Eusko Jaurlaritzak 400.000 euro bideratuko ditu Euskal Kultura Ondare Immateriala zaindu eta belaunaldiz belaunaldi transmititzeko proiektuak sustatzera

0
  • 2026-2027 aldian, Euskadiko tradizioak, jakintzak eta kultura-adierazpenak ikertu, dokumentatu, berreskuratu eta zabaltzeko ekimenak babestuko ditu deialdiak
  • Laguntzak bi ildotan banatuko dira: bata ikerketa-proiektuetarako, eta bestea ondare immateriala transmititu eta gizarteratzeko ekimenetarako

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du 2026-2027 aldian Euskal Kultura Ondare Immaterialaren arloko proiektuak garatzeko laguntzen deialdia arautzen duen agindua. Deialdiak 400.000 euroko aurrekontua izango du, 2026 eta 2027 ekitaldien artean banatuta, Euskadiko kultura-ondarea ezagutarazi, zaindu eta belaunaldi berriei transmititzen lagunduko duten ekimenak babesteko.

Deialdia bi laguntza-ildotan egituratzen da. Lehenengo ildoa ikerketa, dokumentazio, katalogazio eta azterketa-proiektuetara bideratuta dago, Euskal Kultura Ondare Immaterialaren ezagutza handitzeko eta hura zaintzeko tresnak garatzeko. Bigarren ildoak, berriz, tradizioak bizirik mantendu eta herritarrengana hurbiltzea du helburu. Horretarako, lanbide eta jakintza tradizionalak berreskuratzeko ekimenak, belaunaldien arteko transmisioa sustatzeko jarduerak, argitalpenak, dokumentalak, kongresuak, erakusketak, tailerrak eta interpretazio-zentroak lagunduko dira.

Laguntza hauen helburua da Euskadiren nortasunaren parte den ondareari eutsi eta etorkizuna bermatzea: ahozko tradizioak, jaiak eta errituak, musika eta dantza, naturari lotutako jakintzak, artisautzako teknikak eta belaunaldiz belaunaldi transmititu diren bestelako kultura-adierazpenak.

2025-2026ko deialdian, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 23 proiektu lagundu zituen. Horien artean daude Arabako Lautadako kultura-ondarearen dokumentazioa, txalapartaren eta bertsolaritzaren transmisioa sustatzeko ekimenak, Kuartangoko landa-inauteriak berreskuratzeko proiektua, damaskinatuaren artisau-lanbidea zaintzeko ekimena, Bilboko Itsasmuseumek bultzatutako Pasajerue’26 proiektuaren barruan ontzi tradizional bat eraikitzea, edo Mungia, Plentzia, Markina-Xemein, Aia eta Kuartango bezalako udalerrietan kultura-ondare immateriala ezagutarazteko programak.