- Lau persona atxilotu eta zazpi ikertu daude Munduko Futbol Txapelketako finalaren ondoren izandako gertakarietan
Eusko Jaurlaritzak atzo Munduko Futbol Txapelketako finalean Euskadiko hainbat herritan izandako erasoak gaitzesten ditu.
Horrelako jokabideak bateraezinak dira gure Herria definitzen duten errespetu- eta bizikidetza-balioekin.
Eusko Jaurlaritzak elkartasuna adierazi nahi die erasoren bat jasan dutenei, eta errespetuan, gizalegean eta edozein indarkeria mota arbuiatzean oinarritutako bizikidetzarekiko konpromisoa berretsi du.
Lau atxilotu eta zazpi ikertu
Ertzaintzak lau pertsona atxilotu eta beste zazpi ikertu ditu Gasteizen eta Donostian izandako istiluetan eta Berrizen (Bizkaia) izandako beste istilu batean, Munduko futbol finalaren ondorengo orduetan.
Arabako hiriburuan, Ertzaintzako agenteek kaputxadun hiru gazte (25, 19 eta 18 urtekoak) atxilotu dituzte gaur goizaldean, Espainiako selekzioaren kamiseta zeramaten pertsona batzuei aurre egin ostean. Bi persona gorrotozko erasoengatik atxilotu dituzte, eta hirugarrena, agintaritzaren agenteen aurkako atentatuagatik.
Gertakaria gaur, astelehena, goizaldeko ordu bata ondoren izan da, Judimendi etorbidearen inguruan. Abisu batek Ertzaintzari jakinarazi dionez, beltzez jantzitako pertsona batzuk beste talde bati eraso egiten ari ziren. Erasoa jasan zuen bati ostikadak eman zizkioten, antza, eta soinean zuen kamiseta urratu zioten, kentzen saiatu zenean.
Ertzaintzaren Herritarren Babeserako agenteak bertaratu ziren, eta espainiar nazionalitatea duten hiru gazte atxilotu zituzten, gertakarietan inplikatuta. Horietako bat ertzain bati oldartu zitzaion, eta agintaritzaren aurkako atentatu-delitu bat ere leporatu diote.
Gainera, atzo arratsaldean, partidaren aurretik, Ertzaintzak 22 eta 29 urte bitarteko hiru pertsona identifikatu zituen, guztiak espainiar nazionalitatekoak.
Donostian, beste gizon bat atxilotu dute agenteen aurkako atentatuagatik, eta sei ikertu daude Espainiako selekzioko zaleei mehatxu eta irain egiteagatik.
Gaur goizaldeko ordu bata aldera, Ertzaintzako agenteek Gipuzkoako hiriburuko Alde Zaharreko «Portaletas» gunean esku hartu dute, Espainiako selekzioaren kamiseta jantzita zeramaten zaleak beldurtzen eta hertsatzen ari ziren pertsona talde baten aurrean.
Biktimen osotasunerako arriskuaren aurrean (une batzuetan inguratuta eta mehatxatuta egon dira), Ertzaintzako agenteek esku hartu dute eta inplikatutako 7 pertsona identifikatu dituzte, guztiak nazionalitate espainiarrekoak. 28 urteko gizon bat atxilotu dute agintaritzaren agenteen aurkako atentatuagatik, eta beste sei pertsona, lau gizon eta bi emakume, ikertu egin dituzte ustezko hertsatze-delitu batengatik. Identifikatutakoak 25 eta 33 urte bitartekoak eta 16 urteko adingabe bat dira.
Bizkaian, goizaldeko 01:30ean, 40 urteko espainiar nazionalitateko gizonezko bat ikertu dute Berrizen, partidaren ondoren Espainiako selekzioaren garaipena ospatzen ari ziren bi lagunen autoaren aurka bere ibilgailuarekin ekiteagatik. Inplikatuak bandera bat kendu du biktimen (bi gizon gazte) turismotik eta, jarraian, haietako bati indarrez heldu eta eskumuturrean lesio bat eragin dio. Biktimek, 23 eta 21 urtekoak eta nazionalitate espainiarrekoak, salaketa bana aurkeztu dute gertakariengatik.
Bilbon, ez da gertakari garrantzitsurik izan futbol-partida amaitu ondoren. Atzo arratsaldean, Ertzaintzak 21 pertsona identifikatu zituen Bizkaiko hiriburuan, Munduko txapelketako finalarekin lotutako dispositiboetan. Pertsona bat ikertu zuten arma zuriz egindako mehatxuengatik, eta beste lau zigortzeko proposatu zituzten Bizkaian, Herritarren Segurtasuna Babesteko Lege Organikoaren bidez.






