- Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren I+G+Bko 2025ko Jarduera Memoriak euskal sistemaren urte aparta berretsi du: 725 proiektu lehiakor ditu, nazioarteko 59 proiektu, eta 32 milioi lortu dira lehiaketa-deialdietan, horietatik 19,6 milioi euro nazioarteko deialdietan
- 2025ean, 440 paziente berrik parte hartu dute medikamentuekin egindako entsegu klinikoetan, ikerketa klinikoa etengabe hazten ari den eta terapia berritzaileetarako sarbidea zabaltzen ari den une honetan
- “Osasunaren ikerketa Euskadin: adostasuna, sarea, pazienteak” jardunaldiak Osakidetzaren eta Osasun Ikerkuntzarako Institutuen ikerketa-jarduera balioetsi du; hazten ari da proiektuetan, finantzaketan, argitalpenetan eta osasun-sistemarako transferentzian
- Alberto Martínez sailburuak nabarmendu duenez, “osasun-arloko inbertsiorik onena ez da ospitalean hasten; ikerkuntzan hasten da”, eta pazienteak dira ahalegin zientifiko horren arrazoi nagusia
- Osakidetzako zuzendari nagusiak azpimarratu du Erakundea dela ikerketaren eta herritarren arteko zubia, eta erronka dela institutuekin sarean lan egitea ebidentzia pazienteei aplikatzeko
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak osasun-arloko ikerketa eta berrikuntzaren balantzea aurkeztu dute gaur goizean Bilbon. Balantze horren ezaugarriak dira jarduera zientifikoaren hazkundea, entsegu klinikoen sarearen hedapena eta asistentzia-ingurunera ezagutza gehiago transferitzea.
“Osasunaren ikerketa Euskadin: adostasuna, sarea, pazienteak” jardunaldiak Osakidetzaren eta Osasun Ikerkuntzarako Institutuen ikerketa-jarduera balioetsi du. Izan ere, hazi egin da proiektuetan, finantzaketan, argitalpenetan eta osasun-sistemarako transferentzian, eta Osasuneko I+G+Bko 2025ko Jardueraren Memoria aurkezteko baliatu dute. Sistema osoak partekatzen duen ideia bat nabarmendu dute: osasun-ikerketak aurrera egiten du pazienteak erdigunean jartzen direnean, eta zentzua hartzen du pertsonen bizitza hobetzen denean.
Osasuneko I+G+Bko 2025ko Jardueraren Memoriak berresten du euskal sistemaren ikerketa biomedikoarentzat urte bikaina izan dela. Izan ere, I+G+Bko 725 proiektu finantzatu dira deialdi lehiakorren bidez, eta horietako 59 nazioartekoak dira. Hala, Euskadik Europako beste erakunde batzuetan duen parte-hartzea indartu da, hala nola THCS, BrainHealth, EP PerMed eta Transcan proiektuetan.
Horrez gain, 19,6 milioi euro bildu dira nazioarteko deialdietako funtsetan, eta zifra horrek indartu egingo du osasun-ikerketako euskal ekosistemaren sendotasuna. Jarduera gehien izan duten arloak onkologia, neurologia, osasun mentala, mikrobiologia, gaixotasun infekziosoak, geriatria, genetika, kardiobaskularra eta endokrinoa izan dira, osasun-erronka nagusien ildotik.
Pazienteak eta entseguak
Jardunaldiko mezurik aipagarrienetako bat izan da ikerketa klinikoaren hazkundea, eta horrek pertsonengan duen eragin zuzena. 2025ean, 440 paziente berrik parte hartu dute medikamentuekin egindako entsegu klinikoetan, eta, 2022az geroztik, 2.455 parte-hartzaile izan dira guztira; horrek erakusten du sistemak terapia berritzaileak asistentzia-jarduerara hurbiltzen dituela.
Alberto Martínez Osasuneko sailburuak azpimarratu duenez, “osasun-arloko inbertsiorik onena ez da ospitalean hasten; ikerkuntzan hasten da” eta “pazienteak dira ikertzeko arrazoia”. Era berean, adierazi du entsegu kliniko bat ez dela zifra hutsa; aukera berritzaileak eskuratzeko “aukera” ere bada, oro har aplikatu aurretik.
Memoriaren datuen arabera, azken bi urteetan entsegu kliniko berrien kopurua % 40 hazi da, eta hazkunde hori iraunkorra izan da. Hamar eremu kliniko nagusietan egin dira entsegu aktiboen % 89,7, herritarren benetako beharrekin bat etorrita.
Martínez sailburuak giza dimentsioa azpimarratu du, eta adierazi du osasun-ikerketa dela “pazienteek diagnostikoa lehenago jasotzea”, “familiek aukera terapeutiko berriak aurkitzea” eta “profesionalek zaintzeko tresna hobeak izatea”.
Hori dela eta, esan duenez, “pertsona batek entsegu batean parte hartzen duenean, zientziaren aurrerapenean laguntzeaz gain, etorkizuneko medikuntzako terapiez ere balia daiteke”, eta nabarmendu du Euskadik “gehiago ikertzen duela, talentu eta baliabide gehiago erakartzen dituela eta pazienteei aukera gehiago ematen dizkiela”.
Aipatu behar da euskal ekoizpen zientifikoak 1.938 argitalpen aipagarri sortu dituela 2025ean, aurreko urtean baino % 7 gehiago: % 65,05 lehen kuartilean eta batez besteko eragin-faktorea 7,38 izan da, 2021-2025 aldiko handiena.
