- Euskadi Urdinak itsasoari eta itsasertzari lotutako Eusko Jaurlaritzaren jarduketa nagusiak biltzen ditu, enplegua, berrikuntza, lehiakortasuna eta lurralde-kohesioa bultzatzeko
- Ekimena lau jarduketa-esparru nagusitan oinarritzen da: itsasoko eta arrantzako sektorearen belaunaldi-erreleboa, ekintzailetza eta berrikuntza urdina sustatzea, portuak eta itsasertza modernizatzea eta aisialdiko nautikaren garapena
- Imanol Pradales: “Euskadi Urdina anbizio handi batekin sortu da: etorkizun-ikuspegi beraren pean integratzea Euskadik itsasoaren inguruan dituen gaitasun guztiak. Dibertsifikazioaren, belaunaldi-erreleboaren eta talentuaren aldeko apustua eginez”
Eusko Jaurlaritzak Euskadi Urdina aurkeztu du gaur Ondarroan. Ekimena Imanol Pradalesen Gobernua ekonomia urdina sendotzeko eta Euskadiren garapen ekonomikoaren, enpleguaren, berrikuntzaren eta ongizatearen iturri gisa itsasoak duen ahalmen osoa aprobetxatzeko bultzatzen ari den jarduera nagusiak biltzen dituen apustua da.
Euskadi Urdina erakundeen, enpresen, ezagutza-zentroen eta sektoreko eragileen arteko lankidetza indartzeko asmoarekin sortu da, itsasoari lotutako jarduera tradizionalak indartzea eta berrikuntzari, teknologiari, eta ekintzailetzari lotutako aukera ekonomiko berriak sustatzea uztartuko dituen hazkunde jasangarriko eredu bat sendotzeko.
Ekimenak sei jarduera-ildo, hamazazpi lan-esparru eta berrogei ekimen biltzen ditu, ekonomia urdinari lotutako politika publikoei jarraipena eta koherentzia emateko.
Bere hitzaldian, Imanol Pradales Lehendakariak herri gisa eta ongizatean hazten jarraitzeko estrategia berria balioetsi nahi izan du. “Hainbeste eman digun itsaso hori egungo eta etorkizuneko belaunaldientzat bizitzaren eta oparotasunaren eragile izaten jarraitzea nahi dugu. Ekonomia urdina egungo eta etorkizuneko esparrua da, eta Europan erreferente izan nahi dugu esparru horretan”, nabarmen du.
Testuinguru horretan, Lehendakariak adierazi duenez, “Euskadi Urdina anbizio handi batekin sortu da: etorkizun-ikuspegi beraren pean integratzea Euskadik itsasoaren inguruan dituen gaitasun guztiak. Dibertsifikazioaren, belaunaldi-erreleboaren eta talentuaren aldeko apustua eginez. Europaren eta Ozeanoen aldeko itunaren eskutik egingo dugu, itun horrek ekonomia urdina funtsezko sektore gisa ezartzen baitu elikadura subiranotasunerako, deskarbonizaziorako edo biodibertsitatea babesteko”.
Era berean, Pradalesek ohartarazi du Bruselak eta Madrilek laguntza irmoagoa eman behar dutela “arrantza-industria gure herrialdeko benetako sektore estrategiko, elikagai-ekoizle eta garapen-eragile gisa kokatzeko”.
Bestalde, Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak adierazi duenez, “Euskadi Urdina itsasora begiratzeko modu berri bat da: belaunaldiz belaunaldi gure nortasunaren parte diren sektoreak indartzea eta, aldi berean, berrikuntzari, ezagutzari eta enpleguari lotutako aukera berriak irekitzea. Ekonomia urdinak aberastasuna sortzen, gazteentzat aukerak sortzen eta gure itsasertzaren garapen orekatua indartzen laguntzea nahi dugu, eta beti sektore osoarekin lankidetzan”.
