- Euskadiko Kirol Portuak bi zaintzaile gehiago jarri ditu, seinaleztapena hobetu du eta Ertzaintzarekin koordinazioa indartu du Santa Katalina inguruan bainularien kopurua handitu delako
- «Guztiek uda segurtasunez gozatzea nahi dugu, baina, aldi berean, portuko jarduera eta erabilera espezifikoa duten ontziak eta instalazioak errespetatzea ere bermatu behar dugu», nabarmendu du Amaia Barredo
Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko Kirol Portuak erakundearen bitartez, uda honetan zaintza eta prebentzio-neurriak indartu ditu Mundakako portuan, ontziak babesteko eta portuko instalazioen erabiltzaileen eta udako garaian espazio horretara hurbiltzen diren pertsonen arteko bizikidetza sustatzeko.
Santa Katalina inguruan bainularien kopuruak nabarmen gora egin duela ikusita neurri horiek hartu dira. Azken asteotan atzeman da pertsona ugari ainguratuta dauden ontzietara igotzen direla, plataforma gisa erabiltzeko uretara jauzi egiteko. Jokabide horiek hainbatetan kalteak eragin dizkiete ontziei eta eragozpen handiak sortu dizkiete haien jabeei; gainera, arrisku-egoerak ere eragin dituzte portuko jarduerarako berariaz prestatutako eremu batean.
Gorabehera horiek siahesteko, Euskadiko Kirol Portuak entitateak dagoen seinaleztapena berrikusi du, bainatzea debekatuta dagoela adierazten duten kartelak behar bezala ikusgai eta egoera onean daudela bermatzeko. Era berean, kateak eta bestelako elementu disuasorioak jarri dira portuko zenbait gunetan, uretara jauzi egiteko erabili ohi diren lekuetara sartzea eragozteko; izan ere, jarduera hori bereziki arriskutsua da portu-esparru baten barruan.
«Portuak nabigaziorako eta itsas jarduerarako azpiegiturak dira. Itsasertzaz gozatzea bateragarri egin behar dugu instalazioak eta ontziak erabiltzen dituzten pertsonenganako errespetuarekin, eta une oro pertsonen segurtasuna bermatu behar dugu», adierazi du Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantzako sailburu Amaia Barredok.
Neurrien artean dago, halaber, Ertzaintzarekiko koordinazioa indartzea. Horretarako, bilera egin da Gernikako ertzain-etxeko arduradunekin, poliziaren presentzia areagotzeko bainulari gehien biltzen diren uneetan, bereziki asteburu eta jaiegunetan, itsasgora arratsaldeko ordutegiarekin bat datorrenean.
Gainera, joan den asteburutik aurrera, Euskadiko Kirol Portuak entitateak ohiko zaintza-dispositiboa zabaldu du, beste bi zaintzaile gehituta jende gehien biltzen den uneetan.
Azken urteotan portu batzuetan bainularien presentzia ohikoa bada ere, azken udetan nabarmen areagotu da tenperatura altuko aldiekin batera. Mundakaren kasuan, ainguratuta dauden ontziak bainurako plataforma gisa erabiltzen dituzten pertsonen kopuruak gora egin duenez, beharrezkoa izan da neurri espezifiko hauek hartzea, segurtasuna zaintzeko, portuko erabiltzaileen ondarea babesteko eta portu-eremuaren erabilera desberdinen arteko bizikidetza egokia bermatzeko.






