Eusko Jaurlaritzak, Vitoria-Gasteizko Udalak eta SEO/BirdLife-k Vitoria-Gasteizko berdeguneetako bioaniztasuna aurkezten dute, hurbileko natura berraurkitzeko gonbidapena.

0
  • José Javier Frías Sáezen argitalpenak irudiak, dibulgazioa eta ingurumen hezkuntza bateratzen ditu, Vitoria-Gasteizko hiri-berdeguneetako eta parkeetako natura aberastasuna hiritarrei hurbiltzeko asmotan.

Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak, Vitoria-Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak eta Espainiako Ornitologia Elkartearen (SEO/BirdLife) Euskadiko Ordezkaritzak, Vitoria-Gasteizko berdeguneetako bioaniztasuna aurkezten dute, José Javier Frías Sáezen argitalpena dena. Argitalpen horren bitartez, dibulgazioa eta hiri-bioaniztasunarekiko interesa sustatu nahi dira, batez ere familien, pertsona helduen, gazteen eta umeen artean.

Liburuak Vitoria-Gasteizko hiri barneko parkeak eta berdeguneak aztertzen ditu, zeinak egunerokotasunaren parte diren arren, sarritan ez diren nabarmentzen. Hala ere, gune horietan txori, zuhaitz eta bestelako izaki bizidunen aberastasun handia topa dezakegu, eta argitalpen honen helburua da, hain zuzen, bizi horren behaketa eta ikasketa sustatzea, natura hurbilaz gozatzen den bitartean; eta, nola ez, hiritarren eta euren ingurunearen arteko lotura indartzea.

Kolaborazio horren barnean, Vitoria-Gasteizko Udalak argitalpena banatuko du Ataria ekintzetan parte hartzen duten ikasleen artean, heziketa eta sentsibilizazio baliabide moduan indartu nahirik.

Liburu soila izateaz haratago, bere asmoa da ingurumen hezkuntzarako baliabide bizia bilakatzea, irudien, dibulgazio testuen, gomendioen, ekintzen eta Aztertu programari lotutako erronken bidez. Gainera, estuki lerrokatuta dago hiritarrak ezagutzarako eta ingurumenaren babeserako behar dituzten ahalduntze errementekin.

Lanaren oinarri nagusia hurrengo ideia da: soilik ezagutzen den hori balioesten eta babesten da. Ondorioz, liburuak hiri-parkeetatik era kontzientean paseatzera animatu nahi gaitu espezie ezberdinak behatu ahal izateko, eta hauen inguruan lan-koadernoan oharrak hartzeko. Horrela, hiritarrak euren auzoetako kronista naturalistak bilakatuko dira.

Argitalpen horren bitartez, Eusko Jaurlaritzak ingurumen hezkuntzarekin, hiritarren parte hartzearekin eta jasangarritasunarekin duen konpromisoa indartu nahi du, eta hiri-bioaniztasunari merezi duen lekua utzi, hots, egunerokotasunean konpartitzen dugun ondarea izatea.