Eusko Jaurlaritzak Antoñanan jantoki sozial bat finantzatzeko 10.000 euro bideratuko ditu

0
  • Landa-eremuetan bizi diren adineko pertsonak zaurgarritasun bereziko egoeran daude, eta arazo hori are nabarmenagoa da herri txikietan, hala nola Antoñanan
  • Antoñanak 147 biztanle ditu eta astelehenetik ostiralera bitartean zabalik egondo den jantoki soziala 65 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago
  • Jantoki sozialak dituen helburuen artean nutrizio-premietara egokitutako janaria ziurtatzea eta sareak zein gizarte-harremanak sortzea erraztuko duten espazioak sustatzea daude

Landa-eremuetan bizi diren adineko pertsonak zaurgarritasun bereziko egoeran daude, eta arazo hori are nabarmenagoa da herri txikietan, hala nola Antoñanan (Araba), non isolamenduak eta nahi ez den bakardadeak intentsitate handiagoz eragiten baitiete adinekoei.

Erronka demografikoaren helburuak komunitate biziei eta jasangarriei eustea, zerbitzu publikoak bermatzea, gizarte-kohesioa bultzatzea eta politikak biztanleria aldakorrera egokitzea dakar. Guzti honetan oinarrituta Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak Antoñanan (Araba) adinekoentzako jantoki sozial bat finantzatzeko 10.000 euroko dirulaguntza ematea onartu du.

Antoñanak 147 biztanle ditu eta jantoki sozial berriari esker astelehenetik ostiralera, eguerdian, adinekoak Gizarte Etxera bazkaltzera joan ahal izango dira. Arabako landa-ingurunearen ezaugarri geografiko eta sozialek agerian uzten dute biztanle-guneak oso sakabanatuta daudela eta zahartze-tasa handia dela. Antoñanan, esaterako, adineko pertsonen kolektiboa nabarmentzen da, batez ere gizonena, bakarrik bizi baitira, kontaktu sozial gutxiagorekin, jarduera fisiko eta sozial baxuarekin eta jarduera berriak egiteko motibazio faltarekin.

Antoñanak sukaldea eta jantokia dituen gizarte-zentro bat du, eta, beraz, Administrazio Batzarrak esku-hartze hori diseinatu du adinekoei menu edo dieta orekatu bat eskaintzeko, arrazoizko prezioan, harreman-ingurune atsegin batean.

Ekimena Antoñanako adinekoentzat pentsatuta dago, 65 urtetik gorakoentzat, bakarrik edo bikotekidearekin bizi direnentzat, modu autonomoan elikatzen direnentzat, elikadura orekatuarekin laguntza behar dutenentzat edo espazio erlazional eta abegikorra behar dutenentzat.

Jantoki sozialak honako helburuak ditu: erabiltzaileen nutrizio-premietara egokitutako janaria ziurtatzea; adinekoek elikaduran ohitura osasungarriak gara ditzaten erraztea; ahalik eta denbora luzeenean bizimodu autonomoa izan dezaten laguntzea; etxean eta ingurunean egoteko aukera ematea; arrisku-egoerak detektatzea eta sareak eta gizarte-harremanak sortzea erraztuko duten espazioak sustatzea.

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailak bere gain hartzen ditu biztanleriaren aldaketetatik eratorritako erronkak kudeatzeko helburuak, honako hauen ondorioz: landa-inguruneko despopulazioa, biztanleriaren zahartzea, biziraupen-tasa handitzea, bakarrik bizi diren adinekoen kopurua handitzea, familia-eredua aldatzea, familiako zaintzaileen potentziala murriztea, eta pertsona askok beren etxean eta ingurunean bizitzen jarraitu nahi izatea. Hainbat arrazoirengatik, adinekoen kolektiboaren premiak handitu egin dira, eta ekintza eta baliabide berritzaileagoak eta egokiagoak garatzeko erronka planteatzen da.