- Susana García Chuecak iragarri duenez, eraispen-lanak aste honetan bertan lizitatuko dira
- Jarduketa honek 2.800 m2 berreskuratuko ditu herritarrek erabil ditzaten
Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Saila, Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren bitartez, Pasaiako trenbidearen zubibidea eta geltoki zaharra desegiten hasi da, joan den larunbatean Altza-Galtzaraborda trenbide-saihesbidearen parte den lurpeko terminal berria ireki ondoren. Larunbata eta igandean 6.200 bidaia baino gehiago erregistratu dira. Susana García Chueca sailburuak egiten ari diren jarduketak egiaztatu ditu, eta azpimarratu duenez, “horrela betetzen dugu nire aurrekoak, Iñaki Arriolak, eta orduko Pasaiako alkateak, Izaskun Gómezek, bere garaian emandako hitza, hau da, azpiegitura berria ireki ondoren zubibidearen eraistea etorriko zela, eta hori, nire ustez, kudeaketa onaren adibide bikaina da”.
Bisitan, sailburuak Miguel Ángel Páez Azpiegitura eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordea eta Antonio López ETSko zuzendari nagusia ere izan ditu ondoan, eta iragarri duenez, “aste honetan bertan, ETSk zubibidea eraisteko obra lizitatuko du. Egitura hori udalerriko etxebizitza batzuetatik metro gutxira geratzen zen, eta bizilagunek bizi kalitate hobea izango dute desmuntatu ondoren”.
Lanak zubibideko katenariako kableak kenduz hasi dira, eta gainerako trenbide instalazioak desmuntatuz jarraituko dute, trenbideak barne. Zubibidearen egituraren desmuntaketa 12 hilabetez luzatuko da, eraisteko lanak esleitu ondoren. Guztira 386 metroko luzera duen zubibidearen zatirik handiena eraistea aurreikusten dute, eta inguruko eraikinen egonkortasuna bermatzeko beharrezkoak diren egiturazko elementuak eta aztarna gisa geratuko den Molinao ibaiaren gaineko arku bikoitza baino ez dira kontserbatuko. Ildo horretan, kontserbatutako elementuen egonkortasuna bermatzeko beharrezkoak diren euste-pantailak gauzatuko dira.
Eraispenekin hasi aurretik, ETSk berrerabil daitezkeen instalazio eta altzari guztiak desegingo ditu, batez ere erabiltzen ez den geltokiko eraikinean. Halaber, aurretik, ondoko egoitzak eta lokalak ikuskatuko dira, eta eraikin horiek auskultatzeko sistema bat prestatuko da. Zubibidearen gune batzuetan etxebizitzak gertu daudenez, eraisten den puntu zehatza zati finko batez eta mugikor batez osatutako egitura tubular baten bidez kapsulatuko da, hautsa hartzeko eta iragazteko sistemarekin, esparru horretatik kanpora ahalik eta hauts gutxien isurtzeko.
Eraispenari esker, Topoaren zubibideak Pasai Antxoko hiri eta paisaia ingurunean dakarren hesia kendu ahal izango da. Jarduketa horren bidez hiri-konektibitatea erraztu nahi da, eremu horren biziberritzea bultzatu eta herritarren bizi-kalitatea hobetu, guztira herritarrentzat 2.800 m2 libre utzita.
“Etxebizitzak gertu daudenez, lanak uste baino konplexuagoak dira. Ezin da eraitsi etxeetatik urrun dagoen azpiegitura exentua balitz bezala”, adierazi du Susana García Chuecak. Gaineratu duenez, behin lanak osatuta “Udalak egin nahi duen urbanizazioa zehaztu beharko du, udal lurzorua izanik, eman nahi dion erabileraren erantzukizuna berari baitagokio”.






