Unibertsitate Lege-aurreproiektuari hobekuntzak egin zaizkio bere artikuluen heren batean, parte-hartze publikoaren ostean

0
  • Lege-aurreproiektuari aldaketak egin zaizkio hainbat arlotan, hala nola integritate zientifikoan, ibilbide akademikoan, nazioartekotzean, finantzaketan eta unibertsitate berrien araubidean.
  • Jasotako ia 500 alegazioei esker, lege-aurreproiektuaren 142 artikuluetatik 41 aldatu dira.
  • Pérez Iglesias sailburuaren hitzetan, araua “Euskadin sortu da, Euskal unibertsitateen erronkei erantzuteko”.

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak amaitu du Unibertsitate Lege-aurreproiektuaren parte-hartze publikoaren fasea. Unibertsitateetako arduradunek, unibertsitate-komunitateak, herritarrek, kontsulta-organoek eta gizarte-eragileek egindako ia 500 ekarpenek aberastu egin dute hasierako testua, eta haren 142 artikuluetatik 41 aldatu egin dira.

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesiasek gaur goizean Bilbon aurkeztu du Unibertsitate Lege-aurreproiektuaren egungo egoera, partaidetza publikoaren prozesutik eratorritako moldaketak jaso ondoren.

Sailburuak adierazi duenez, “ekarpen guztiak errespetuz, zorroztasunez eta entzuteko borondatez aztertu dira. Batzuk testuan txertatu dira, eta beste batzuek eztabaida aberastu dute. Garrantzitsuena da gaur egun duela hilabete batzuk abiatu genuena baino lege-aurreproiektu hobea dugula, eta oinarri sendoagoa unibertsitate-jardueraren etorkizunari aurre egiteko. Egindako moldaketek ez dituzte aldatzen lege-aurreproiektuaren oinarriak, ezta unibertsitate-sistemari eman nahi diogun norabidea ere; hala ere, hasierako testuaren alderdi esanguratsu batzuk malgutu egin dituzte”.

Pérez Iglesiasek azpimarratu du Sailaren helburua izan dela “Euskadin sortutako lege bat egitea, euskal unibertsitateen erronkei erantzuteko”, unibertsitate-komunitatearekin izandako elkarrizketaren emaitza, eta kalitatezko sistema bat indartzera bideratua, euskal nahiz nazioarteko gizartearen zerbitzura.

Unibertsitate sistema sendotzen da

Egindako moldaketen ondoren, lege-aurreproiektuak zehaztasun handiagoz mugatzen du Euskal Unibertsitate Sistemaren eremua. Horrela, Eusko Jaurlaritzaren plangintzak Euskadin garatzen den unibertsitate-jarduera osoa hartuko du bere baitan, beste administrazio batzuen mendeko zentroak eta lurraldean presentzia duten atzerriko unibertsitateak ere barne hartuz.

Testuaren beste moldaketa nagusietako batek unibertsitate-jardueraren etikaren arloa indartzea ekarri du. Arauak unibertsitateen gain uzten du unibertsitate-komunitateko kideen jarduera guztietan bete beharreko printzipio etikoak sustatzeko eta haien betetzea zaintzeko ardura. Era berean, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak aurten bultzatutako Ebaluazio Zientifikoari buruzko Adituen Foroaren ekarpenak ere jaso dira.

Ibilbide akademikoa malgutu egiten da

Erreformak, bestalde, handitu egiten ditu irakasle elkartuen gehieneko kopurua eta sail bakoitzeko ordezko langileen gehieneko ehunekoa. Halaber, araudi berrira egokitzeko epea bi urtetik lau urtera luzatzen du, ezarpena arian-arian egin ahal izateko.

Lege-aurreproiektuak ibilbide akademikoaren araubide malgutu egiten du, kualifikazio handiko pertsonak erakartzea eta haien zaintza errazteko. Horrela, aukera ematen du enpresa- eta gizarte-arloetako profesionalak ere ibilbide akademikoan sartzeko, nahiz eta eremu akademiko hutsekoak ez izan.

Arauak, halaber, nazioarteko ospea duten zentroetan egin beharreko egonaldien baldintzak samurtzen ditu; nolanahi ere, egonaldi horiek ibilbide akademikoan gora egiteko balorazio-elementu izaten jarraituko dute.

Unibertsitate publikoko irakasleen ordainsari-osagarri gehigarriei dagokienez, testuak gai hori ondorengo arau-garapenerako lagatzen du.

Kontu ematea eta balio erantsia

Bestalde, lege-aurreproiektuak unibertsitateen sistema ekonomiko eta finantzarioaren kontrol-mekanismoak egokitzen ditu, administrazio-zama arintzeko; beti ere, gardentasunaren eta kontuak ematearen printzipioei uko egin gabe.

Azkenik, arauaren testu berriak Euskal Unibertsitate Sistemaren oreka eta koherentzia indartzen ditu. Hori horrela, Euskadin zabaldu nahi diren unibertsitate eta unibertsitate-zentro berrien sustatzaileek sistemari ematen dioten balio erantsia egiaztatu beharko dutela ezartzen du testu berriak.

Parte-hartze publikoaren fasea amaitu ondoren, lege-aurreproiektuaren izapidetzeak aurrera egingo du: nahitaezko txostenak eta irizpenak eskatu eta jasoko dira. Ondoren, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu beharko du testua, Eusko Legebiltzarrera bidali aurretik, bertan izapidetu dadin.