Osakidetzak Eibarko anbulatorioko fatxadak, estalkia eta leihoak birgaitzeko proiektua esleitu du

0
  • Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak milioi bat euro baino gehiago inbertituko ditu zentroaren isolamendua hobetzeko eta eraikina energia-aurrezpen eta -jasangarritasuneko irizpideetara egokitzeko.
  • Hilabete hauetan proiektua idatzi ondoren, datorren urtean hasiko dira obrak, 2028ko erdialdean amaituko dira, eta Eibarko eta eskualdeko 75.000 pertsonari baino gehiagori etengabeko jarduera asistentziala eskainiko zaie.
  • Esku-hartzea Osakidetzaren 2025-2032 Azpiegitura Programaren eta Osasunaren Euskal Itunak azpiegitura sanitario modernoago, irisgarriago eta jasangarriagoekin duen konpromisoaren barruan kokatzen da.

 

Osakidetzak Eibarko anbulatorioa birgaitzeko proiektuaren idazketa eta inguratzaile termikoaren obra-zuzendaritza esleitu ditu. Zentroan, eraikinaren egungo fatxaden, estalkiaren eta leihoen ordez, inguratzaile termiko berri bat jarriko da, zentroaren isolamendua hobetzeko eta eraikina energia-aurrezpen eta -jasangarritasuneko irizpideetara egokitzeko.

Eraikinaren inguratzaile termikoa birgaitzeko hasieran aurreikusitako inbertsio orokorra 1.097.200 eurokoa da. Proiektatutako konponketek honako hauek aurreikusten dituzte: fatxada aireztatuak instalatzea, eraikinaren estalkian isolamendua indartzea eta leihoak instalatzea zubi termikoaren hausturarekin eta beira bikoitzekin.  Horretarako, hirurogeiko hamarkadako eraikinaren egungo inguratzailea ordeztuko da.

Orain, eraikuntza-proiektua idatziko da, eta, ondoren, birgaitze-obrei ekingo zaie.  Osakidetzak lanak datorren urtean hastea eta 2028ko erdialdean amaitzea aurreikusten du.

Eraikina birgaitzeko lanak Eibarko anbulatorioko jarduera asistentzialean eraginik izan gabe egingo dira. Anbulatorioak asistentzia sanitarioa eskaintzen jarraituko du, bai udalerriko 27.000 biztanle baino gehiagori, bai Debabarrrenako eskualdean bizi diren 50.000 lagunei.

Birgaitze-proiektua Donostiako AGM Arquitectos enpresak egingo du. Arkitektoek ibilbide luzea dute eraikinen diseinuan eta birgaikuntzan, eta lehenago ere lan egin izan dute Osakidetzarentzat eta Gipuzkoako euskal administrazio publikoko hainbat erakunderentzat.

Eibarko anbulatorioko inguratzaile termikoa birgaitzeko lanak Osakidetzaren 2025-2032 Azpiegitura Programan sartzen dira. Programa horrek 1.600 milioi euroko inbertsioa du 74 jarduketa gauzatzeko, Euskadi osoko sare asistentzialaren modernizazio teknologikoa eta berregituraketa barne.

Azpiegitura moderno eta irisgarriak eraikitzearen aldeko apustu hori Osasunaren Euskal Itunean jasota dago. Itun horren azpiegitura sanitarioei buruzko ildo estrategikoan, ibilbide-orri argi bat ezartzen da: sustatzea eta bermatzea zentro sanitario berrien diseinuak, berrikuntzak eta eraikuntzak herritarren benetako premiei erantzuten dietela, lurralde-ekitatea bermatzen dutela eta baliabide publikoen erabileran ingurumen- eta efizientzia-irizpideak txertatzen dituztela.