Euskadiko telelaguntzarako zerbitzu publikoa, betiON, ahots bidezko mezu sistema berria erabiltzen hasi da

0

• Ahots-mezuek ohiz kanpoko egoeren berri ematen dute, hala nola bero-bolada bat, sute bat edo etxetik gertuko isuri toxiko bat

• BetiON zerbitzuak 89.636 erabiltzaile ditu gaur egun Euskadi osoan, eta urtea amaitu aurretik 90 mila baino gehiago izango ditu

• Tenperatura oso handiko egunetan, betiON arreta-zentrotik gomendioak ematen dira, Euskadiko Bero Planean oinarrituta, modu pertsonalizatuan

Euskadiko Telelaguntza Zerbitzu Publikoak, betiONek, proba pilotu bat egin du azken hilabetean. Proba honen bitartez erabiltzaileei ohiz kanpoko mezuak bidali izan zaizkie ez-ohiko egoeren berri eman ahal izateko hala nola bero-bolada bat, sute bat edo etxetik gertu izandako isuri toxiko bat adierazteko. Adinekoei zuzendutako informazio kanpainen berri emateko ere balio dute, hala nola gripearen aurkako txertaketarena.

Proba pilotua arrakastaz egin da Araban bizi diren erabiltzaileen etxeetako terminal digital guztietan (kopuru osoaren ia %60, 6.000 erabiltzaile baino gehiago). Irungo, Hondarribiko eta Trapagarango erabiltzaileekin proba errepikatu da, eta emaitza positibo bera lortu da.

Zehazki, betiON arreta-zentrotik erabiltzailearen etxean dagoen ohiko gailura mezu bat bidaltzen da. Behin bidalita, gailuak berehala emango dio ahots-abisua erabiltzaileari, eta mezu bat duela adieraziko dio. Pertsonak gailuaren botoi horia sakatzen duenean eta mezua entzuten duenean, betiONeko arreta-zentrotik automatikoki egiaztatuko da entzute hori.

Ahots-mezu berri horiek betiON taldeko 200 langilek baino gehiagok erabiltzaileei egiten dizkieten ohiko deietatik harago egiten dira. «Egiten ditugun dei guztien osagarri dira; erabiltzaileari laguntzeko, abisatzeko eta informatzeko apustu gehigarria da. Bidaltzen hasi garen mezu berriek ez dute ohiko deien kopurua murrizten, ezta horien maiztasuna ere, betiON zerbitzuaren hobekuntza argia isladatzen dute. Digitalizazioak komunitatearen ongizatea sortzen ere lagun dezakeela erakusten du honek» adierazi du Nerea Melgosa sailburuak.

Orduko 500 ahots-mezu bidaltzen dira. Maiztasun horrek mezuek sortzen duten errebote-efektuari erantzuteko aukera ematen du; izan ere, ahots-mezua jasotzen eta entzuten duten pertsonen % 10ek dominaren botoia sakatzen du betiONi deitzeko eta mezuan jasotako informazioak iradoki dion zalantzaren bati buruz galdetzeko. «Erabiltzaileen dei horiei erantzutea jasotako informazioa egiaztatzeko eta egunerokoari buruz hitz egiteko modu bat da. Sistema horrek arrisku-egoerak modu zuzenagoan eta berehalakoagoan prebenitzen lagunduko digu. Herritarrek oso ondo baloratu izan dute, eta etxean ez dute arrotzat edo deserosotzat hartzen», adierazi du Iñigo Mijangos BetiON zerbitzuko arduradunak.

