Eusko Jaurlaritzak Etxebide eta alokairuko etxebizitza babestu publikoak esleitzeko irizpideak erreformatuko dituen tramitazioa hasi du

0
  • Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroa arautuko duen arau berriaren aurretiazko kontsulta egingo du. Arauak aurreikusten du etxebizitzen % 30 20.000 eta 46.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten errenta ertainentzat eta langileentzat gordetzea, eta zuzkidura-apartamentuen eredu berri bat finkatzea 36 urtetik beherako gazteentzat eta adineko pertsona autonomoentzat
  • Denis Itxasok nabarmendu duenez, “Euskadiko etxebizitzaren arazoari jada ezin zaio heldu muturreko kalteberatasun logika batetik soilik: merkatuak kanpoan utzi dituen errenta ertainei, familia langileei eta gazteei ere eragiten die”
  • Arloko sailburuak azpimarratu du, halaber, alokairuko etxebizitza publikoaren esparruan eskala-jauzia egiteko, Euskadik “tresna berri bat, doituagoa, arinagoa eta justuagoa” behar duela

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila ostegun honetan hasi da Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroa eta alokairuko etxebizitza babestu publikoak eta zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurak erreformatuko dituen arau berria izapidetzen.  Ekimena herritarrei aldez aurreko kontsulta egiteko fasean dago gaurtik, testu arautzailea idatzi aurretik ekarpenak jasotzeko aukera ematen duen izapidea izanik. Helburua da izena emateko, baremoak ezartzeko eta esleitzeko tresnak eguneratzea, Euskadiko egungo errealitateari hobeto erantzuteko, kalteberatasun larriko egoerak, etxebizitza eskuratzeko gero eta zailtasun handiagoak dituzten errenta ertainak, gazteak, familia langileak eta behar aldakorrak dituzten bizikidetza-unitateak baititugu gizartean.

Hedabideen aurrean egin duen agerraldian, Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendaren sailburuak azpimarratu duenez, dekretua izapidetzen hasteak “uste argi bati erantzuten dio: Euskadiko etxebizitzaren arazoari jada ezin zaio heldu muturreko kalteberatasun logika batetik soilik, nahiz eta horrek ekintza publikoaren lehentasun ukaezina izaten jarraitu”.  Sailburuak azaldu duenez, “gaur egun etxebizitza duin bat izateko zailtasunak diru-sarrerak, enplegua eta bizi-proiektua dituzten baina kanpoan jende gehiegi utzi duen merkatu batek blokeatuta dauden errenta ertainei, familia langileei eta gazteei ere eragiten die”.

Horregatik, Sailaren ustez, etxebizitza erosteko nahiz alokatzeko merkatuaren bilakaerak gero eta biztanleria-geruza zabalagoen irismenetik kanpora utzi du etxebizitza duin eta egoki bat eskuratzeko aukera. Ondorioz, egoera horrek etxebizitza babestua esleitzeko arauak egokitzea eskatzen du, sistemak lehentasunezko funtzio soziala mantendu dezan eta, aldi berean, bizitegi-premiaren forma berriei erantzuteko gai izan dadin.

Bere hitzaldian, Itxasok defendatu duenez, Etxebideren arau berria “koherentea da Sailetik egiten ari garen diagnostikoarekin: etxebizitza lehen mailako erronka soziala bihurtu da, baina hiri-, ekonomia-, belaunaldi- eta demokrazia-erronka bat ere bada”. Alde horretatik, adierazi duenez, “sistema publiko batek ez duenean eskariaren konplexutasun osoa aitortzen, berandu iristeko edo arazoaren zati batera bakarrik iristeko arriskua du. Eta gure erantzukizuna da tresna publikoak gaurko euskal gizartearen errealitatera egokitzea”.

