Bizkaiko hiru parketxeetan, guztira 20.320 bisitari ibili dira lehen sei hiletan, eta erreferentziazko gune bilakatu dira herritarrak lurraldeko natura-ondarera hurbiltzeko eta Bizkaiko parke naturalez gehiago jakinarazteko.
Gorbeiako parketxea izan da bisitatuena (7.845 lagun), ondoren Urkiola (6.285 bisitari) eta Armañon (6.190 bisitari).
Natura-parkeak bisitatzen dituztenei informazioa eta arreta emateaz gain, ekipamendu horiek oso garrantzitsuak dira ingurumen-zabalkundean eta -hezkuntzan. Egiatan, lehen seihilekoan, 8.961 ikaslek parte hartu dute Bizkaiko Foru Aldundiak gune babestu horien natura-, paisaia- eta kultura-balioak jakitera emateko antolatutako ibilbide didaktikoetan.
Urkiolak bildu du gainerakoek baino parte-hartzaile gehiago hezkuntza-jarduera horietan, 3.713 ikasle, hain zuzen; Gorbeiak eta Armañonek, berriz, 3.210 eta 2.038, hurrenez hurren.
Bisita gehienak astegunetan
Erregistratutako bisitari guztietatik 13.958 lagun lanegunetan joan ziren parketxeetara; 6.362 lagun, berriz, asteburuetan, zubietan eta jaiegunetan. Alde horren zergatikoa, neurri handi batean, ikastetxeei eta talde antolatuei zuzendutako jarduerak dira.
Ildo horretan, lehen seihilekoan 3.506 bisitari joan ziren parketxeetara talde antolatuetan, eta beste 7.853 bisitari, berriz, bisitari partikularrak izan ziren.
Beren kasa joan zirenen artean, profil ohikoena bikoteena izan zen (2.619 bisitari), eta, ondoren, oso hurbil, familiena (2.572). Taldeka joan ziren 2.292 lagun erregistratu ziren; bakarka joan ziren bisitariak, berriz, 370 izan ziren.
Armañon, Gorbeia eta Urkiolako parketxeak Bizkaiko parke naturaletako ataria dira. Erakusketen, zabalkunde-jardueren, bisita gidatuen eta ibilbide didaktikoen bidez, ekipamendu horiek aukera ematen dute jakiteko zeinen aberatsak diren naturagune babestu horiek ingurumenari, geologiari, paisaiari eta kulturari begira. Eta, aldi berean, natura-ingurunearekiko harreman arduratsuak eta errespetuzkoak sustatzen dituzte.