Belaunaldi-erreleboa bermatzea sektorearen etorkizuna ziurtatzeko
Belaunaldi-erreleboa bermatzea da Euskadiko ekonomia urdinaren erronka nagusietako bat. Horregatik, Euskadi Urdinak programa integral bat jasotzen du itsasoko eta arrantzako sektorean belaunaldi berriak sartzea errazteko eta ekonomiaren, gizartearen eta kulturaren ikuspegitik estrategikoa den jardueraren jarraipena ziurtatzeko.
Programak sektorean sartzeko ibilbide osoa hartzen duten jarduerak biltzen ditu. Gazteen bokazioak pizteko ekimenetatik hasita, hala nola sentsibilizazio-kanpainak edo hezkuntza-programak, prestakuntza-eskaintza eguneratzea eta, talentu urdinerako erreferentzia-zentro gisa, Euskadi Blue Skills Hub sortzea ere barne direla. Lehendik dauden programak, adibidez Itsasoratu, indartuko dira, sektorean sartzen diren pertsonei gehiago lagunduz, iraupen luzeagoko ibilbideen eta mentoretza-programen bidez.
Horrekin batera, Eusko Jaurlaritzak tresna berriak sustatuko ditu lanbidean sartzea errazteko, hala nola arrantzako aktiboak eskualdatzeko bitartekaritza-bulego bat, errelebo-egoeran dauden lizentzien eta ontzien katalogo bat, kuota-banku bat, finantza-tresna berriak eta programa espezifikoak armadore eta tripulatzaile gazteak sartzea errazteko, sektorean sartzeko oztopoak murriztuz eta Euskadiko aktibo estrategikoen errotzea erraztuz.
Blue Impact Hub sare bat berrikuntza eta ekintzailetza urdina sustatzeko
Euskadi Urdinak Euskadi itsasoarekin lotutako berrikuntzan eta ekintzailetzan erreferente izatearen aldeko apustua ere egiten du, Blue Impact Hub sare integratu bat sortuz, enpresa berrien garapena bizkortzeko eta ekonomia urdinaren dibertsifikazioan laguntzeko.
Hub horiek eskainiko dituzte elkarlanerako eremuak, laborategiak, prototipatzeko guneak, mentoretza-programak, finantzaziorako sarbidea eta nazioarteko sareekiko konexioa, startupak, finkatutako enpresak, unibertsitateak, zentro teknologikoak eta erakundeak harremanetan jarriz. Helburua da itsasoko bioteknologiarekin, akuikulturarekin, urpeko robotikarekin, digitalizazioarekin eta material berriekin lotutako proiektuak bizkortzea, ezagutza ekoizpen-sarera transferitzea indartuz.
Lehenengo nodoak Pasaian eta Ondarroan hasiko dira garatzen 2026an, portuetan zaharberritu eta balioetsitako eraikin berriak aprobetxatuz, berrikuntzarekin eta ekintzailetzarekin lotutako erabilera berriak emateko. Ondoren, sarea Bermeora, Plentziara eta Getxora hedatuko da, Euskadiko itsasertzean barrena berrikuntza urdineko korridore bat eratuz.
Portu seguruagoak, modernoagoak eta etorkizuneko erronketarako prestatuagoak
Portuetako azpiegiturak hobetzea eta itsasertzaren kontserbazioa da Euskadi Urdinaren beste zutabe nagusietako bat. Helburua da portu seguruagoak, erresilienteagoak eta jasangarriagoak, klima-aldaketaren eraginei aurre egiteko, sektore tradizionalen beharrei erantzuteko eta ekonomia urdinarekin lotutako jarduera berriak hartzeko hobeto prestatutakoak, izatea.
