- Pérez Iglesias sailburuak «Bi ilunabarreko eguna» erakusketa ibiltaria bisitatu du Gatz Haranean, eta aukera baliatu du herritarrei Eusko Jaurlaritzak eklipsea segurtasunez behatzeko emandako gomendio nagusiak helarazteko.
- Eusko Jaurlaritzak dokumentu bat bidali die EAEko udal guztiei, eklipsea behatzeko prebentzio-gomendio eta segurtasun-jarraibide nagusiak jasotzen dituena.
- Ezagutza zientifikoa espazio publikora hurbiltzea helburu duen erakusketa ibiltaria Euskadiko bederatzi udalerritan izan da, eta uztailaren 17ra arte egongo da ikusgai Gesaltza Añanan.
Abuztuaren 12an izango den eguzki-eklipse osoa dela eta, Eusko Jaurlaritzak herritarrei fenomenoaz dauden lekutik gozatzea gomendatu die, eta behaketa osoan zehar eklipse-betaurreko homologatuak erabiltzea ezinbestekoa dela gogorarazi du. Helburua da behaketa segurua bermatzea, osasunerako arriskuak saihestea eta euskal errepide-sarean aurreikusten den mugikortasun handiko egun batean beharrezkoak ez diren joan-etorriak murriztea.
Mezu hori helarazi du gaur Juan Ignacio Pérez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak, uztailaren 17ra arte Gesaltza Añanako Gatz Haranean ikusgai dagoen «Bi ilunabarreko eguna» erakusketa ibiltaria bisitatu duenean. Bisitan izan dira, halaber, Juan Carlos Medina Martínez Gesaltza Añanako alkatea, Pablo de Oraá Gatz Harana Fundazioko gerentea eta Virginia García Aranzadi Zientzia Elkarteko Astronomia taldeko kidea.
Eusko Jaurlaritzaren lehen gomendioa, eta garrantzitsuena, uneoro eklipse-betaurreko homologatuak erabiltzea da. Eguzkira zuzenean begiratzeak, Ilargiak ia erabat estali duenean ere, lesio larriak eta itzulezinak eragin ditzake erretinan, inolako minik nabaritu ez arren.
Era berean, eklipsea gauden lekutik bertatik ikustea gomendatzen da, dela gure bizilekutik, dela oporrak igarotzen ari garen tokitik. Beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihestea eta behaketa aldez aurretik planifikatzea gomendatzen da, mendebalderantz ikuspen ona duen eta oztoporik ez duen puntu hurbil bat aukeratuz.
Osasun publikoa babesteko, segurtasuna bermatzen laguntzeko eta herritarrei informazio fidagarria eskaintzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko udal guztiei bidali die eklipsea modu seguruan behatzeko prebentzio-gomendio eta segurtasun-jarraibide nagusiak biltzen dituen dokumentua.
Gainera, uztailaren amaieran herritar guztiei zuzendutako informazio-kanpaina bat jarriko du abian gomendio horiek zabaltzeko.
Zientzia espazio publikoan
«Bi ilunabarreko eguna» erakusketa Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak ezagutza zientifikoa espazio publikora hurbiltzeko sustatutako ekimen baten parte da. Ilustrazio zientifikoen eta publiko guztientzat eskuragarri dauden edukien bidez, eguzki-eklipse oso batean zer gertatzen den azaltzen du, nola behatu behar den modu seguruan eta zergatik izango den datorren abuztuaren 12ko eklipsea gertaera historikoa Euskadirentzat.
Proiektuak Jakindari, Kultura Zientifikoaren aldeko Aliantzaren lankidetza izan du, eta aliantzako kide diren DIPCk eta Aranzadi Zientzia Elkarteak dibulgazio-edukiak garatzen lagundu dute.
Gesaltza Añanara iritsi aurretik, erakusketak Euskadiko bederatzi udalerri zeharkatu ditu: lau Gipuzkoan, lau Bizkaian eta Gasteizen. Gatz Haraneko egonaldia amaitutakoan, Gaubean, Lapuebla de Labarcan eta Guardian ere izango da, Arabako lurraldean barrena egingo duen ibilbidea osatuz.
Eklipsearen inguruko informazio guztia, dibulgazio-edukiak, jardueren agenda eta hainbat baliabide didaktiko, eklipsea.euskadi.eus webgunean daude eskuragarri.






