Eusko Jaurlaritzak Musikeneren Mediateka Euskadiko Liburutegi Sisteman integratuko du

0
  • Musikeneren funts espezializatuak Euskadiko Katalogo Kolektiboan (Bilgunea) txertatuko dira, herritarrek eta ikertzaileek errazago kontsultatu ahal izan ditzaten

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eta Musikene Fundazioaren arteko lankidetza-hitzarmena, Musikeneren Mediateka Euskadiko Liburutegi Sisteman eta Euskadiko Katalogo Kolektiboan (Bilgunea) integratzeko.

Hitzarmen honi esker, Musikeneren funts bibliografikoak Euskadiko Katalogo Kolektiboaren bidez kontsultatu ahal izango dira. Horrela, musikaren inguruko dokumentu-funts espezializatu horiek ikusgarritasun handiagoa izango dute, eta herritarrek nahiz ikertzaileek errazago eskuratu ahal izango dituzte. Integrazioa pixkanaka egingo da, funtsen titulartasuna Musikenerena izaten jarraituko duen arren.

Gaur egun, Musikeneren Mediatekak 40.500 bibliografia-erregistro baino gehiago ditu, eta Euskadiko musikaren arloko dokumentazio-zentro espezializatu garrantzitsuenetako bat da. Hitzarmenak ez du kostu ekonomikorik ekarriko alderdi sinatzaileentzat.