Helburu horrekin, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko portuetan inbertsioak egiteko programa zabal bat bultzatzen jarraituko du. Jarduketa nagusien artean, nabarmentzekoak dira Mutrikuko babes-dikea sendotzea, Ondarroako dikea indartzea, Getariako eta Orioko arrantza-kaiak konpontzea, Elantxobeko portuko lehorreko azalera handitzea edo Donostiako portuko erdiko kaia birgaitzea. Jarduketa horiek, guztira 27 milioi euroko inbertsioa eskatuko dute, portu-azpiegituren segurtasuna, eraginkortasuna eta lehiakortasuna hobetzeko.
Jarduketa horiez gain, Gipuzkoako eta Bizkaiko portuetan dragatze-lan berriak egingo dira, portuetako eraikinak zaharberritu eta egokituko dira erabilera ekonomiko berriak hartzeko, oinarrizko zerbitzuak hobetuko dira eta itsasertza kontserbatzeko eta berreskuratzeko hainbat jarduera egingo dira. Era berean, Eusko Jaurlaritzak itsasertza eta itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoa kudeatzeko esparru juridiko berria garatzen jarraituko du, eskumen horiek bereganatu ondoren, kudeaketa arinagoa, gertukoa eta Euskadiren beharretara egokitua indartuz.
Kirol-nautika eta aisialdikoa, itsasertza dinamizatzeko aukera
Euskadi Urdinak aisialdiko nautika sustatzearen aldeko apustu irmoa ere egiten du, aukera ekonomiko berriak sortzeko, portuen eta hirien arteko lotura indartzeko eta Euskadiko itsasertz osoa dinamizatzen laguntzeko ahalmena duen jarduera gisa.
Esparru horretan, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Aisialdiko Nautikaren I. Plan Zuzentzailea egingo du, eta bertan zehaztuko da sektorearen datozen urteetarako bide-orria. Dokumentuak jarduera horren garapena antolatzen lagunduko du ikuspegi integral batekin, lurraldearen beharrak identifikatuz eta inplikatutako eragileen eta administrazioen jarduketa koordinatuz.
Aurreikusten diren jarduketen artean daude amarrelekuen agindu berria, plaza berrien deialdia hainbat portutan, ontzientzako gune berriak sortzea, lehorreko ontzi gunea bezalako ereduak sustatzea, aisialdiko instalazio nautikoen kudeaketa digitalizatzea eta euskal kostaldeko portuetan kirol nautikoen hastapenak, ikaskuntza eta praktika sustatzeko laguntza-lerro berriak. Hori guztia lagungarria izango da herritarrentzat eta Euskadi helmuga nautiko gisa aukeratzen dutenentzat eredu irisgarriagoa, modernoagoa eta erakargarriagoa finkatzeko.
Ikuspegi partekatua etorkizuneko Euskadirako
Euskadi Urdinak irudikatzen du Eusko Jaurlaritzak itsasoa politika publikoaren, tradizioa eta berrikuntza, itsasertzaren babesa eta garapen ekonomikoa, sektore historikoak indartzea eta datozen belaunaldientzat aukera berriak sortzea uztartzen dituen politikaren, erdigunean kokatzeko duen borondatea.
Gaur aurkeztutako ekimenak dagoeneko abian dagoen lan baten parte dira, eta datozen urteetan garatzen jarraituko dira erakundeen, arrantza-sektorearen, enpresen, zentro teknologikoen, unibertsitateen eta gizarte-eragileen eskutik. Helburu partekatua da ekonomia urdin berritzaileagoa, lehiakorragoa eta jasangarriagoa, kalitatezko enplegua sortzeko, talentua erakartzeko eta euskal kostalde osoaren garapen orekatua indartzeko gai izango dena, finkatzea.
Euskadi Urdinarekin, Eusko Jaurlaritzak berresten du itsasoa Euskadiren identitatearen parte gisa ez ezik, etorkizuna berrikuntza eta enplegu gehiagorekin eta euskal gizarte osoarentzat ongizate handiagoarekin eraikitzeko aukera gisa ere ikusten duen hazkunde-eredu batekin hartuta duen konpromisoa.






