Barakaldoko Udalak, Barakaldo Kirolaken bitartez, segurtasun sistema berri bat jarri du martxan Kirol Hirian, azken urteotan hainbat ekintza bandaliko eta txikizio jasan dituzten udal-instalazioak babesteko.
Segurtasun perimetro berria bideozaintza sistema adimendun batek osatzen du, eta instalazioa jendearentzat itxita dagoenean jartzen da martxan.
Dispositiboak bi detekzio radar, bideozaintzako bi kamera, irudi grabagailu bat eta lau bozgorailu ditu, Udaltzaingoarekin zuzenean konektatuta.
Sistemaren funtzionamendua berehalakoa da. Pertsona bat esparrura baimendutako ordutegitik kanpo sartzen denean, radarrek intrusioa detektatzen dute eta automatikoki ahots bidezko abisu bat aktibatzen da, ingurua grabatzen ari dela eta Udaltzaingoari gertakariaren berri eman zaiola jakinarazteko. Aldi berean, agenteak denbora errealean sartzen dira kamerek hartutako irudietara, eta, horri esker, egoera egiazta dezakete eta patruila bat bertaraino mugi dezakete, beharrezkoa bada.
Sistema hori ezartzeak 31.361 euroko inbertsioa eragin du, eta astero atletismoan eta futbolean aritzen diren ehunka erabiltzailerentzat erreferentziazko gune diren kirol instalazioak zaintzeko udalaren konpromisoari erantzuten dio.
«Herritar guztien ondarea den kirol ekipamendua babestu nahi dugu. Ekintza bandaliko bakoitzak kostu ekonomiko handia dakar udalaren diru kutxentzat, baina instalazio horiek entrenatzeko, lehiatzeko edo kirolaz baldintza onenetan gozatzeko erabiltzen dituztenei ere kalte egiten die», adierazi du Amaia del Campo Barakaldoko alkateak, Iñigo Asensio Barakaldo Kirolakeko presidentearekin batera.
Alkateak azpimarratu duenez, «sistema honek baimendu gabeko edozein sarbideren aurrean azkarrago jarduteko aukera emango digu, eta guztiona den espazioa hondatzen duten gizalegearen aurkako jokabideak uxatuko ditu. Gure helburua Kirol Hiriaren osotasuna babestea da, kirol jarduera segurua eta kalitatezkoa bermatzeko».
Aldi berean, Udalak beste jarduera osagarri bat egiten jarraitzen du esparruaren segurtasuna indartzeko: altuera handiagoko itxitura perimetral berri bat jartzea, Kirol Hirira bere ordutegitik kanpo sartzea are gehiago zailduko duena.
Era berean, Udalak dei egiten du herritarren lankidetzara, Barakaldoko bizilagunen instalazio publiko guztiak zaintzeko. «Gure espazio publikoak kontserbatzeko modurik onena denon artean inplikatzea da. Herritarrei eskatzen diegu instalazio horiek errespetatzeko eta, edozein jokabide bandaliko edo susmagarriren aurrean, Udaltzaingoari jakinarazteko. Barakaldo zaintzea erantzukizun partekatua da», esan du alkateak.






