- Lehiatu programaren laguntzak 3,1 milioi euroko inbertsioa bultzatu du Santikurutze Kanpezuko zerrategian
- “Horrelako proiektuak babestea gure landa-eremuetan industria, enplegua eta etorkizuna sustatzearen alde egitea da”, azpimarratu du Amaia Barredok
Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburua den Amaia Barredo Maderas Gámiz enpresaren berrinaugurazioan izan da, Santikurutze Kanpezun. Bertan, enpresak bere zerrategian garatu duen modernizazio-proiektua ezagutu du, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin gauzatutakoa.
Jarduketak 1,2 milioi euroko laguntza jaso du, Lehiatu programaren bidez emana. Laguntza hori 3,1 milioi euroko inbertsio osoaren %40 da, eta helburua zerrategiaren egungo instalazioak berritzea da, ekoizpen-gaitasuna handitzea, ekoizpen-fluxua optimizatzea eta Arabako Mendialdean kokatutako planta honen lehiakortasuna indartzea.
Maderas Gámiz enpresak 86 pertsona ditu lanean, horietatik 26 emakume. Santikurutze Kanpezuko egurraren lehen eraldaketako jarduera estrategikoa mantentzen du, industria-aprobetxamenduarekin eta lurraldearen garapen ekonomikoarekin lotuta.
Proiektuari esker, antzinatasun handiko makineria teknologikoki aurreratuagoak diren ekipamendu berriekin ordezkatuko da. Horrek ekoizpen-geldialdiak murrizten, mantentze-kostuak txikitzen eta instalazioaren eraginkortasun orokorra hobetzen lagunduko du. Berrikuntzaren aurreikusitako ondorioen artean dago, halaber, %20rainoko energia-aurrezpena, belaunaldi berriko makineria txertatzeari esker.
Berrinaugurazioan, Barredok ekoizpen-sarea sendotzeko eta Arabako Mendialdea bezalako eskualdeen industria-gaitasuna indartzeko inbertsio mota horiek duten garrantzia azpimarratu du: “Egurrarekin lotutako industriak balio handia du Euskadiko lurralde-orekarako; izan ere, jarduera ekonomikoa gehien behar den tokietan finkatzen du, eta ingurunearekin lotutako kalitatezko enplegua sortzen du”, adierazi du.
Sailburuak gaineratu du, gainera, mota honetako enpresa-proiektuei ematen zaien babes publikoak “sustraitzeko gaitasuna, balioa sortzeko ahalmena eta landa-eremuetan enplegua mantentzeko gaitasuna duten ekimenak indartzea ahalbidetzen duela; izan ere, eremu horiek jarduera ekonomiko egonkorra eta jasangarria behar dute”.
Santikurutze Kanpezuko plantaren modernizazioa, gainera, zerratze-jardueraren jarraitutasuna eta lehiakortasuna bermatzera bideratuta dago. Horretarako, gaitasuna handitzea, prozesuak arintzea eta enpresak merkatuan duen posizioa sendotzea ahalbidetuko duten hobekuntzak txertatuko dira.
Horrela, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak industria agroforestala modernizatzen, berrikuntza sustatzen eta lurraldeko baliabideekin lotutako balio-kateak indartzen laguntzen duten inbertsioak babesten jarraitzen du.




