- Deialdiak Euskal Autonomia Erkidegoko abeltzaintzako ustiategietan animalien ongizatearen estandarrak betetzen direla egiaztatzen duten ziurtagiriak lortzeko beharrezkoak diren gastuak lagunduko ditu.
- Laguntzek abeltzaintza-sektorearen lehiakortasuna indartzen, haren ekoizpenei balio erantsia ematen eta animalien ongizatearen estandar handien arabera ekoitzitako produktuen gero eta eskari handiagoari erantzuten lagunduko dute.
Eusko Jaurlaritzak animalien ongizatearen ziurtagiriak lortzeko 2026ko laguntza-deialdia onartu du. Horren bidez, Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Sailak Euskadiko abeltzaintzako ustiategietan animalien ongizatearen arloko jardunbide egokiak egiaztatzen dituzten ziurtapen-sistemak ezartzea sustatu nahi du.
Ekimen honen bidez, ziurtagiri horiek lortzeko prozesuari lotutako gastuak diruz lagundu ahal izango dira; besteak beste, autokontrol-sistemak ezartzea, arduradunen prestakuntza, beharrezko prozedurak prestatzea eta barne-auditoriak egitea, betiere jarduketak Euskal Autonomia Erkidegoko ustiategietan egiten badira eta animalien ongizatea animalien beraren ebaluazioan oinarritutako ziurtagiria lortzera bideratuta badaude.
Deialdi honen bidez, Eusko Jaurlaritzak etengabeko hobekuntzan, kalitate bereizian eta jasangarritasunean oinarritutako abeltzaintza-ereduaren aldeko apustua indartu du. Horrela, ustiategiek animalien ongizatearen estandar handiak betetzen dituztela modu objektiboan egiaztatu ahal izango dute; izan ere, gizarteak eta merkatuek gero eta gehiago baloratzen dute alderdi hori.
Laguntza hauek eskuratu ahal izango dituzte deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituzten eta beren jarduera Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen duten pertsona fisiko eta juridikoek. Horretarako, dagokion ziurtagiria lortzeko beharrezko ekintzen plan xehatua aurkeztu beharko dute.
Eskabideak hilabeteko epean aurkeztu ahal izango dira, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Laguntza-lerro hau Sailaren estrategiaren barruan kokatzen da, gero eta lehiakorragoa, jasangarriagoa eta kontsumitzaileen nahiz merkatuen eskaerekin lerrokatuagoa den abeltzaintza-ekoizpena bultzatzeko. Horretarako, animalien ongizatea bermatzen duten ekoizpen-sistemak sustatuko dira, eta Euskadiko abeltzaintza-sektorearen aitortza indartzen lagunduko da.






