kalitate-adierazleetan.
Eredu horrek inflexio-puntu bat ezartzen du, eta Sailburuordetza honentzat mugarri garrantzitsu gisa finkatzen da. Sailburuordetza hori duela urtebete sortu zen, kudeaketa sanitarioan gobernantza berri bat bultzatzeko helburuarekin.
Lizitazio berri honen baterako kontratazioa 649,848 milioi eurokoa da lau urterako, eta bi zerbitzu handitan banatzen da. Alde batetik, premiazko garraio sanitarioa, aurreikusi ezin diren larrialdi- eta emergentzia-egoerei erantzuteko pentsatua, pazienteak lekualdatzean laguntza emateko prestatutako anbulantzia asistentzialekin, 372,41 milioi eurorekin hornitua. Bestetik, garraio sanitario ez-asistentziala, programatutako lekualdaketetara edo bidaian arreta medikorik behar ez duten pazienteen lekualdaketetara bideratua, 277,438 milioi euroko aurrekontuarekin.
Kontratuaren indarraldia, hasiera batean, 4 urtekoa izango da, eta beste 3 urtez luzatu ahal izango da, urtean behin. Kontratua 2027ko urtarrilaren 1ean indarrean sartzea aurreikusten da, kontratazio-legeak ezarritako izapideak amaitu ondoren.
Gainera, garraio sanitarioko dispositiboa Osakidetzako Larrialdietako anbulantzia-zerbitzuarekin osatzen da. Larrialdiak kudeatzeko zentroek koordinatutako premiazko arreta-sarean integratutako baliabide horrek berehalako erantzun espezializatua bermatzen du larritasun handieneko egoeretan, eta sistema osoaren estaldura indartzen du.
Kontratuak autonomia-erkidegoaren esparrukoak izango dira, baina hiru lurralde-lotetan banatuko dira –Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia– prestazioa hobeto antolatzeko, zerbitzua hobeto koordinatuta egoteko, arinago funtzionatzeko eta enpresen konkurrentzia errazteko, batez ere enpresa txiki eta ertainena. Esleipenean, proposamen ekonomikoaz gain, ibilgailuen ingurumen-sailkapena, hobekuntza materialak eta, kontratu ez-asistentzialaren kasuan, ibilgailu bereziak barne hartzen dituzten hobekuntzak baloratuko dira.
Osasun Sailak lizitazio horren aurrekontua kalkulatu du sektoreko hitzarmen kolektiboa, erregaiaren igoera, KPIa eta subrogatu beharreko plantillen benetako kostuak kontuan hartuta. Informazio hori pleguetan sartuko da, prozesuari gardentasuna emateko eta enpresek kontratuari lotutako betebeharrak aldez aurretik ezagutzea ahalbidetzeko.
«Aurrekaririk gabeko inbertsioa da, hiru lurraldeetan premiazko osasun-arreta eta pazienteen lekualdatze programatuak bermatzeko», adierazi du sailburuordeak, eta gaineratu du «lizitazio honek osasun-sistemaren erantzuteko gaitasuna indartzen du eta herritarrentzako funtsezko zerbitzua bermatzearen aldeko apustu garrantzitsua da».
Pazienteen parte-hartzea
Pazienteen elkarteek pleguak egiten parte hartzea izan da prozesu honetako elementu nabarmenetako bat, Eusko Jaurlaritzak osasunean bultzatzen diharduen herritarren parte-hartzearen ereduaren baitan. «Pazienteen elkarteek parte hartu dute plegu horiek egiteko prozesuan, eta haien proposamenak etorkizuneko zerbitzuaren parte dira», azaldu du Uriartek.
Zehazki, pazienteen parte-hartzeak lagundu du kasu honetan premiazkoa ez den garraio sanitarioa diseinatzen, erabiltzaileen esperientzia hobetzera bideratutako neurriak sartuta. Horien artean daude paziente zaurgarri jakin batzuentzako ibilbide espezifikoak (onkologikoak, ELA, dialisia…), profesionalentzako prestakuntza espezifikoa, informazio-sistemen hobekuntza, anbulantzien barruko mugikortasuna hobetzea, ibilgailu bakoitzeko pertsonen kopurua murriztea eta informazio materialak egokitzea, piktogramak barne.
Sailburuordeak adierazi duenez, «ekarpen horiei esker hobekuntza zehatzak sartzen dira kolektibo zaurgarrientzat eta zerbitzuaren erabileraren esperientzia orokorrarentzat». Horrela, Euskadik pazienteen eta herritarren benetako parte-hartze egituratu baterantz egiten du aurrera, osasun-zerbitzuen plangintzan eta hobekuntzan beren esperientzia aintzat hartzeko helburuarekin.
Lizitazioa, beraz, osasun-arloko kontratazio publikoaren ikuspegi zabalago batean kokatzen da, non erabiltzaileen eta haien elkarteen esperientzia kontuan hartzen den zerbitzua pazienteen benetako beharretara hobeto egokitzeko. Osasun Sailarentzat, ikuspegi hori lagungarria da asistentziaren kalitatea, gardentasuna eta osasun-sistema herritarrengana bideratzea indartzeko.
Plegu horiek egitea, gainera, Euskadiko Osasun Itunari lotutako lan-ildo zabalago baten barruan kokatzen da, pazienteen eta elkarteen parte-hartzea osasun-sistemaren eraldaketaren ardatzetako bat baita.
Gogoratu behar da Osasun Saila aurten hasiko dela Pazienteen Legearen Aurreproiektua izapidetzen, Euskadiko Osasun Itunaren garapen nagusietako bat, eta, beraz, izapidetzea abian jarri duen lehen autonomia-erkidegoa dela.
Etorkizuneko legeak bermatuko du pazienteen elkarteen parte-hartzea osasun-politiken diseinuan eta erabakiak hartzean, eta eredu egonkorrago eta egituratuago baterantz aurrera egitea ahalbidetuko du. Aurreikusitako neurrien artean daude araudia garatzea, Pazienteen Elkarteen Euskal Erregistroa sortzea, prestakuntza-programak eta parte hartzeko gune egonkorrak.





