Osakidetza aurrerapausoak ematen ari da Irungo Oinaurre osasun zentro berria eraikitzeko prozesuan

0
  • Sei enpresa aurkeztu dira herriarentzako osasun-zentro handi eta funtzionalago baten proiektua proposatzeko lizitaziora, 11,8 milioi euroko inbertsioari esker
  • Azpiegitura 7.200 metro koadroko lurzati batean proiektatu da, Arrabatenea kalean, Oinaurre auzoan, eta ia 25.000 pertsonari emango die zerbitzua
  • Ekipamendua Lehen Mailako Arretako errefortzu-zentro bat irekitzeko martxan dauden obrei gehituko zaie, baita Irungo Erdialdeko zentroa ordezkatuko duen anbulatorio berriari ere

 

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak aurrerapausoak ematen jarraitzen dute Irungo Oinaurre auzoan osasun-zentro berri bat eraikitzeko prozesuan. Guztira sei enpresa aurkeztu dira lizitaziora, proiektua idazteko eta obrak zuzentzeko. Bi urteko egikaritze-epea ezarri da, eta obrak 2027aren amaieran hasiko direla aurreikusten da. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak 11,8 milioi euro inbertituko dituzte ekipamendu berri horretan.

Espazio berria 7.200 metro koadroko lurzati batean kokatuko da, Arrabatenea kalean, eta herritarrei zentro handi eta funtzionalagoa eskaintzea ahalbidetuko du, haien osasun-premiei erantzuteko. Zehazki, osasun-zentroak 3.500 metro koadro inguruko azalera eraikia izango du, eta 24.700 pertsonari emango die zerbitzua (Belaskoenea, Elitxu-Lapize, Urdanibia herrixka, Anaka, Bentak), eta Plan Funtzionalean jasotako zerbitzu hauek izango ditu:

  • Ama-umeen eremua: 10 kontsulta: medikuntza pediatriko (4) erizaintza (4), emagina (1) eta ginekologia (1)
  • Familiako medikuntzako eremua: 27 kontsulta: familiako medikuntzako (13), erizaintzako (13) eta komunitateko erizaintza (1)
  • Erabilera anitzeko eremua: 4 kontsulta: proba funtzionaletarako sendaketa-gela, larrialdiak eta odola ateratzeko gela
  • Kanpo-kontsultetako eremua: 4 kontsulta: optometriako (1) eta balio anitzeko kontsulta (3)

Gainera, espazioaren zabaltasunari esker, Lehen Mailako Arretako estrategiak barne hartzen dituen figura berriak sartu ahal izango dira, hala nola optometristarena, psikologoarena, fisioterapeutarena, kPAErena (kronikotasuneko praktika aurreratuko erizaina), bai eta balio anitzeko kontsultak ere, ospitaleko espezialistak erabili ahal izateko.

Ekipamendu berri horren bidez, honako hauek lortu nahi dira: osasun-zerbitzuak herritarrengana hurbiltzea, arreta komunitarioa eta prebentziokoa indartzea, osasun-taldeen diziplina anitzeko lana sustatzea eta eraikinaren diseinu funtzionala, irisgarria eta jasangarria bermatzea.

Osakidetzak 6 enpresaren proposamenak jaso ditu guztira, proiektua idazteko eta obrak zuzentzeko. Gaur egun, eskaintza teknikoen balorazioa amaitzen ari da, eta, ondoren, eskaintza ekonomikoak ebaluatuko dira. Kontratua udazkenaren hasieran sinatuko dela espero da.

Irunen eta Hondarribian arreta sanitarioa hobetzea

Oinaurreko salaud-zentro berria proiektatu da inguruko hiri- eta biztanleria-hazkundeari erantzuteko, Lehen Mailako Arretarako irisgarritasuna hobetzeko eta Bidasoko ESIaren sare asistentziala modernizatzeko. Izan ere, Bidasoko ESIaren 2025-2035 Gida Planean jasota dago. Plan horren helburua eskualde osoko arretsa sanitarioa eraldatzea eta hobetzea da, bai Lehen Mailako Arreta, bai ospitaleko arreta.

Oinaurrez gain, Osakidetzak beste bi azpiegitura berri proiektatu ditu Irunen: Irun Berria osasun-zentro berria eta Alarde kaleko Lehen Mailako Arretako errefortzu-zentroa. Hain zuzen ere, errefortzu-zentroa gaitzeko lanak uztailean hasi dira, eta sei hilabeteko epean amaituko dira. Ekipamendu berriak eraikitzen amaitu bitartean, lokal horretan egongo dira pediatriako kontsultak.

Gaur egun, Irungo herritarrei zerbitzua ematen dieten osasun-zentroak bi dira: Irun Erdialdeko anbulatorioa, 1954an eraikia, azpiegitura berriak abian jarri ondoren itxiko dena, eta Dunboako Osasun Zentroa, 1994koa, aipatutako azpiegitura berriekin batera osasun-zentro gisa jarraituko duena.

Bloke kirurgiko berria ospitalean

Era berean, gogorarazi behar da Bidasoko Ospitaleko bloke kirurgiko berriko obrak hasita daudela. Ekipamendu hori ere Plan Zuzentzailean sartuta dago, eta, zalantzarik gabe, aukera emango du Irungo eta Hondarribiko bizilagunei ematen zaien arreta modernizatzeko eta hobetzeko, kasu honetan ospitale-eremuan.  Osasun Sailak eta Osakidetzak 23 milioi euro inbertituko dituzte guztira, 11 milioi euro bloke kirurgiko berri hori eraikitzeko, eta gainerakoa goi-teknologiako ekipamendurako.