- Agindu berriak indargabetu egiten du urtarrilaren 30ean onartutakoa, eta behi-aziendaren presentzia duten azokei, lehiaketei, erakusketei, erromeriei, merkatuei eta aldi baterako beste ekitaldi batzuei ezarritako murrizketak ezabatzen ditu
- Biosegurtasun eta kontrol-neurri nagusiak indarrean mantentzen dira, hala nola animalien mugimenduetan nahitaezko intsektugabetzea, Euskaditik kanpotik datozen animalien albaitaritza-zaintza eta ustiategi hartzaileen kautelazko immobilizazioa
- Neurrien malgutzea gaixotasunaren egoera epidemiologikoaren bilakaera onari erantzuten dio, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien artean adostu da, animalien osasunaren arloko eskumena duten administrazioen artean
Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek Dermatosi Nodular Kutsakorraren (DNK) aurkako neurriak malgutzea adostu dute. Erabakia animalien osasunaren arloko administrazio eskudunek modu koordinatuan hartu dute, gaixotasunaren egoera epidemiologikoaren bilakaera ona ikusita. Eusko Jaurlaritzak onartutako Agindu berriak erabaki horri estaldura juridikoa ematen dio, eta 2026ko urtarrilaren 30etik indarrean zegoen Agindua indargabetzen du.
«Osasun-egoeraren bilakaerak abeltzaintza-sektorearen jardueraren zati bat berreskuratzea ahalbidetzen du, eta, aldi berean, Euskadiko abelburuak babesteko beharrezko prebentzio-neurriak mantentzen dira», adierazi du Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak.
Aginduaren berritasun nagusia behi-aziendaren presentzia duten azokak, lehiaketak, erakusketak, herri kirolak, erromeriak, merkatuak eta aldi baterako bestelako ekitaldiak egiteko ezarrita zeuden murrizketak kentzea da. Horrenbestez, berriro egin ahal izango dira, animalien osasunaren arloko agintari eskudunek ezartzen dituzten baldintzen arabera.
Era berean, animalien mugimendurako baldintzak egokitu dira, Gipuzkoako Lurralde Historikoak, I. Txertaketa Eremuan sartuta dagoenak, gaixotasunaren aurkako gutxieneko txertaketa-estaldura lortu duelako eta azken hilabeteetako bilakaera epidemiologikoa aldekoa izan delako.
Bilakaera epidemiologikoak babestutako erabakia
Neurriak malgutzeko erabakia egungo egoera epidemiologikoak babesten du. Txertaketa-eremuetan sartuta dauden lurraldeek aurreikusitako txertaketa-kanpainak amaitu dituzte, eta ezarritako estaldura-mailak lortu dituzte. Gainera, Espainian joan den martxoan atzemandako azken fokuaz geroztik ez da Dermatosi Nodular Kutsakorraren kasu positibo berririk baieztatu.
Europan ere bilakaera aldekoa izan da. Joan den udaberrian Sardinian atzemandako fokuak salbu, ez da kasu berririk erregistratu kontinentean, eta kaltetutako lurralde gehienek pixkanaka berreskuratu dute animaliak dituzten azokak, lehiaketak eta bestelako ekitaldiak egitea, beharrezko biosegurtasun-neurriak mantenduta.
Hala ere, Agindu berriak biosegurtasun-neurri nagusiak indarrean mantentzen ditu, gaixotasuna sartzea eta hedatzea prebenitzeko. Behi-aziendaren mugimendu guztietan nahitaezkoa izango da, garraio-ibilgailuak garbitu eta desinfektatzeaz gain, bai ibilgailuak bai animaliak intsektugabetzea, animaliak zuzenean hiltegira doazenean izan ezik. Ekintza horiek dagokion erantzukizunpeko adierazpenaren eta ibilgailuaren garbiketa eta desinfekzio ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharko dira.
Halaber, albaitaritza-zaintza ofiziala mantenduko da 28 eguneko epe orokorrean Euskaditik kanpoko ustiategietatik Euskadiko ustiategietara sartzen diren behi-aziendarentzat eta gaixotasunarekiko sentikorrak diren gainerako espezieentzat. Era berean, ustiategi hartzailearen kautelazko immobilizazioa mantenduko da dagokion Foru Aldundiaren animalien osasuneko zerbitzu eskudunak zehazten duen epean.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundietako animalien osasuneko zerbitzuek zaintza epidemiologikoa, osasun-kontrola eta abeltzaintza-ustiategien jarraipena egiten jarraituko dute, prebentzio-neurriak gaixotasunaren bilakaeraren arabera egokituz eta Euskadiko abelburuak babestea bermatuz.
Neurri hauek eguneratuta, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak prebentzio-esparrua egungo osasun-egoerara egokitzen du, Euskadiko abelburuen babesa eta abeltzaintza-jardueraren nahiz sektoreari lotutako ekitaldien berreskuratzea bateragarri eginez. Eusko Jaurlaritzak gaixotasunaren bilakaera epidemiologikoaren etengabeko jarraipena egiten jarraituko du, eta prebentzio-neurriak egokituko ditu osasun-egoerak hala eskatzen duenean.
Eguneratze hau azken hilabeteetan Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundien artean egindako elkarlanaren emaitza da. Bi administrazioek koordinazio iraunkorra mantendu dute animalien osasuna babesteko eta erabakiak egoera epidemiologikoaren bilakaeraren eta albaitaritza-zerbitzu ofizialen irizpide teknikoen arabera hartzeko.
Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek gaixotasunaren bilakaera epidemiologikoaren etengabeko jarraipena egiten jarraituko dute, eta prebentzio-neurriak osasun-egoerak hala eskatzen duenean egokituko dituzte, animalien osasuna zaintzeko eta Euskadiko abeltzaintza-sektoreari bermerik handienak eskaintzeko helburuarekin.






