Hondarribiko Udalak Itsasargi ingurura oinez igotzera animatzen ditu eguzki-eklipsea ikusi nahi duten herritarrak

0

Asteazken honetan, abuztuaren 12an, Hondarribitik eguzki-eklipse partzial sakona ikusteko aukera izango da. Intentsitate handiko fenomeno astronomikoa izango da, eta eguzkiaren %99,70 inguru ezkutatuta geratuko da; hots, ia osotasun osoko ekilpsea izango da.

19:30ak inguruan hasiko da fenomeno astronomikoa, une gorena 20:27 eta 20:36 artean izango da eta 21:20ak ingururako guztia amaituta egongo da. Bada, egun horretan, besteak beste, Higer Itsasargiaren inguruan, jende ugari elkartzea aurreikusten da. Horregatik, Hondarribiko Udaltzaingoak trafikoa eta ibilgailuen sarbidea arautzeko neurri bereziak ezarriko ditu inguru horretan.

16:00etatik aurrera, Udaltzaingoa Itsasargiaren ingurura gerturatzen diren ibilgailuen joan-etorriak kontrolatzen hasiko da. Eta, behin eremua autoz betetzen denean, udaltzainek trafikoa eten egingo dute. Une horretatik aurrera, egoiliarrei bakarrik baimenduko zaie ibilgailuz igotzea.

Gauzak horrela, Hondarribiko Udalak oinez igotzera animatzen ditu Itsasargiaren ingurura eklipsea ikustera joan nahi duten herritar eta bisitari guztiak. Ahal den neurrian ibilgailua etxean uztea gomendatzen da; izan ere, aipatu bezala, une batetik aurrera ezin izango da ibilgailuz igo, eta, horrela, trafiko-ilarak saihesten lagunduko da. Jaizkibelen, aldiz, Ertzaintza arduratuko da trafikoaren eta sarbideen kudeaketaz.

Sutegiak egiteko debekua

Aurtengo udako lehortea dela-eta, sute-arriskua handia da, eta, horrexegatik gogorarazi nahi du Udaltzaingoak sutegiak egitea debekatuta dagoela. Era berean, oso garrantzitsua da lurrera zaborrik ez botatzea (bereziki sua pizten lagundu dezaketen hondakinak, hala nola zigarrokinak edo beira). Asteazkenean jende ugari bilduko denez Itsasargiaren eremuan,  suteak prebenitzeko eta ingurune naturala babesteko neurri guztiak zorrotz betetzeko eskatzen da.

Era berean, Udalak bizikidetza-arauak errespetatzeko eta ingurune naturala zaintzeko eskatzen du. Bereziki, garrantzitsua izango da zaborrik ez uztea, ingurunean kalterik ez egitea eta mendia errespetuz zaintzea. Abuztuaren 12ko fenomeno astronomiko bereziaz gozatu nahi duten herritarrei eta bisitariei, ahal den neurrian, oinez igotzeko, trafiko-arauak eta ingurunea errespetatzeko eta bizikidetza zaintzeko eskatzen die Udalak.