Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadori elkarrizketa egin diote gaur Onda Vasca irratian, turismoaren datuei, merkataritzaren erronkei eta Kontsumobidek kontsumitzaileen alde egiten duen lanari buruz hitz egiteko.
Sailburuak azpimarratu duenez, turismoaren datuak positiboak dira lurralderako. “Desestazionalizazioaren aldeko apustua egin dugu, eta emaitzak ikusten ari gara: urtarriletik maiatzerako hilabeteetan, sarrerak % 1,2 igo dira joan den urtearekin alderatuta, eta nazioarteko turismoak gorakada handia izan du”.
Datu positibo horiek gorabehera, sailburuaren ustez “ez gaude lasterketa inkrementalista batean sartuta; garrantzitsuena ez da zenbat hazten ari garen, nola hazten ari garen baizik. Eta modu desestazionalizatu eta orekatu batean hazten ari gara. Eta hori da kalitatezko turismoa, sektoreak zerbitzuarekin, jasangarritasunarekin eta profesionaltasunarekin duen konpromisoa. Eta hori, Euskadin, Turismoaren Kode Etikoan islatzen da. Euskadiko 800 enpresak baino gehiagok erabaki dute atxikitzea, eta atxikimendua sinadura bat baino gehiago da. Prestakuntza, auditoria eta gainbegiratzea eskatzen du. Eta enpresak prest daude lan eta ahalegin hori beren gain hartzeko, benetan uste baitute kalitatezko helmuga bat eskaintzeko ezinbestekoak direla kalitatezko zerbitzuak eta enpleguak. Horren alde lan egiten dugu turismoan Euskadin”.
Sailburuak nabarmendu duenez, “turismoa gobernatzea beste alde batera ez begiratzea da. Desarautzearen aldeko apustua egiten duten ereduen aurrean, turismo arautuaren aldeko apustua egiten dugu, gure eredua turismo jasangarri gisa finkatzeko. Politika turistikoen abangoardian gaude, eta horretan jarraitu behar dugu lanean. Ildo horretan, hiru tresna lantzen ari gara: turismoaren legearen aurreproiektu berri bat, turismo-egonaldien gaineko zerga eta turismo jasangarriaren aldeko ituna, hiru foru-aldundiekin sinatu genuena”.
Turismo-erabilerako etxebizitzei dagokienez, sailburuaren ustez “Euskadi egoera positibo batean dago. Etxebizitza turistikoak % 0,4 dira, eta gainerako autonomia-erkidegoetan, berriz, % 1,3, batez beste. Nolanahi ere, etxebizitza turistikoak arautzeko eta kontrolatzeko lanean jarraitzen dugu, kontrolaren eta ikuskapenaren bidez, eremu tentsionatu izendatu diren udalerrietan etxebizitza turistikoak irekitzea debekatu da, eta egungo turismoaren legearen garapenean erregistroko inskripzioa bost urtean behin berritzeko betebeharra sartu dugu, araudia betetzen dutela ziurtatzeko. Azken finean, etxebizitza turistikoak arautzen jarraitzeko politika eraginkorrak gauzatzen ari gara”.
Sailburuak helarazi duenez, “Euskadin ez dugu masifikazio turistikoaren arazorik, une jakin batzuetan masifikazio-pertzepzioa badago ere. Kontuan izan behar dugu pertzepzio hori, neurri handian, ez duela turismoak eragiten, txangozaleek baizik. Eta, askotan, euskaldunak gara txangozale horiek. Baina horrek ez du esan nahi ezer egin behar ez dugunik, eta gure politikak garatzen ari gara turismo jasangarri eta orekatu bat bermatzeko. Horregatik, desestazionalizazioaren eta fluxuen mugimenduaren alde lan egiten ari gara, bisitatzen gaituztenak denboraldian zein espazioan banatuz gero inpaktu ekonomiko bera lortzen dugulako, baina banaketa bidezkoago batekin eta inpaktu horren pertzepzio hobearekin.
Merkataritzari dagokionez, “establezimenduak eta merkataritza-laguntzako guneak modernizatzeko laguntzak indartzen ari gara, ekintzailetza edo belaunaldiarteko erreleboa sustatzera bideratutako politikak gauzatzen jarraitu behar bada ere. Gainera, merkataritza-jardueraren lege berri bat lantzen ari gara. Izan ere, egungo legea oso aspaldikoa da, 1994koa, eta erronka berrietara egokitu behar da, hala nola omnikanalitatera, online merkataritzara, digitalizaziora, araudi berrietara eta abar. Alderdi asko eguneratu behar ditugu. Adibidez: merkataritza elektronikoari lotutako guztia, salmenta automatikoa, legez kontrako publizitatea eta abar. Merkataritzak izan duen bilakaeraren eta araudia garai berrietara egokitzeko dugun beharraren adibide batzuk baino ez dira”.
Kontsumoari dagokionez, “Kontsumobidek funtsezko lana egiten du kontsumitzaileak defendatzeko. Erreklamazioen eta kontsulten gorakada positibotzat hartu behar dugu, kontsumitzaileen prestakuntza eta informazio handiagoaren emaitzak direlako. Erreklamazio gehien eragiten dituzten gaiak ez dira gehiegi aldatu azken urteotan, eta telekomunikazioen sektoreari eta, haren atzetik, banka-sektoreari eta hornidura-zerbitzuei (hala nola uraren edo energiaren hornidura-zerbitzuei) lotuta daude. Garrantzitsuena da gatazken ia erdiak Internet bidez egindako erosketetan sortzen direla, eta web-kanalean biltzen direla erreklamazioen % 56. Alderdi hori da urte hauetan aldatu dena. Eta, bestalde, oso garrantzitsua da Kontsumobidek izapidetzen dituen erreklamazioen ia erdiak (% 44) bitartekaritzarekin eta adostasunarekin amaitzen direla. Horregatik, funtsezkoa da Kontsumobidek kontsumitzaileei prestakuntza eta informazioa ematen eta enpresetan jardunbide egokiak sustatzen betetzen duen lana”.






