Nafarroako gobernuak jenderik gabe egotearen zantzuak dituzten pertsona juridikoen etxebizitza hutsak detektatzeko lanak hasi ditu

0

Nafarroako gobernua jenderik gabe egotearen zantzuak dituzten pertsona juridikoen etxebizitza hutsak detektatzeko lanak hasi ditu. Horiek hobeki detektatzeko eta erabilgarri jartzea errazteko, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentua jenderik gabe egotearen zantzuak dituzten etxebizitza horien titularrei komunikazioak bidaltzen hasi da. Nafarroako Etxebizitza arloko Kontrol eta Ikuskapen Planak barnean hartzen duen jarduketa hori 115 higiezinen ikuskapenean zentratzen da. Horietatik 85 Iruñerrian kokaturik daude, eta 30 Nafarroaren gainerakoan.

Nabarmendu behar da jenderik gabe egotearen zantzuak dituzten etxebizitzak detektatu ondotik hasten dela deklarazio-prozesua. Horretarako, jabearekin harremanetan jarri, eta etxebizitzaren okupazioari buruzko azalpenak eskatzen zaizkio. Gainera, deklarazioa egin aitzin, sustapen-neurriak eskaintzen zaizkio, errentamendua edo birgaitze babestua errazteko.

Horrenbestez, Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiak zantzuak detektatu diren 115 etxebizitza horien titular diren pertsona juridikoei komunikazioak bidaltzeari ekin dio, non alegazioak aurkezteko 10 egun balioduneko epea ematen baitie. Epe hori igaro eta ez bada egiaztatzen etxebizitza ez dagoela jenderik gabe, jenderik gabeko etxebizitzaren deklarazioa egiten da, eta Nafarroako Etxebizitza Hutsen Erregistroan inskribatzen. Halaber, toki-entitateei horren jakinarazpena ematen zaie, beren erroldetan sartzeko eta etxebizitza hutsen gaineko zerga kobratzen hasteko.

Etxebizitza hutsaren eta jenderik gabekoaren arteko aldea

Garrantzitsua da etxebizitza hutsak eta jenderik gabeko etxebizitzak bereiztea, ez baitute izaera bera. Etxebizitza huts deritze erabilerarik ez dutenei, eta, oro har, ez dutenei hornidura-kontsumo elkarturik, hala nola ura edo gasa. Alabaina, etxebizitza bati jenderik gabeko irizteko, pertsona fisikoen kasuan, pertsona beraren hirugarren etxebizitza edo ondoren jabetzan hartutakoa izan behar da. Horrenbestez, bigarren etxebizitza ez da jenderik gabeko etxebizitzatzat hartzen, hutsik egon arren.

Pertsona juridikoen kasuan, ez du axola jabetzan daukan etxebizitza kopuruak. Beraz, erabilerarik ez duen etxebizitza jenderik gabeko etxebizitzatzat hartzen ahal da, lehendabiziko jabetza izan arren.
Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiak, lan hori egiteko, azterketa-tresna berri bat garatu du, zeinak aukera ematen baitu ur- eta elektrizitate-kontsumoen datuak katastro-informazioarekin eta egoitza fiskalekin erkatzeko. Horren helburua da hutsik egoten ahal diren higiezinen hasierako identifikazioa hobetzea, betiere zuzendaritza nagusiko teknikariek kasuan-kasuan berrikuspen indibidualizatua egin aitzin.

Lehen fasean, tresnak ahalbidetu du 115 etxebizitzako hasierako zerrenda lortzea, guztiak ere pertsona juridikoen titulartasunekoak, eta ur- eta elektrizitate-kontsumo nabarmenik erregistratu ez direnak.

Ikuskapen Planari loturiko jarduketa 

Ekimen hau barnean hartzen du 2025. eta 2026. urteetarako Etxebizitza arloko IX. Kontrol eta Ikuskapen Planak, zeinaren helburua baita Nafarroako etxebizitza-parkearen erabilera egokia bermatzea. Planaren jarduketa-ardatz espezifikoetarik bat da jenderik gabeko etxebizitzen berrikuspena, eta, halaber, barnean hartzen ditu beste zenbait ekintza, lotura dutenak etxebizitza-sustapen eta -eraikuntzarekin, birgaitze babestuarekin, etxebizitza babestuaren adjudikazio eta eskualdaketarekin, errentamendu-kontratuen erregistroarekin eta edukitzaile handien erregistroarekin.

Horretarako, Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiak garatutako prozeduren gaineko ikuskapenak aurreikusi dira, barnean hartuta etxegintzako araudia betetzea, eskatzaile-erroldaren eta Etxebizitza Sozialaren Foru Funtsaren funtzionamendu zuzena edo birgaitze babestuen kontrola. Era berean, etxebizitza babestuen eskualdaketak eta lagapenak berrikusiko dira, gainprezioak edo ez-betetzeak saihesteko, eta, halaber, alokairu-kontratuen baldintzak eta etxebizitza babestuen benetako erabilera berrikusiko dira, besteak beste.