Gizarte Bonu Termikoaren onuradunen kopurua %45 handitu da azken lau urteetan Euskadin

0
  • Bonu termiko soziala jasotzen duten pertsonen kopuruak gora egin du 2021ean 43.813 izatetik 2025ean 63.837 izatera.
  • Eusko Jaurlaritzak aurrekontu-aldaketa bat onartu du, Gizarte Bonu Termikoa ordaintzeko guztizko gastu-zuzkidura 14.463.744 eurora arte handitzeko.

Gizarte Bonu Termikoa kontsumitzaile kalteberenek bero-energia behar duten jardueretara (kalefazioa, ur bero sanitarioa edo sukaldea) bideratzen dituzten gastuak konpentsatzeko zuzeneko laguntza da, erabilitako energia-iturria edozein dela ere.

Gaurko Gobernu Kontseiluan, Eusko Jaurlaritzak aurrekontu-aldaketa bat onartu du, Gizarte Bonu Termikoa ordaintzeko guztizko gastu-zuzkidura 14.463.744 euroraino handitzeko. Hau da, aurreko ekitaldian baino 371.705 euro gehiago. Gorakada aurrerapauso bat da pobrezia energetikoaren prebentzio eta abordatze-jarduerak indartzeko, bereziki pertsona ahulenei eragiten baitiete.

Azken urteotan gora egin du Euskadin Gizarte Bonu Termikoaren onuradunen kopuruak. Zifra osoa 2021ean 43.813 hartzailekoa izatetik 2025ean 63.837 onuradunekoa izatera igaro da.

Urtea ARABA GIPUZKOA BIZKAIA EAE
2021 6.870 12.250 24.693 43.813
2022 7.526 13.563 27.237 48.326
2023 8.783 15.749 30.502 55.034
2024 9.968 17.545 34.733 62.246
2025 10.276 18.026 35.535 63.837

 

Gizarte Bonu Termikoa ordainketa bakarrean datza, eta Euskadin dirulaguntza horren zenbatekoa urtean 139 eurotik 400 eurora bitartekoa da,  zaurgarritasun mailaren eta zonalde klimatikoaren araberakoa. Eusko Jaurlaritzak, udaberrian, gutun bat bidali zien familia onuradunei. Mezu horretan, honako hauen berri eman zitzaien: dagokien laguntza, diru-sarrera egiteko aurreikusten den kontu-zenbakia eta laguntzari uko egiteko aukera.

Ordainketa aurreratzeko, onuradunek, gutunean adierazten zaien bezala, erantsitako esteka erabil dezakete eta laguntza kobratu, gehienez ere 2-3 eguneko epean. Inolako kudeaketarik egiten ez badute, ordainketa aurreikusitako ordainketa masiboaren barruan egingo da, ziur asko urrian egingo dena.