Euskal Trenbide Sareak Pasaiako Topoaren zubibidea eta geltoki zaharra eraisteko obrak lizitatu ditu

0
  • Lanek 6,4 milioi euroko aurrekontua eta esleitzen direnetik urtebeteko egikaritze-epea dute

 

Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak, Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren bitartez, Pasaiako zubibidea eta Topoaren geltoki zaharra eraisteko lizitazioa egin du, joan den larunbatean lurpeko terminal berria Altza-Galtzaraborda trenbide-saihesbidearen tarte gisa ireki ondoren.

Desmuntatzeko lanak joan den asteburuan hasi ziren, azpiegitura erabilerarik gabe geratu bezain laster, zubibideko katenariako kableak eta beste trenbide instalazio batzuk kenduta. Datozen egunetan beste elementu batzuekin jarraituko dute, hala nola trenbideekin. Zubibidearen egituraren eraisketa lanak esleitu eta 12 hilabetean zehar egingo da, eta 6,4 milioi euroko aurrekontua, gehi BEZa, dute.

Egin beharreko lanetan, guztira 386 metroko luzera duen zubibidearen zatirik handiena desmuntatu behar da, eta inguruko eraikinen egonkortasuna bermatzeko beharrezkoak diren egiturazko elementuak eta Topoak 1912tik erabilitako azpiegituraren aztarna gisa geratuko den Molinao errekaren gaineko arkupe bikoitza baino ez dira kontserbatuko. Ildo horretan, kontserbatutako elementuen egonkortasuna bermatzeko beharrezkoak diren euste-pantailak egingo dira.

Eraispenekin hasi aurretik, ETS berrerabil daitezkeen instalazio eta altzari guztiak desmuntatzen ari da, batez ere erabiltzen ez den geltokiko eraikinean. Era berean, erakunde publikoak, zubibidea eraitsi aurretik, ikuskapen bat egingo du inguruetako etxebizitza eta lokaletan, eta eraikin horiek auskultatzeko sistema bat prestatuko du. Zubibidearen gune batzuetan etxebizitzak gertu daudenez, eraisten den puntu zehatza zati finko batez eta mugikor batez osatutako egitura tubular baten bidez kapsulatuko da, hautsa hartzeko eta iragazteko sistemarekin, esparru horretatik kanpo ahalik eta hauts gutxien isurtzeko.

Eraisketari esker, Topoaren zubibideak Pasai Antxoko hiri eta paisaia ingurunean dakarren hesia kendu ahal izango da. Jarduketa horren bidez hiri-konektibitatea erraztea, eremu horren biziberritzea bultzatzea eta herritarren bizi-kalitatea hobetzea bilatzen da. Guztira, 2.800 metro karratu libre herriko Udalaren esku jarriko dira, udal-lurzorua baita. Espazio horri Azoka zaharra eraitsi ondoren Gure Zumardian berreskuratutako 748 metro karratuak gehitu behar zaizkio.