Nafarroako Gobernuak eta Uharte Arakilgo Udalak 3,1 milioi euro inbertituko dituzte elkarlanean sareak eta zoladurak hobetzeko jarduketa batean, herri horretako hirigunean uholdeak izateko arriskua prebenitzeko eta, horrela, gero eta ohikoagoak diren muturreko fenomeno klimatikoen ondorioak arintzeko, kasu honetan Arakil ibaian euri eta ur goraldi handiak egitearen inpaktua.
José Mari Aierdi Fernández de Barrena Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak eta Txomin Huarte Baleztena Uharte Arakileko alkateak, zein bere talde teknikoaz lagunduta, udalerri horretako obren hasiera gainbegiratu dute gaur, asteartea. Obra horien bidez, Erreka kalearen erdialdetik lurpetik doan eta Mugerri erreka bideratzen duen ibai-uren galeria berritu eta handituko da, huste-ahalmen handiagoa izan dezan ezohiko uraldietan. Bisitan hartu dute parte, halaber, Ana Bretaña Ingurumeneko zuzendari nagusiak eta Jesús María Rodríguez Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak.
Aierdi kontseilariak bisitan adierazi duenaren arabera, «klima-aldaketa dela eta, beharrezkoa dugu esku hartzea, eta, kasu honetan, uholdeei ezin diegu aurre egin behin-behineko konponbideen edo kalteak arintzeko laguntzen bidez soilik, behin kalteak gertatu direnean; aitzitik, uholdeei aurrea hartu behar diegu inbertsio prebentibo, moldakor eta planifikatuen bidez, gure hiri eta herrien kalteberatasuna murrizteko betiere».
Foru- eta udal-kofinantzaketa
Nafarroako Gobernuaren Klima Aldaketarako Bulegoak koordinatzen du jarduketa, eta Ingeniería Guallart eta Excavaciones Osés adjudikaziodunek gauzatzen dute. Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak jarduketaren %49 finantzatzen du (1,5 milioi euro, EGEFeko milioi erdia barne), eta Uharte Arakilgo Udalak %32 (988 000€). Gainerako %19a (610 000 €), bideratze eta zoladurei dagokiena, foru-gobernuaren Toki Inbertsioen Planean (TIP) sartzen da.
Ildo horretan, Jesús María Rodríguezek gogorarazi du Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Toki Inbertsioen Planaren (TIP) bidez, 609 859 euroko ekarpena egin duela sare- eta zoladura-jarduketak finantzatzeko, eta toki-entitateen finantzaketak —2019an erreformatu zen— udalerriei ematen dien «egonkortasuna» balioetsi du. «Nafarroako Gobernuak toki-entitateak funtsez zuzkitzen ditu, eta funts horiek aukera ematen dute herritarren bizi-kalitatea hobetzeko, haien eskariei erantzuteko eta lurralde-kohesioa areagotzeko». Zuzendari nagusiak gogorarazi du TIParen 2026-2028 plangintza-aldian Nafarroako 173 entitatek —milioi erdi biztanle inguru hartzen dute— 39,8 milioi jasoko dituztela, eta horiek 84,6 milioiko inbertsioa eraginen dutela, hornidura, saneamendu eta euri uren sareetan jarduketak gauzatzeko, sareekin edo sarerik gabe zoladurak egiteko, zeharbideak urbanizatzeko eta udal- zein kontzeju-zuzkiduretarako.
Uharte Arakilgo esku-hartzea foru-Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak Klima Aldaketarako Bulegoaren bidez sustatu duen planean dago jasota —ia berrogeita hamar jarduketa biltzen ditu, Nafarroako 37 udalerritan egiteko—. Ekimen horren helburua da toki-entitateak eta partikularrak uholde-arriskuaren aurrean egokitu daitezela, eta klima-aldaketak prezipitazioen maiztasunean eta intentsitatean dituen ondorioak minimizatzea.
Jarduketa horien lehen fasean 5,5 milioi euro inbertitu dira dagoeneko, Europako NextGenerationEU programaren bidez finantzatuta, eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak bigarren fasea iragarri du, inbertsioa bikoiztea aurreikusten dena, 12 milioi euro gehiagokoa izateko. Uharte Arakilgo proiektua da, hain zuzen ere, uholdeen aurkako planaren bigarren fasean hasi den lehendabiziko exekuzioa, eta obrak 2027ko irailerako amaitzea aurreikusten da.
Euri-jasak orain hamar urte halako bi dira Nafarroan
Nafarroako Klima Aldaketarako Bulegoa hiriguneak uholdeetara egokitzeko egiten ari den ahalegin jarraituak estatistika jakin batekin du lotura; alegia, estatistika horretan jasotakoaren arabera, foru-komunitatean hiru euri-jasa gertakari izan ziren 1970 eta 2010 arteko 40 urteetan, baina 2011 eta 2024 arteko 13 urteetan soilik, dagoeneko halako zazpi gertakari izan dira, bikoitza baino gehiago.
Adituen arabera, «euri-jasa» deritze orduko eta metro koadroko 60 litro baino gehiagoko prezipitazioei, eta muturreko ratio hori, itxura guztien arabera, gero eta ohikoagoa izanen da.
Nafarroako Klima Aldaketarako Bulegoak —Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren mende dago— bultzatzen eta koordinatzen ditu foru-komunitateko klima-aldaketaren arloko garapena, estrategia, planak eta helburuak. Haren egitekoetako bat da klima-aldaketak uraren kudeaketa zer-nola ukitzen duen eta horrek biztanlerian zer ondorio dituen ebaluatzea, eta klima-aldaketak baliabide hidrikoetan zer emaitza duen ikertzea.