Dei-kopurua eta erabiltzaileen profila

Gaur egun, 15 urtez martxan egon ondoren, betiON zerbitzuak 89.636 erabiltzaile ditu: Araban 11.509 ( % 12), Bizkaian 46.662 ( % 53) eta Gipuzkoan 31.465 ( % 35). Horietatik 66.426 ( % 74) emakumeak dira eta 23.210 ( % 26) gizonak, eta erabiltzailearen batez besteko profila bakarrik bizi den 83 urtetik gorako emakume batena da.

betiON zerbitzuaren erabiltzaile izateko, 75 urtetik gorakoa izan behar da, eta zerbitzuaren hartzaile gehienak 75 eta 100 urte bitartekoak dira. Zerbitzua erabiltzen duten 394 pertsonak 100 urte edo gehiago dituzte. Horietatik 338 emakumeak dira eta 56 gizonak. Erabiltzailerik nagusienak 108 urte ditu eta Gasteizen bizi da. 100 urtetik gorako erabiltzaile nagusienen artean, Bilbon, Lekeition eta Erandion bizi direnak ere badaude.

betiON arretarako zentrotik 120 mila dei baino gehiago egiten dira hilean. Euskadiko Telelaguntza Publikoko Zerbitzua pertsonalizatua da, eta ez zaie pertsona guztiei berdin deitzen, erabiltzaile bakoitzaren beharren araberakoa izaten da eta deiak maiztasun eta eduki desberdinekin egiten dira. Erabiltzaileek arreta-zentroan jasotzen dituzten deiak hilean 50 mila inguru dira.

Bero-boladak eta oporrak

Tenperatura oso altuak dituzten egunen bezperan, betiON enpresako langileek aparteko bero-egoerei nola aurre egin aholkatzen diete erabiltzaileei. Gomendioak Euskadiko Bero Planetik abiatuta luzatzen dira eta alerta motaren edo eremu geografikoaren arabera moldatzen dira. Eskaintzen diren aholkuen adibide batzuk:

– Egunaren erdiko orduetan eguzkitan ez egotea.

– Arropa arina eta transpiragarria janztea.

– Bero handieneko orduetan leihoak eta pertsianak itxita edukitzea.

– Ura eta likidoak maiz edatea, egarri izan arte itxaron gabe.

– Etxebizitza fresko mantentzea ezinezkoa bada, egunean 2 eta 3 ordu bitartean igarotzea leku klimatizatuetan, hala nola eraikin publikoetan.

Euskadiko Bero Planaren jarraibideetan oinarritutako prebentzio-aholkuak generikoak dira, eta, beraz, erabiltzailearen egoeraren arabera pertsonalizatzen dira (likidoak bere kabuz edan ezin dituen jendea, kalera irten ezin duen jendea, edo etxean sukaldatzerik ez duena). «Beroaren eraginez erabiltzailearen egoeran anomalia bat dagoela igartzen denean, kasua osasun-profesionalen taldeari bideratzen zaio berehala. Hurrengo egunean, betiON arreta-zentrotik jarraipen-dei bat egiten da, erabiltzailearen osasun-egoerari buruzko informazioa eguneratzeko. Dei horietan, dei arruntetan bezala, higadura kognitiboren bat dagoen, nahi ez den bakardadea dagoen edo etxebizitzaren baldintza fisikoek bizimodu osasungarria zailtzen duten aztertzen da. Beharrezkoa izanez gero, etxera bisita egiten da.

Udan, oporretara doazen erabiltzaileek arreta-zentrora deitu ohi dute eta horrela betiONeko zentraletik erregistroa eta kontrol eguneratua bermatzen dira. «Erabiltzaileak oso arduratsuak izaten dira, oso leial jokatzen dute eta herrira edo oporretara joan aurretik dominarekin abisatzen dute, eta itzultzean ere bai. Beraiek jakinarazten dute, eta neurri txikiagoan haien senideek» zehaztu du Mijangosek. Etorkizunari begira, Eusko Jaurlaritza telelaguntza-zerbitzua (gailu mugikorren bidez) Euskadin kokatuta dauden udaldiko etxeetan txertatzea aztertzen ari da. Ildo beretik, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailak proiektu pilotu bat egin du Euskadiko eremu geografiko batean, eta horren datu gehiago emango dira hil honen amaieran.