- Deialdiak bi finantzaketa lerro ditu, eta Euskadiko emakume enpresaburuen eta zuzendarien elkarte sarea indartzeko ekimenak babestuko ditu, bai eta erabaki eremuetan emakumeen talentua ikusaraztea sustatzeko ekimenak ere
Gobernu Kontseiluak, Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak proposatuta, 175.000 euroko dirulaguntza ematea onartu du astearte honetan, emakumeen ekintzailetzaren eta enpresetako eta erakundeetako zuzendaritza organoetan emakumeen talentua txertatzearen alde lan egiten duten irabazi asmorik gabeko elkarte eta erakundeei zuzenduta.
Laguntza horien seigarren deialdiak bi ildo ditu. Lehenengoa, 150.000 eurokoa, erakunde onuradun guztientzat da, eta irizpide hauek baloratzen ditu: lurralde errotzea, sareko lana, aginduaren xedearekin lotuta 2025ean egindako eta 2026rako aurreikusitako jardueren kopurua, eta kanpoko finantza kontrolaren mende egotea. Bigarren lerroa, 25.000 eurokoa, tamaina txikiagoko eta/edo finantza nahikotasun txikiagoko emakume elkarteentzat baino ez da, haien hazkunderako pizgarri gisa.
Dirulaguntza horiek jaso ahal izango dituzte deialdia argitaratu baino gutxienez bi urte lehenago legez eratuta dauden erakundeek eta erakunde onuradunen mantentzera eta funtzionamendura, haien sendotzera eta garapenera, emakumeen ekintzailetza sustatzera, enpresa zuzendaritzan eta zuzendaritza postuetan emakumeak sartzera, emakume enpresaburu eta zuzendarien elkartegintza garatzera, eta erabaki eremuetan emakumezko enpresaburu, zuzendari eta profesionalen ikusgarritasuna bultzatzera bideratutako jarduera eta zerbitzuek.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, Euskadiko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoaren bidez.
2025eko deialdian, sei erakunde izan ziren onuradun: Bizkaiko Emakumezko Enpresari eta Zuzendarien Elkartea (AED), Arabako Emakume Profesional Enpresarien Elkartea (AMPEA), Gipuzkoako Emakume Profesional, Enpresari eta Zuzendarien Elkartea (ASPEGI), Emakumearen Garapen Profesionalerako Elkartea (PWN Bilbao), Emakumeen Ekintzailetza Sustatzeko eta Garatzeko Elkartea (Emakumeekin) eta Emakume Migratu Ekintzaileak ekintzailetzan genero berdintasuna lortzeko elkartea.






