- Sailburuaren esanetan, legegintzaldiaren lehen erdian urteak zeramatzaten proiektuetan aurrera egin da, hala nola Bilboko metroaren 4. linean
Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburu Susana García Chuechak ostegun honetan adierazi duenez, bere Saila “erritmo onean” ari da urte luzez geldirik egon diren proiektuak bultzatzen eta martxan dauden azpiegitura eta zerbitzuak hobetzen. Aldiriko tren-zerbitzuari dagokionez —Eusko Jaurlaritzak 2025ean bere gain hartu zuen zerbitzu horren eskumena—, sailburuak Bizkaiko C3 linean jarri du arreta. Izan ere, hamarkadetan irisgarritasun-arazoak izan dituen linea horrek hobekuntza nabarmena izango du uda honetan bertan tren irisgarriak iristen hastearekin.
“Sailarentzat lehentasunezko helburua izan da gutxienez bagoi irisgarri bat duten trenak lortzea”, adierazi du Onda Vascan eskainitako elkarrizketan. Gainera, iragarri duenez, “hau udazkenean hasiko da gauzatzen”. “Abendurako genuen konpromisoa udazkenera aurreratzea lortu dugu Renferekin. Hitzartutakoaren arabera, 12 tren bidaliko dira: 11 Bizkaira eta beste bat Gipuzkoara”, azaldu du. Datozen asteetan 447 serieko trenak iritsiko dira mantentze-lanetarako tailerretara, erdiko bagoi irisgarria dutela; bagoi hori nasaren maila berean dago, eta horrek autonomia handiagoa ematen die erabiltzaileei eta zerbitzuaren kalitatea hobetzen laguntzen du. Horrez gain, “hirugarren errailaren obrek uda honetan Gipuzkoan eragingo duten etenaldia aprobetxatuta, Renferekin adostu dugu bagoi irisgarria duten tren horietako batzuk uda honetan bertan Bizkaira ekartzea, herritarrek trenetara modu egokian sartu ahal izan dezaten”.
Aldiriko sarearen gainerakoari dagokionez, sailburuak azaldu du azpiegituran egiten ari diren hobekuntzek “askotan eragina” dutela zerbitzuan. Hala ere, nabarmendu du azken urte eta erdian aurrerapauso garrantzitsuak eman direla, besteak beste, Arabako Lautako eta Karrantza eta Aranguren arteko aldiriko zerbitzuak martxan jarriz, baita Mugikortasun Jasangarriaren Sailak Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietarako sustatutako gaueko trenekin ere.
Legegintzaldiaren erdia
Legegintzaldiaren erdira iritsita, García Chuechak azpimarratu du azken bi urteetan urte luzez geldirik egon den proiektu batean aurrera egitea lortu dela: Bilboko metroaren 4. linean. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak “akordio bat negoziatu eta hitzarmen bat sinatzea” lortu du, eta aldi berean Euskal Trenbide Sarearen bidez beharrezko proiektuak bultzatu ditu, Rekalde eta Iralako herritarrekin hartutako konpromisoa betetzeko eta obrak 2027aren amaieran hasteko.
Era berean, beste proiektu batzuk ere “desblokeatu” direla gogorarazi du, hala nola Hegoaldeko Trenbide Saihesbidea. Azpiegitura horrek “merkantzien trenak» Ezkerraldetik aterako ditu eta “Bilboko Portuaren lehiakortasuna indartuko du”. Halaber, Bilboko metroaren 5. lineako obrak “oso erritmo onean”doazela nabarmendu du.
Urte erabakigarria Topoarentzat Gipuzkoan
Gipuzkoan, berriz, Topo berriaren abian jartzea nabarmendu du. Lehen urratsa hilaren 18an emango da; egun horretan jarriko da martxan Altza-Galtzaraborda tartea, Pasai Antxoko lurpeko geltoki berriarekin. Horri esker, Donostiako Altza auzoa lurraldearen ekialdearekin lotuko da, Pasai Antxoko hiri-eraberritzea bultzatuko da eta, gainera, “Pasaian eta Altzan metroaren pareko maiztasunak izango ditugu, zazpi minutu eta erdian behin”. “Gure Topoak Gipuzkoan Topoa izaten jarraituko du, baina XXI. mendera ekarriko dugu, jendeak garraio publikoa hartzera erlojua begiratu beharrik gabe joan ahal izan dezan”, adierazi du sailburuak.
Halaber, gogorarazi du udazkenean bigarren mugarri handia iritsiko dela Donostiako lurpeko pasantea martxan jartzearekin. Hiru lurpeko geltoki berri izango ditu, eta horrek zerbitzua hobetzeaz gain, Irun eta Hendaia aldera nahiz Gipuzkoako mendebaldeko kostaldera doazen zerbitzuak indartzeko aukera emango du.
Beste urrats bat Zabalganako tranbiarentzat
Azkenik, Gasteizen, Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak gogorarazi du hiriko proiektu nagusietako bat den Zabalganarako tranbiaren luzapena laster hasiko dela gauzatzen Aldaia adarreko obrekin.
Horrez gain, iragarri du gaur bertan bere Sailak, Euskal Trenbide Sarearen bitartez, Mariturri adarreko obra zibila lizitatzeko oniritzia eman duela. Obrak 21,1 milioi euroko aurrekontua izango du, eta bi kilometroko trazadura izango du.






