Eusko Jaurlaritzak 470.000 euroko dirulaguntza onartu du UNEDek Euskadin dituen hiru ikastetxe elkartuentzat

0
  • UNEDek unibertsitate ikasketak egiteko aukera ematen die lan- edo egoera pertsonal desberdinak dituzten pertsonei
  • Euskal Autonomia Erkidegoan hiru ikastetxe elkartu ditu: Bergaran, Bizkaian eta Vitoria-Gasteizen

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak, gaur, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak proposatuta, 470.000 euroko dirulaguntza ematea onartu du Euskadin jarduten duten Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalaren (UNED) hiru ikastegi elkartuentzat.

Finantzaketa horren bidez, Eusko Jaurlaritzaren eta UNEDen arteko lankidetzari jarraipena emango zaio, goi-mailako hezkuntzarako sarbidea errazteko. Helburua da lan-, familia-, ekonomia- edo bizileku-arrazoiengatik urrutiko irakaskuntza aukeratzen duten pertsonei unibertsitate-ikasketak egiteko aukera izan dezaten. Era berean, aurrez aurreko irakaskuntzaren eta urrutiko irakaskuntzaren arteko koordinazioa indartu, Euskal Unibertsitate Sistemaren kalitatea sustatu eta UNEDeko ikasleei Euskadiko gainerako unibertsitateetako ikasleen pareko tratamendua bermatu nahi zaie.

Testuinguru horretan, bi erakundeen arteko hitzarmenak hainbat neurri jasotzen ditu, UNEDeko ikasleek urrutiko tutoretza Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan —euskaraz nahiz gaztelaniaz— jaso ahal izan dezaten. Horrela, aukera-berdintasuna indartzen da, eta kalitatezko unibertsitate-irakaskuntzarako sarbidea bermatzen da bi hizkuntza ofizialetan.

Dirulaguntza honela banatuko da UNEDek Euskadin dituen hiru ikastegi elkartuen artean: Vitoria-Gasteizko ikastegiak 117.603,40 euro jasoko ditu; Bergarakoak, 123.591,20 euro; eta Bizkaikoak, 228.805,40 euro, hitzarmenaren Koordinazio Batzordeak onartutako banaketaren arabera.

Erabaki honen bidez, Eusko Jaurlaritzak berretsi egin du kalitatezkoa, irisgarria eta herritarren premietara egokitutako goi-mailako hezkuntzaren aldeko konpromisoa. Aldi berean, aitortu egin du UNEDek Euskadin dituen ikastetxe elkartuek egiten duten lan akademikoa, kulturala eta soziala.