- Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritza Nagusiak gomendatzen du, Europar Batasunetik kanpo bidaiatu behar denean, aldez aurretik prestatzea dokumentazioa, asegurua eta larrialdietarako kontaktuak.
- Eusko Jaurlaritzak herritarren eskura jartzen du atzerrian gerta daitezkeen gorabeheren aurrean laguntzeko kanala —kanpolarrialdiak@euskadi.eus—.
- Bidaia-asegurua izatea, Bidaiarien Erregistroan izena ematea eta larrialdietarako telefonoak ezagutzea dira gomendio nagusietako batzuk.
Eusko Jaurlaritzak, Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritza Nagusiaren bitartez, Europar Batasunetik kanpo bidaiatzen duten Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrei zuzendutako gomendio batzuk gogorarazi ditu, gerta daitezkeen gorabeherei erraz erantzute aldera eta bidaiarien babesa indartze aldera.
Eusko Jaurlaritzak aditzera eman duenez, Europar Batasunetik kanpo ez dira aplikatzen Europako Osasun Txartela eta asistentzia automatikoa gisako mekanismoak, eta, hartara, funtsezkoa da bidaia aldez aurretik planifikatzea eta erabilgarri dauden babes-baliabideak ezagutzea. Larrialdietan, Estatuko kontsulatu-sareari dagokio asistentzia kontsularra, eta, beharrezkoa denean, Eusko Jaurlaritzak laguntza ematen die Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrei.
Gomendio nagusien artean dago, besteak beste, bidaia-asegurua kontratatzea, zehazki mediku-estaldura, ebakuazioa, aberriratzea eta erantzukizun zibila barne hartuko dituena. Eusko Jaurlaritzak aholkatzen du aseguru-etxearen poliza-zenbakia eta asistentzia-telefonoa beti eskura izatea, formatu digitalean zein paperean.
Era berean, gogorarazi du garrantzitsua dela pasaportea beti geurekin dugula bidaiatzea eta dokumentuaren kopia digital bat eta kopia fisiko bat edukitzea, edozein kudeaketa arintzera begira, baldin eta pasaportea galtzen badugu, lapurtzen badigute edo atxikitzen badigute.
Era berean, Eusko Jaurlaritzak gomendatzen du telefono mugikorra beti operatibo edukitzea, bateria behar beste kargatuta eta datuak ibiltaritza edo tokiko eSIM baten bidez eskuratzeko aukerarekin, hori baita larrialdi-egoeretan komunikatzeko bitarteko nagusia.
Bidaiatu aurretik, larrialdietarako harremanak erregistratu
Beste gomendioetako bat da aldez aurretik gordetzea eta aldean eramatea helmugako herrialdeari dagokion Espainiako Kontsulatu Nagusiaren larrialdi-telefonoa eta Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako Ministerioaren Larrialdi Kontsularreko Unitatearen telefonoa —24 orduetan dago eskuragarri +34 91 000 1249 telefonoan—, baita 112 larrialdietarako Europako telefonoa ere, aplikatzekoa denean.
Eusko Jaurlaritzak aholkatzen du, halaber, bidaia baino lehen izena ematea Kanpo Arazoetako Ministerioaren Bidaiarien Erregistroan. Doako tramite horri esker, gatazkak, hondamendi naturalak edo larrialdiko ebakuazioak gertatuz gero, kontsuletxeetako agintariek bidariak lokalizatu ahal izango ditu eta haiekin harremanetan jarri ahal izango dute.
Gorabeherarik izanez gero nola jardun
Eusko Jaurlaritzak gogorarazten du, istripua edo beste edozein larrialdi-egoera gertatuz gero, lehenengo kontaktua dagokion Espainiako kontsuletxearekin edo Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako Ministerioaren Larrialdi Kontsularreko Unitatearekin egin behar dela.
Ondoren, herritarrek Eusko Jaurlaritzari eman diezaiokete egoeraren berri, kanpolarrialdiak@euskadi.eus helbide elektronikoaren bidez, non dauden, pasaporte-zenbakia eta harremanetarako telefonoa adierazita.
Larrialdietakoak ez diren kontsultak edo kudeaketak egiteko, Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritza Nagusiak 945 01 81 26 telefono-zenbakia gaitu du.
Eusko Jaurlaritzak gomendatzen du aseguru-etxearekin harremanetan jartzea eta kontratatutako polizan aurreikusitako asistentzia-zerbitzuak aktibatzea, eta gogorarazten du komeni dela bidaiatu aurretik helmugako herrialdeari dagokion kontsulatuaren harremanetarako datuak egiaztatzea Kanpo Arazoetako Ministerioaren Bidaiarien Erregistroaren aplikazioaren edo webgunearen bidez.






