Ekimenaren helburua da Euskadiren eta Kolonbiako Nariño departamenduaren arteko aliantzak sendotzea, giza garapen jasangarria, bakearen eraikuntza eta giza eskubideen defentsa sustatzeko.
eLankidetza Lankidetza eta Elkartasunerako Euskal Agentziako ordezkaritza bat Nariño departamenduan (Kolonbia) izan da, Javier Cortés zuzendaria buru eta Rafael Kutz Eusko Jaurlaritzak Kolonbian duen ordezkaria lagun. Bisitaren helburua Euskadiren eta Nariñoren arteko lankidetza integralerako proposamena sendotzea izan da, Nazio Batuen Blueprint eredua oinarri hartuta, 2030 Agendaren lurraldeko garapena bultzatzeko.
Aurkeztutako proposamenak giza garapen jasangarria sustatzeko lankidetza eredua planteatzen du, eragile eta gobernantza maila anitzeko aliantzetan oinarritua. Helburua da bakearen eraikuntza indartzea, giza eskubideak sustatzea eta lurraldearen gaitasun instituzional eta sozialak sendotzea.
Misioan, euskal ordezkaritza Luis Alfonso Escobar Jaramillo Nariñoko gobernadorearekin bildu da, baita Mario Lima Lankidetzarako zuzendari nagusiarekin eta gobernuko hainbat sailetako ordezkariekin ere. Topaketetan bi lurraldeen arteko lankidetza aukerak aztertu dituzte, epe luzerako ikuspegiarekin garapen jasangarrirako agenda partekatua eraikitzeko.
Halaber, bilerak egin dituzte Nazio Batuen Tokiko Koordinazio Taldearekin. Talde horrek lurraldean diharduten agentzien lana koordinatzen du, eta 2030 Agendaren ezarpena sustatzen du. Ordezkaritzak Nariñoko Lankidetza Koordinatzeko Mahaiaren saioetan ere parte hartu du. Mahai horretan gizarte erakundeak, nazioarteko lankidetzako eragileak eta departamenduaren garapenarekin konprometitutako erakundeak biltzen dira.
Bisitan parte hartu dute, era berean, Nariñon euskal lankidetzarekin lotura duten hainbat erakundek: Alboan, Mundukide, Mundubat, Universidad Javeriana, Servicio Jesuita a Refugiados (JRS), Fundación Suyusama, Acción contra el Hambre, Ayuda en Acción, Gernika Gogoratuz, Oxfam, UNICEF Euskadi, SETEM eta Mugen Gainetik, besteak beste. Tokiko garapen ekonomikoko agentziek, Merkataritza Ganberek eta Nariñoko Unibertsitateak ere bat egin dute ekimenarekin.
Topaketetan nabarmendu dute euskal lankidetzak sustatutako ekintzak, lurraldean jarduten duen nazioarteko lankidetza eta Nariñoko Garapen Plana elkarren osagarri izan daitezkeela. Testuinguru horretan, Blueprint ikuspegia lehendik dauden ekimenak lotzeko, eragileen arteko sinergiak sendotzeko eta giza garapen jasangarrirako inbertsioen eragina handitzeko tresna gisa aurkeztu dute.
Proposamenaren beste helburuetako bat da Nariñoren lotura indartzea lurralde arteko nazioarteko sareekin eta Hego-Hegoko lankidetza prozesuekin. Horren bidez, antzeko erronkei aurre egiten dieten lurraldeen arteko esperientzia trukea eta elkarrekiko ikaskuntza sustatu nahi dituzte. Ikuspegi hori bat dator Nazio Batuen Tokiko 2030 Koalizioak bultzatzen duen 2030 Agendaren lurraldeko ezarpen prozesuarekin; koalizio horren idazkaritza globala Bilbon dago.
eLankidetzak, hala, lankidetza eraldatzailearekiko duen konpromisoa berretsi du. Izan ere, tokiko gaitasunak indartzea, aliantza estrategikoak sendotzea eta lurraldeetatik abiatuta erronka globalei aurre egiteko irtenbide partekatuak eraikitzea ditu ardatz. Ekimenak, aldi berean, Euskadiren eta Nariñoren arteko lankidetzaren aro berri bati eman dio hasiera. Elkarrekiko konfiantzan, sareko lanean eta garapen jasangarriaren erronkei modu kolektibo eta inklusiboan erantzun behar zaielako uste sendoan oinarritzen da etapa berri hori.