Martínezek azaldu duenez, Euskadik dagoeneko 3.281 profesional ditu osasun-arloko ikerketan eta berrikuntzan, eta horietatik % 72 Osakidetzako profesionalak dira eta % 61 inguru emakumeak, eta sistemak 894 saiakuntza kliniko aktibo bultzatu ditu, horietatik 620 berriak.
Sailburuak gaineratu duenez, Euskadiko osasun-ikerkuntzak 32 milioi euroko kanpo-finantzaketa lehiakorra lortu zuen (Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko eragileekin eta enpresekin lankidetzan), aurreko urtean baino % 9 gehiago. Horri Osasun Sailak sistema zientifiko sendo eta egonkor bati eusteko emandako 23 milioi euro gehitu behar zaizkio.
Eragina duten proiektuak
Bestalde, Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusiak nabarmendu egin du erakundearen ikerketa-gaitasuna eta ebidentzia zientifikoaren eta asistentziaren artean egiten duen zubi-lana.
Bilbaok azpimarratu du Osakidetzak badituela, asistentzia-lanaz gain, euskal ikerketa-institutuetan ikerketa-lan integratua egiten duten profesionalak. Ekarpen bikoitza da hori, eta sistemaren indargune berezitzat hartu behar da.
Horrez gain, adierazi du Osakidetzak ez duela soilik ezagutza profesionalen bidez sortzen, baizik eta ikerketaren emaitzen erabiltzaile potentziala eta hura baliozkotzeko kolaboratzaile zuzena ere izan daitekeela, osasun-ikerketako institutuekin “denok batera lan eginda” ebidentzia hori pazienteari helarazteko.
Ildo horretan, ikerketaren balio praktikoa nabarmentzen duten kasu zehatzak ere jorratu ditu jardunaldiak. Horien artean daude Bioarabaren CARDIOPONG, bihotz-errehabilitazioari eta ping pong-ari buruzkoa; Biobizkaiaren SUNRISE, nerabeen minbiziaren prebentzioa ardatz duena; Biogipuzkoaren DORMATRIX, bularreko minbiziaren latentziari eta hezur-metastasiari buruzkoa; eta Biosistemetaken JAMRAI, mikrobioen aurkako erresistentziari buruzkoa, One Health ikuspegia kontuan hartuta.
Zuzendari nagusiak nabarmendu duenez, proiektu horiek erakusten dute ikerketa ez dela kontzeptu abstraktua, prebentzioa, bizi-kalitatea, aurrea hartzea eta osasun-erronka handien aurrean erantzuteko gaitasuna baizik.
Transferitzen den berrikuntza
Hala, pazienteengana eta profesionalengana iristen diren irtenbide praktiko bihurtzen du ikerketa Euskadik. 2025ean, hainbat ekimen zehatz garatu ziren, besteak beste: errealitate birtualeko erizaintzarako trebakuntza bat, VIROO plataforman integratua eta know how lizentzia batek babestua, eta Miramoon Pharmaren (IIS Bioarabaren spin offa) nazioarteko aurrerapena. Azken horretan, MP 004 hautagaitzak FDAren medikamentu zurtzeko izendapena jaso baitu.
2025eko abendura arte lizentzia-hitzarmenek 138.000 euro sortu dituzte royaltyetan, eta Euskal Osasun Sistemak 90 euskal enpresarekin egin du lan osasun-teknologiak garatzeko eta baliozkotzeko proiektuetan, zientziaren eta merkatuaren arteko harremana estututa.
Gainera, Euskal Biobankuak transferentzia-ahalmen hori indartu du: 2025ean, 400 patologia desberdinekin lotutako 40.000 lagin baino gehiago zeuden eskuragarri, 130 zentro baino gehiagotako 260 ikertzaileri lagata, terapia eta teknologia berrien baliozkotzea eta garapena errazten duten material eta datuak emanda.
2030 ikuspegia
Osasun-arloko ikerketa bat dator Euskadiko Osasunaren Itunarekin, haren ildo estrategikoetako bat baita. Egun osatzen ari diren 2030eko Ikerketa Planarekin ere bat etorriko da. Plan hori bost palankatan oinarrituko da: osasun-arloko datuaren bulegoa, Osakidetza eta Osasun sistema I+G+Bko eragile gisa, osasun-asistentziako ikerkuntzaren aintzatespena, berrikuntzarako ibilbide-mapa eta ekosistemaren gobernantza exekutiboa.
Azken helburua da ikerkuntza-eredu ireki, kolaboratibo eta emaitzetara bideratua finkatzea. Hala, ikerkuntza ez da esparru isolatu gisa ulertuko, diagnostikoak, tratamenduak, prebentzioa eta bizi-kalitatea hobetzeko tresna gisa baizik.
Osakidetzako zuzendari nagusiak ikuspegi hori etengabeko hobekuntzako zikloarekin lotu du. Horren arabera, ikerkuntzak ezagutza sortzen du, Osakidetzak bere asistentzia-jardueran aplikatzen du eta Euskadiko Osasun Itunak aplikazio estrukturala, bidezkoa eta jasangarria bermatzen du.
Bestalde, Osasuneko sailburuak adierazi duenez, “Euskadik gehiago ikertzen du, talentu eta baliabide gehiago erakartzen ditu eta aukera gehiago eskaintzen dizkie pazienteei, zientzia osasun erreal bihurtzen duen osasun-sistemaren bidez”.