Arau berriak ez du planteatzen diru-sarrera txikienak dituzten pertsonen eta familien babesa ordezkatzea, baizik eta sistemaren erantzuteko ahalmena handitzea. Horretarako, onartuko den dekretuak aurreikusten du kupo-sistema eta baremazioak egiteko irizpideak aldatzea, kalteberatasuna, erregistroan egotea, errotzea, bizi-proiektua eta etxebizitza bizikidetza-unitate bakoitzaren benetako beharretara egokitzea hobeto orekatzeko. “Dekretuak ez ditu beharrak aurrez aurre jarriko, erantzunak hobeto antolatuko ditu”, nabarmendu du sailburuak. “Kalteberatasun handieneko egoeran daudenak babesten jarraituko dugu, baina bidea zabaldu behar diegu, zentzu hertsian kalteberak izan gabe, merkatu librera jo ezin dutenei edo bizi-proiektu autonomoa eraiki ezin dutenei ere. Etxebizitza babestuak gizarte-kohesiorako palanka bat izan behar du, ez gainerako guztiak huts egiten duenerako hondar-baliabide bat”, esan du.

Etxebizitzen % 30 klase ertainentzat

Aurreikusitako neurri nagusien artean nabarmentzen da sustapen bakoitzeko etxebizitzen % 30 urtean, orokorrean, 20.000 eta 40.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten bizikidetza-unitateentzat gordeko duen azpikupo bat sortzea. Neurri horren bidez, etxebizitza babestua eskuratzen lagundu nahi zaie diru-sarrera erregularrak izan arren, egungo sisteman askotan kanpoan geratzen diren eta merkatu librean arrazoizko baldintzetan sartu ezin diren errenta ertainei eta langileei.

Itxasok azpikupo hori sortzea balioetsi du, “sisteman errealismoa eta justizia sartzen” dituela uste baitu.  “Jende askok bere betebeharrak betetzen ditu, bere nomina du, zergak ordaintzen ditu eta, hala eta guztiz ere, ezin du etxebizitza bat arrazoizko baldintzatan eskuratu. Politika publikoak gizartearen zati horri ere erantzuten ez badio, erakundeekiko konfiantzari eta aukera-berdintasunari eragiten dien hausturari hazten jarraitzen utziko diogu”, esan du.

Dekretuak belaunaldien arteko zuzkidura-apartamentuen eredu bat garatzeko eta finkatzeko aukera ere emango du. Eredu horrek emantzipazio-ibilbideei lotutako 36 urtetik beherako gazteentzako apartamentuak eta irtenbide irisgarriak, egokiak eta lagunduak behar dituzten adineko autonomoentzako bizitokiak konbinatuko ditu. Gazteen kasuan, lanbide arteko gutxieneko soldataren baliokideak diren gutxieneko diru-sarrerak eta 46.000 euroko gehieneko diru-sarrerak eskatzea aurreikusten da, aldi baterako egonaldiak bere funtzioa bete dezan: emantzipazioa erraztea, aurrezkia sortzea ahalbidetzea eta beste bizitoki-irtenbide baterako ondorengo trantsizioa erraztea.

Sailburuak aldeztu du belaunaldien arteko bizitokiak sustatzea “elkar osa dezaketen premia desberdinei erantzun adimenduna ematea” dela. Gazteen emantzipazioa eta zahartze autonomoa herri gisa ditugun bi erronka handi dira. Bizitoki-soluzio egokien, aldi baterakoen, irisgarrien eta lagunduen bidez lotzeak politika publikoan berritzeko eta komunitate mistoagoak, solidarioagoak eta biziagoak eraikitzeko aukera ematen digu”, adierazi du.

Adinekoei dagokienez, arau berriak planteatzen du 70 urtetik 65 urtera jaistea belaunaldien arteko zuzkidura-apartamentu jakin batzuk eskuratzeko gutxieneko adina. Gainera, pertsonak etxebizitza jabetzan duenean, etxebizitza hori Bizigune programari lagatzearekin lotu ahal izango da, modu horretan alokairu babestuaren eskaintza handitzen eta etxebizitza funtzio sozial baterantz mobilizatzen laguntzeko.

Aurreikusitako beste berrikuntzetako bat da lehendik jabetzan etxebizitza bat duten bizikidetza-unitateei etxebizitza babestua esleitu ahal izateko mekanismoa berreskuratzea, etxebizitza hori familiaren beharretara jada egokitzen ez denean. Kasu horietan, esleipena baldintzatuko du aurreko etxebizitza entregatu, transmititu, laga edo eskura jartzeak, familiaren tamainaren eta eskuragarri dagoen azaleraren artean gerora sortutako desegokitasun-egoerak saihesteko.

