- Aldi baterako lan-poltsen deialdiak erantzun zabala jaso du, 600 pertsona inguru inskribatu baitira gaikuntza nazionaleko toki-administrazioko funtzionarioen 200 lanpostu huts betetzeko
- Probak irailaren 21ean egingo dira, Landakon, urte amaierarako hutsik dauden postu horiek betetzeko lan-poltsa martxan izateko udalen beharrei erantzunez
600 pertsona inguruk eman dute izena Eusko Jaurlaritzak bultzatutako aldi baterako lan-poltsetan, Euskadiko udaletan dauden gaikuntza nazionaleko toki-administrazioko ia 200 lanpostu huts betetzeko. Toki-erakundeen beharrei erantzuteko langile kualifikatuak izateko helburuarekin sustatu den aldi baterako lan poltsarako deialdia arrakastatsua izan da, eta idazkaritzako, kontu-hartzailetzako eta diruzaintzako ahalik eta plaza gehien betetzeko aukera emango du.
Figura horiek funtsezkoak dira Euskadiko udalen funtzionamendurako. Idazkariak, udal-erabakien legezkotasuna zaintzeaz arduratzen dira; kontu-hartzaileak, ekonomia-kontrolaz eta baliabide publikoen erabilera egokiaz; eta diruzainak, udal-likidezia eta ordainketen garapen egokia bermatzeaz.
Horregatik, udalak egoera konplexuan daude, gaikuntza nazionala duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordetako 400 postutik erdiak bakarrik daudelako langile titularrez hornituak. Eta esan bezala, toki-erakundeen ohiko funtzionamendurako funtsezko figurak dira, are eta gehiago udalerri txikiagoetan, pertsona berak betetzen dituelako idazkaritza, kontuhartzailetza eta diruzaintzako eginkizunak.
Egoera hori, gainera, larriagotu egin da belaunaldi errelebo ezagatik, azken urteetan eman diren erretiroengatik eta, batez ere, lan-eskaintza publikoen, egonkortze-prozesuen eta aurreko aldi baterako lan-poltsen aurka jarritako errekurtsoen ondoriozko ziurgabetasun juridikoagatik. Errekurtso horien ondorioz, kautelazko etendurak eta baliogabetze judizialak izan dira, eta Konstituzio Auzitegira ere eraman dira abiatutako prozesuak konstituzioaren aurkakoak direla argudiatuz. Horrek guztiak zaildu egin du lanpostu horiek ohiko moduan bete ahal izatea, eta aldi baterako lan poltsak eratuz bete behar izan dituzte erakundeak hutsik dauden plazak, tokiko zerbitzu publikoaren jarraipena bermatzeko.
Egoera konplexu horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiekin eta EUDELekin koordinatuta, aldi baterako lan-poltsa berriak bultzatu ditu, segurtasun juridikoarekin, udalen beharrei erantzuteko. Helburu nagusia da gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako ahalik eta plaza gehien betetzea, eta udalei erantzun eraginkorra, koordinatua eta egonkorra ematea.
Deialdi honi dagozkion probak irailaren 21ean egingo dira Landakon (Durango), urte amaierarako lan-poltsak martxan izateko.
Aipatu deialdiaz gain, erakunde eskudunak laguntza ematen ari dira beren lan-poltsak sortzea erabakitzen duten udalei. Era berean, udal-jarduerari eusteko behin-behineko izendapenak ere egin dira.
Modu honetara, euskal erakundeek berretsi egiten dute hain egoera konplexu, luze eta judizializatuari erantzun koordinatua emateko borondatea; eta Eusko Jaurlaritzak, beste behin, bere eskumen-esparrua defendatu du, eta udalen funtzionamendurako funtsezkoa diren lanpostu horiek betetzeko erantzukizunez jokatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du.
Aitortutako eskumen-esparrua
Euskadik eskumen-esparru sendoa eta aitortua du arlo honetan jarduteko, Konstituzioaren Lehen Xedapen Gehigarrian, Gernikako Estatutuan, Toki Araubidearen Oinarrien Legean (TAOL) eta 128/2018 Errege Dekretuan oinarrituta. Gainera, 2022ko Estatuko Aurrekontu Orokorrak izapidetzean TAOLen 92 bis artikuluan aurreikusitako ahalmen guztiak Euskadiri berariaz aitortzen zizkion xedapena sartu zen. Konstituzio Auzitegiak xedapen hori 2024ko apirilean baliogabetu bazuen ere (67/2024 KAE), epaiak ez zuen eskumen-funtsa zalantzan jarri, baizik eta Aurrekontuen Legea ez zela behar bezala erabili arau-tresna gisa.
2024ko abenduan, Kongresuak 1/2025 Justizia Zerbitzu Publikoaren Efizientziaren Lege Organikoa onartu zuen, urtarrilaren 2koa. Lege horrek berriro aldatu zuen TAOL, eta Euskadiri aitortzen zizkion arlo horretako eskumenak. Alderdi Popularrak aldaketa horren aurkako errekurtsoa aurkeztu zuen Auzitegi Konstituzionalean.






