Medikamentuak dosifikatzeko 108.000 sistema pertsonalizatu baino gehiago prestatu dira Euskadin, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren medikazioaren erabilera hobetzeko Programari esker

0
  • Programak, 2025ean, Autonomia Erkidegoko 232 udalerritako 3.366 pertsona artatu zituen, eta medikazioa lortzeko aukera erraztu, tratamenduekiko atxikimendua hobetu eta erabiltzaileen segurtasuna indartu zuen
  • Gaur egun, Arabako eta Bizkaiko udalerri guztiek hartzen dute parte programan; Gipuzkoan 69 udalerri dira jada, gaur Aizarnazabal programan sartu ondoren
  • Osasun Sailak ekimen hau bultzatu eta finantzatzen du —845.000 eurorekin— Euskal Autonomia Erkidegoko Farmazialarien Elkargo Ofizialekin lankidetzan, eta udaletako gizarte-zerbitzuek, osasun-sistemak eta farmazia komunitarioen sareak esku hartzen dute

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak bultzatu eta finantzatutako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuen eta Gizarte Zerbitzuen erabiltzaileei zuzendutako tratamendu farmazeutikoen banakako prestakuntzaren bidez medikazioaren erabilera hobetzeko programaren esparruan, Euskadiko farmazia komunitarioek, 2025ean, 108.115 dosifikazio-sistema pertsonalizatu prestatu zituzten, eta Autonomia Erkidegoko 3.232 udalerri artatu.

Gailu horiek agindutako jarraibideen arabera antolatzen dute paziente bakoitzaren medikazioa, hala medikamentuak behar bezala ematen direla erraztu eta tratamenduekiko atxikidura eta medikamentuen erabileraren segurtasuna hobetzen laguntzen da. Hau da, helburu nagusia da medikazioa lortzeko aukera erraztea, tratamenduekiko atxikimendua hobetzea eta erabiltzaileen segurtasuna indartzea, udaleko gizarte-zerbitzuen, osasun-sistemaren eta farmazia komunitarioen sarearen arteko lankidetzaren bidez.

Gaur egun, Arabako eta Bizkaiko udalerri guztiek hartzen dute parte programan; Gipuzkoan 69 udalerri dira jada, hau da, Gipuzkoako 88 udalerrien % 78,4. Lurraldeka, nabarmentzekoa da Bizkaian 56.930 dosifikazio-sistema pertsonalizatu prestatu zirela, 1.510 pertsona artatuta; Araban 18.057, 642 pertsona artatuta; eta Gipuzkoan 33.168, 1.214 pertsona artatuta. Programa garatzeko, Osasun Sailak 845.000 euroko inbertsioa egingo du aurten Euskal Autonomia Erkidego osoan.

Programa hedatzen: Aizarnazabal

Programa Gipuzkoan hedatzen ari da, eta orain Aizarnazabal gehitu da. Mari Karmen Arregi Aizarnazabalgo alkateak eta Izaro Oyarbide Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialeko presidenteak sinatu dute akordioa gaur goizean, Donostian, eta Jon Iñaki Betolaza Eusko Jaurlaritzako Farmaziako zuzendaria ere bertan izan da. Aizarnazabalek 822 biztanle inguru ditu, eta farmazia komunitarioa du. Hori dela eta, beste aurrerapauso bat da udalerri txikienei ere arreta farmazeutiko pertsonalizatua emango dien programa hedatzeko.

Mari Karmen Arregi Aizarnazabalgo alkateak nabarmendu du oso garrantzitsua dela herritarrek zerbitzu hori eskuratu ahal izatea, Udalaren, Osasun Sailaren eta herriko farmaziaren arteko elkarlanari esker. “Aizarnazabalgo Udalak oso kontuan izan du beti udalerriko mendeko pertsonen ongizatea. Farmazialarien Elkargoarekin egindako akordio honi esker, jasotzen duten arreta hobetzen jarraitu ahal izango da, eta balioa emango zaio tokiko farmazialariak urte luzez eta egunero egiten duen lan handiari; izan ere, lan horren hurbiltasuna eta inplikazioa ezinbestekoak dira gure herritarrak zaintzeko” adierazi du.

Bestalde, Izaro Oyarbide Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialeko presidenteak esan du Aizarnazabal gehitu izanak egiaztatzen duela farmazia komunitarioak funtsezko zeregina duela udalerri txikienetan ere: “Farmaziak gertukoak dira, herritarrak ezagutzen dituzte eta gizarte-zerbitzuekin koordinatuta daudenez, balio handiko osasun-baliabideak dira, arreta pertsonalizatuagoa eta seguruagoa eskaintzeko». Gainera, azpimarratu du programak frogatzen duela Osasun Sailaren, udaletako gizarte-zerbitzuen eta farmazia komunitarioen arteko lankidetzak “aukera ematen duela tratamenduekiko atxikimendua hobetzeko, sendagaien erabileraren segurtasuna indartzeko eta erabiltzaileen bizi-kalitatea hobetzeko”.

Halaber, sinaduraren ondoren, Jon Iñaki Betolaza Eusko Jaurlaritzako Farmaziako zuzendariak azpimarratu duenez, «programa hau koordinazio soziosanitarioaren adibide argia da, eta Eusko Jaurlaritzaren Programan eta Euskadiko Osasun Itunean jasotako konpromisoen baitakoa da. Horrek pertsonetan oinarritutako osasun-sistemaren alde egiten du, koordinatuagoa eta osasun-emaitzetara bideratua; lehen mailako arreta eta arreta komunitarioa indartzen ditu; botiken erabilera arrazionala sustatzen du, eta farmaziek herritarrengandik hurbil dauden osasun-eragile gisa duten potentziala aprobetxatzen du”.

Finkatutako programa

Medikazioaren erabilera hobetzeko eta tratamendu farmazeutikoak banaka prestatzeko programa 2009an hasi zen garatzen Gipuzkoan, eta gaur egun udalerri gehienetan aplikatzen da, baita Bizkaian eta Araban ere. Funtzionamenduari dagokionez, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren erabiltzaileei eta familia-inguruko zaintzetarako prestazio ekonomikoaren onuradunei zuzenduta dago. Horiek, beren egoera pertsonala dela-eta, laguntza behar izan dezakete tratamendu farmakologikoak behar bezala jarraitzeko.

Gizarte-zerbitzuek identifikatu ondoren, eta erabiltzailearen baimenarekin, farmazia komunitarioak sendagaiak dosifikazio-sistema pertsonalizatuetan prestatzen ditu, astean behin edo hamabost egunean behin. Gainera, zaintzaileekin eta etxez etxeko laguntzako langileekin elkarlanean aritzen da, medikazioaren kontserbazioari, administrazioari eta jarraipenari dagokienez.