URAk eta Sopelako Udalak Urkoko ibarrean faunarentzako eta herritarren gozamenerako hezegune berri bat sortzea bultzatuko dute

0
  • Ingurumena lehengoratzeko lanek espazio degradatu bat biodibertsitateari mesede egingo dion aintzira natural bihurtuko dute

 

Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailari atxikitako URA-Uraren Euskal Agentziak eta Sopelako Udalak Urko ibarreko ingurumena lehengoratzeko eta paisaia egokitzeko lanei ekin diete. Jarduketa horri esker, hiri-hezegune berri bat sortu ahal izango da udalerrian, eta Gobela eta Lemotza ibaien artean dagoen espazio baten balio ekologikoa hobetuko da.

Esku-hartzea 10.000 metro koadro inguruko eremu batean egingo da, udal kiroldegiaren eta Ugeragako futbol-zelaiaren parean. Bertan, aintzira iraunkor handi bat sortuko da, askotariko sakonera, uharte eta faunarentzako babeslekuekin.

2023a geroztik URAk eta Sopelako Udalak elkarrekin landu duten proiektuak 3.000 metro koadro baino gehiagoko ur-xafla iraunkor bat sortzea aurreikusten du. Xafla hori askotariko sakonerekin diseinatu da: uretako hegaztientzat, anfibioentzat, narrastientzat eta hezeguneei lotutako intsektuentzat egokiak diren habitatak sortzeko. Gainera, faunarentzako atsedenerako uharte txikiak eta espezie askoren babesleku izango diren egitura naturalak prestatuko dira.

Obraren helburua da ingurunean dauden espezieen biodibertsitatea hazaraztea eta Sopelako hiri-bilbean integratutako natur-gune bat finkatzea: dela klima-aldaketara egokitzeko, dela herritarrei naturarekin harremanetan jartzeko espazio berriak eskaintzeko.

Gaur egun, sastrakak kentzeko eta lurrak prestatzeko hasierako lanak antolatzen ari dira. Lan horiek eskuz eta gaika egingo dira, faunari ahalik eta kalte gutxien eragiteko eta natura-elementu interesgarrienak babesteko.

Fase hori amaitutakoan, hainbat zundaketa egingo dira lurraren karakterizazioa osatzeko, eta, ondoren, lur-mugimenduak hasiko dira, aintzira berriari forma emateko. Aurreikuspenen arabera, lanak udako hilabeteetan luzatuko dira.

Proiektuak barne hartzen ditu, halaber, landare-espezie inbaditzaileak kentzea, baso atlantikoetako berezko tokiko landaredia lehengoratzea eta oinezkoentzako bide berri bat sortzea: ingurunera hurbildu eta berreskuratutako espazio horretaz gozatzeko aukera emateko. Aurreikusitako landaketek ibai-ibilguen eta Urkon dauden hezeguneen arteko jarraitutasun ekologikoa erraztuko dute.

Jarduera bereziki tokiko balio naturalak kontuan hartuta diseinatu da. Egindako azterlanen arabera, kontserbaziorako interesgarriak diren hainbat espezie daude, eta hezeguneei lotutako intsektu, hegazti eta fauna ugari. Hori dela eta, obrek balio horiek babesteko neurri espezifikoak hartzen dituzte.