- Hitzarmenak aukera emango du estatistikaren arloko lanak garatu ahal izateko behar diren metodologiak eta informazioa trukatzeko
Gobernu Kontseiluak, Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak proposatuta, Eustat – Euskal Estatistika Erakundearen eta Estatistikako Institutu Nazionalaren (INE) arteko lankidetza hitzarmena sinatzeko baimena eman du astearte honetan, 2026ko Biztanleriaren eta Etxebizitzen Zentsuak eta Euskadiko Biztanleriaren eta Etxebizitzen Oinarrizko Ezaugarrien Inkesta (ECEPOV2026) egiteko.
Hitzarmen horren helburua da beharrezkoak diren metodologiak eta informazio estatistikoa trukatzea, bi institutuen estatistika eragiketa ofizialak egiteko. Horrela, Eustatek INEri bere Lurraldeko Datu Basearen informazio alfanumerikoa eta kartografikoa emango dio, bai eta biztanleriaren, hezkuntzaren, jardueraren eta etxebizitzaren arloan egindako zentsu eragiketetatik eratorritako etxebizitzen eta pertsonen datu estatistikoak ere. Bestalde, INEk administrazio iturrietatik abiatuta egindako zentsu proiektuaren aldagaiak emango dizkio Eustati, baita Euskadiri dagokion ECEPOV2026 inkestaren jatorrizko informazioa ere. Inkesta 2027ko urtarrilaren 1a baino lehen entregatuko da.
Bi erakundeen arteko lankidetza bakoitzak dituen estatistika eskumenetan oinarritzen da: Estatuak, estatu helburuetarako estatistikaren gaineko eskumen esklusiboarekin, eta Euskal Autonomia Erkidegoak, bere helburuetarako estatistikaren arloko eskumen esklusiboarekin, EAEko Estatutuaren arabera. Hitzarmenak ez du alderdien artean gasturik edo finantza prestaziorik sortuko.
Akordioaren jarraipena egiteko, Jarraipen Batzorde bat eratuko da, bi erakundeetako ordezkariek osatua, hartutako konpromisoak betetzen direla zaintzeko. Hitzarmen horrek lau urteko indarraldia izango du, eta beste lau urtez luzatu ahal izango da.






