Hondarribiko Udalak Presa I eremuko lursaila jaso du, eta horrekin batera, herritarren erabilerarako izango den azaleko aparkaleku berria eta bihartik, uztailaren 16tik, aurrera zabalik egongo da.
Azaleko aparkaleku berriak 55 plaza ditu, eta horietako bi mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta daude. Horrez gain, Biteri kalean beste hamar ibilgailurentzako aparkalekua sortu da. Aparkalekuez gain, oinezkoentzako espaloia, bidegorria eta berdeguneak ere Udalaren esku geratu dira. Horrenbestez, bihartik aurrera oinezkoek eremu horretatik igaro ahal izango dute. Jasotako lursailak, guztira, 1.780 metro koadro inguruko azalera hartzen du.
Eremu hori eskuratzea Hondarribiko Udalak eta VISESAk sinatutako lankidetza-hitzarmenaren baitan kokatzen da. Akordio horren bidez, Udalak etxebizitza-sustapena egiteko beharrezkoa zen lursaila doan laga zion VISESAri, eta obraren azken kostuaren %15eko ekarpena ere egin du. Horren truke, besteak beste, herritarren erabilerarako aparkaleku-eremua udalaren esku geratzea adostu zen.
Igor Enparan Araneta alkateak azaldu du Hondarribian 55 plazako aparkaleku berriak «herritarren eguneroko behar bati erantzuten diola eta udal gobernuak mugikortasunaren eta aparkaleku-eskaintzaren hobekuntzaren alde hartu duen konpromisoaren beste urrats bat» dela.
«Badakigu aparkatzeko zailtasunak eguneroko errealitate direla hondarribiar askorentzat. Horregatik, aukera guztiak aztertzen eta proiektu berriak sustatzen ari gara, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko eta auzo guztietan irtenbide errealak eskaintzeko. 55 plazako aparkaleku berri honek herrian dagoen aparkatzeko premia arintzen lagunduko du, baina jakitun gara ez dela arazoa konpontzeko nahikoa. Etengabe ari gara lanean hondarribiarren mugikortasunaren beharrei erantzuteko«, adierazi du alkateak.


Aparkaleku-eskaintza handitzen jarraitzeko lanean
Udal gobernuak azaldu du aparkaleku-politika ikuspegi integral batetik lantzen ari dela, epe laburreko neurriak eta etorkizunerako proiektu estrategikoak uztartuz. Hala ere, Enparanek azpimarratu du etorkizunean aparkaleku-eremu berriak garatu ahal izateko ezinbestekoa dela Hondarribiko Hiri Antolamenduko Plan Orokor berria (HAPO) onartzea, “plan hori baita horrelako jarduketak abian jartzeko beharrezko tresna”.
Ildo horretan, hainbat jarduketa lantzen ari da Udala. Jostaldi inguruko lursailean aparkaleku berriak egiteko proiektua enkargatu da dagoeneko, TAO eremuen berrantolaketa ere ari da lantzen Udala, Hondarribiko bizilagunek aparkatzeko lehentasuna izatea helburu izanik. Era berean, Zezen Plazako lur azpiko aparkaleku publikoa egiteko proiektuaren inguruan aurrera egin da. Egindako zundaketek eta georradar bidezko azterketa teknikoek proiektua teknikoki bideragarria dela ondorioztatu dute.
“Aparkaleku eremu berriak garatzeko HAPO berria izatea ezinbestekoa da. Udalbatzak behin-behinean onartu ondoren, dokumentua dagozkion erakundeetara bidali genuen beharrezko txostenak jaso ahal izateko. Une honetan txosten horien zain gaude, eta jaso bezain pronto eramango dugu behin betiko onarpenera”, azaldu du alkateak.
Udal gobernuak nabarmendu du “aparkaleku-politika ez dela neurri bakar baten bidez konpontzen den erronka, baizik eta epe motzeko eta luzeko jarduketen bidez landu beharreko auzia” dela. Horren harira, “gure helburua da hondarribiarrek aparkatzeko dituzten zailtasunak arintzea eta herriaren beharrei erantzuten dien mugikortasun-eredu egokiagoa eraikitzea”, adierazi du.






