Osasun Sailak, Osakidetzak eta Euskadiko Farmazialarien Elkargo Ofizialek programa aitzindari bat abiarazi dute, 2 motako diabetesa eta polimedikazioa dutenei ematen zaien arreta hobetzeko

0
  • Gaur Gasteizen sinatu den hitzarmenak indartu egingo du farmazia komunitarioek osasun-eragile gisa duten zeregina, eta jarraipen farmakoterapeutiko integrala sustatuko du, Lehen Mailako Arretarekin koordinatuta
  • 2 motako diabetesak Euskadiko gizonen % 4,9ri eta emakumeen % 3,6ri eragiten die, eta polimedikazioari lotutako konplikazioak izateko arriskua areagotzen du
  • Ekimen hau XIII. Legegintzaldiko Gobernu Programan eta Euskadiko Osasun Itunean jasotako konpromisoetan kokatzen da, pertsonengan oinarritutako osasun-sistema baten aldeko apustua egiten du, koordinatuagoa eta osasun-emaitzetara bideratuagoa

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Osakidetzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialek lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur, Euskadin 2 motako diabetesa eta polimedikazioa dutenei zuzendutako jarraipen farmakoterapeutiko integraleko programa garatzeko.

Hitzarmena Gasteizko Mercedes Villacorta farmazia komunitarioan sinatu da, eta hauek parte hartu dute: Aritz Uriarte, Administrazio eta Finantzaketa Sanitarioko sailburuordea; Lore Bilbao, Osakidetzako zuzendari nagusia; Milagros López de Ocariz, Euskal Herriko Farmazilarien Kontseiluko presidentea eta Arabako Farmazialarien Elkargo Ofizialeko presidentea; Juan Uriarte, Bizkaiko Farmazialarien Elkargo Ofizialeko presidentea; eta Izaro Oyarbide, Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialeko presidentea. Iñaki Betolaza Eusko Jaurlaritzako Farmaziako zuzendaria eta Mercedes Villacorta farmazialaria ere bertan izan dira.

Pertsonak ardatz dituen osasun-sistemaren aldeko apustua

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Farmazia Zuzendaritzaren bitartez, programa finantzatuko du —urtean 100.000 euroko zuzkidura—, parte hartzen duten farmazia-bulegoek egindako jarraipen farmakoterapeutikoko jarduerak garatzeko. Hitzarmenaren hasierako indarraldia lau urtekoa izango da, eta jarraipen-batzorde bat izango du, Osasun Saileko, Osakidetzako eta Farmazialarien Elkargo Ofizialetako ordezkariek osatua, haren garapena eta emaitzak ebaluatzeko.

Ekimena XIII. Legegintzaldiko Gobernu Programan eta Euskadiko Osasun Itunean jasotako konpromisoen barruan dago. Itun horrek pertsonak ardatz dituen osasun-sistema koordinatuagoa eta osasun-emaitzetara bideratua izatearen alde egiten du. Testuinguru horretan, akordioak Lehen Mailako eta Komunitateko Arreta indartzen du, medikamentuen erabilera arrazionala bultzatu eta farmazia komunitarioek herritarrengandik hurbil dauden osasun-eragile gisa duten ahalmena aprobetxatzen du.

Hitzarmen horren bidez, erakunde sinatzaileek osasun-arreta integratuagoa, prebentiboagoa eta pertsonak ardatz dituena izateko konpromisoa berretsi dute, eta, horretarako, farmazia komunitarioen gertutasuna baliatzen dute tratamenduen segurtasuna, gaixotasun kronikoak dituzten pazienteen bizi-kalitatea eta osasun-sistemaren iraunkortasuna hobetzeko.

Gaixotasun kronikoak dituztenen bizi-kalitatea hobetzea

2 motako diabetesa osasun publikoaren erronka nagusietako bat da, prebalentzia handia duelako, osasunean eragina duelako eta konplikazioak sortzen dituelako. Euskadin, Osasun Sailak egindako azken EAEko Osasun Inkestaren arabera, gizonen % 4,9ri eta emakumeen % 3,6ri eragiten die. Gaixotasuna oso lotuta dago patologia baskular eta zirkulatorioekin, eta kronikoa izateak eta prebentzio-tratamenduen erabilera gero eta handiagoak polimedikazioa sortzen dute. Egoera horrek handitu egiten du tratamendu desegokiak, kontrako erreakzioak eta medikamentuekiko interakzioak izateko arriskua, eta ondorio larriak eragin ditzake pazienteen osasunean.

Egoera horretan, hitzarmenaren bidez, egiaztatutako farmazia-bulegoek 2 motako diabetesa duten eta zortzi sendagai edo gehiago jarraian erabiltzen dituzten 65 urtetik gorako pazienteen jarraipen farmakoterapeutiko pertsonalizatua egingo dute. Helburua da tratamenduen egokitasuna hobetzea, atxikimendu terapeutikoa handitzea, medikamentuekin lotutako arazoak detektatzea eta osasun-emaitza hobeak lortzen laguntzea.

Halaber, farmazien eta Osakidetzako Lehen Mailako Arretako profesionalen arteko koordinazioa sustatuko du programak, eta medikazioarekin lotutako gorabeheren komunikazioa, ospitaleratzeen edo kontsulta espezializatuen ondorengo tratamenduen kontziliazioa eta parte-hartzaileen etengabeko jarraipena bultzatuko ditu.

Farmaziak, osasun-arretan integratuago

Parte-hartzaileek arreta farmazeutiko egituratua jasoko dute, eta barne hartuko dituzte aldizkako elkarrizketak, medikazioaren berrikuspen integrala, atxikidura terapeutikoaren ebaluazioa, bizi-kalitatearen jarraipena eta tratamenduei lotuta gerta daitezkeen interakzioak, bikoiztasunak edo segurtasun-arazoak detektatzea. Ekimenak indartu egiten du Euskadiko 800 farmazia komunitario baino gehiagok osasun-baliabide hurbil eta irisgarri gisa duten zeregina, haien lana kronikotasunari arreta emateko estrategian eta euskal osasun-sistemak bultzatutako lehen mailako arreta-ereduan eta arreta-eredu komunitarioan integratuta.