Antzinatasunari garrantzi handiagoa

Arau berriak hobekuntzak egingo ditu Etxebide erregistroaren beraren funtzionamenduan. Zehazki, aurreikusten da izen-ematearen antzinatasunari garrantzi handiagoa ematea, erregistroan egoteak balorazioa sortzen jarrai dezan gaur egun dauden mugetatik haratago. Era berean, alokairuaren eta erosketaren modalitateen arteko lehentasun-aldaketak antzinatasunagatik metatutako puntu guztiak automatikoki galtzea eragoztea ere planteatzen da, betiere pertsonak edo bizikidetza-unitateak modalitate berria gutxienez hiru urtez mantentzen badu.

Itxasoren arabera, dekretua “etxebizitzaren euskal politikaren etapa berri baten parte izango da”.  “Gobernu gisa eskala-jauzi bat emango dugu alokairuko etxebizitza publikoaren esparruan, eta, horretarako, tresna berri bat, doituagoa, arinagoa eta justuagoa, behar dugu.  Ez da nahikoa etxebizitza gehiago eraikitzea baldin eta izena emateko, baremazioak egiteko eta esleitzeko prozedurak ez badaude prest gaur egungo eskariaren bolumenari, aniztasunari eta premiari erantzuteko”, azaldu du.

Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren ustez, araudia eguneratzea beharrezkoa da esleipen-sistemaren eraginkortasuna, ekitatea eta legitimitate soziala hobetzeko. Etxebidek berme publikorako tresna izaten jarraitu behar du, baina baita tresna sentikorragoa, malguagoa eta Euskadiko etxebizitza-eskariaren egungo egoera konplexura egokitutakoa ere. Alde horretatik, Itxasok nabarmendu duenez, “Etxebidek bilakaera bat behar du, politika publikorako tresna zehatzagoa izateko”. Bere ustez, “erregistro moderno batek ezin du zerrenda bat antolatzera mugatu; beharrak hobeto identifikatzen, irizpide gardenekin lehentasunak ezartzen, iraunkortasuna eta errotzea aitortzen eta baliabide publikoak gizartean ahalik eta eraginik handiena izateko moduan esleitzen lagundu behar digu”.

Aldez aurreko kontsulta hamabost egun baliodunetan egongo da zabalik, iragarkia argitaratu eta hurrengo egunetik, hau da, ostiraletik, aurrera. Herritarrek oharrak, proposamenak edo alegazioak egin ahal izango dituzte prozeduran gaitutako kanalen, bai elektronikoen bai, hala badagokio, presentzialen, bidez.

Azkenik, Itxasok adierazi duenez, “Etxebideren arau berria beharrezko pieza da Eusko Jaurlaritzaren inbertsiorako eta araugintzarako ahaleginak ahalmen eraldatzaile handiagoa izan dezan”.  “Etxebizitza, gaur egun, askatasunaren baldintza materialetako bat da. Eskuratzeko moduko etxebizitzarik gabe ez dago emantzipaziorik, ez dago familia-egonkortasunik, ez dago errotzerik eta ez dago benetako aukera-berdintasunik. Horregatik, politika publiko anbiziotsuak behar ditugu, baina baita ondo diseinatutako tresnak ere, anbizio horrek herritarrentzat emaitza zehatzak ekar ditzan”, esan du amaitzeko.

Ekimen honekin, Eusko Jaurlaritzak aurrera egingo du alokairuko etxebizitza babestu publikoak Euskadiko gizarte-, hiri- eta belaunaldi-politikako funtsezko pieza gisa betetzen duen eginkizuna indartzera bideratutako arau berri batean.  Helburua argia da: etxebizitza publikoaren sistema hobeto iristea gehien behar dutenengana, sistemak merkatu libretik kanpora geratu direnei ere erantzutea eta hiri eta herri orekatuagoak, inklusiboagoak eta kohesionatuagoak eraikitzen laguntzea.