Eusko Jaurlaritzak LABI alerta-fasean ezarriko du asteazkenean, 15:00etatik aurrera, eguzki-eklipsea dela-eta

0
  • Aktibazioak egoeraren etengabeko jarraipena egiteko eta zerbitzu eta baliabide operatiboen koordinazioa eta erabilgarritasuna bermatzeko aukera emango du.
  • Eusko Jaurlaritzak gomendatzen du eklipsea gertuko leku batetik behatzea, alferrikako joan-etorriak saihestea eta betaurreko homologatuak bakarrik erabiltzea.
  • 500 kilogramotik gorako ibilgailu astunen zirkulazioa mugatuta egongo da Euskadiko bide-sare osoan 17:00etatik 23:59ra.
  • Euskalmeten iragarpenaren arabera, zeruan hodei gutxi izango da eta ez da prezipitaziorik izango, baina tenperaturak oso altuak izango dira, bereziki Araban.

Eusko Jaurlaritzak LABI – Euskadiko Babes Zibileko Plana alerta-fasean aktibatuko du asteazken honetan, abuztuaren 12an, 15:00etatik aurrera, eguzki-eklipsearen ondorioz eta muturreko tenperatura altu eta iraunkorrengatik abisu horia kontutan hartuta, baita lurraldeko hainbat lekutan joan-etorriak ugarituko direlako eta pertsona asko pilatuko direla aurreikusten delako.

LABI alerta-fasean aktibatzeak egoeraren etengabeko jarraipena egiteko, erakundeen eta jardungo duten zerbitzuen arteko koordinazioa indartzeko eta herritarrei garrantzitsua izan daitekeen informazio guztia helarazteko aukera emango du. Era berean, beharrezkoak izan litezkeen prozedurak, baliabideak eta bitartekoak egiaztatuko direla jasotzen du, bai eta, egoeraren bilakaeraren arabera, operatiboak hurbildu edo prebentzioz birkokatuko direla ere.

Prebentziozko neurri horrek bermatu nahi du ezohikoa izango den egun horretan gerta litekeen edozein gorabeheraren aurrean erantzun koordinatua ematea, mugimendu handia eta eremu irekietan, begiratokietan eta mendebalderantz ikuspen ona duten beste leku batzuetan jende asko pilatzea espero baita.

Segurtasun- eta zaintza-dispositiboa

Ertzaintzak agenteen presentzia eta zaintza indartuko ditu asteazken arratsaldean, bereziki bide-sarean eta pertsona eta ibilgailu gehien bilduko direla aurreikusten den lekuetan eta sarbide nagusietan. Dispositiboak arreta berezia jarriko du bide-segurtasunean, trafikoan, baimendu gabeko lekuetan aparkatzea prebenitzean eta larrialdietako ibilgailuen sarbideak mantentzean.

Ertzaintzako baliabideek koordinatuta lan egingo dute SOS Deiak 112 zerbitzuarekin, larrialdietako zerbitzuekin, udaltzaingoekin eta inplikatutako gainerako erakundeekin. Dispositiboa trafikoaren bilakaerara eta eklipsean zehar eta ondorengo orduetan sor daitezkeen beharretara egokituko da.

Eusko Jaurlaritzak herritarrei eskatzen die Ertzaintzaren, udaltzaingoen eta esku hartuko duten gainerako zerbitzuen aginduak une oro jarraitzeko, eta gogorarazten du edozein larrialdi gertatuz gero 112 telefonora deitu behar dela.

Beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihestu

Gomendio nagusia da eklipsea herritik bertatik edo pertsona bakoitza dagoen lekutik behatzea, beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihestuz. Mugituz gero, aholkatzen da mendebalderantz ikuspen ona duen eta oztoporik ez duen gertuko puntu bat aukeratzea, bidaia aldez aurretik planifikatzea, garaiz iristea eta itzulera mailakatzea.

Trafiko Zuzendaritzak ohartarazi du zirkulazio handia aurreikusten dela eklipsea amaitu ondoren. Zirkulatu behar izanez gero, honako argibideak izan behar dira kontuan:

  • Debekatuta dago ibilgailua bazterbideetan gelditzea eklipsea ikusteko.
  • Ibilgailua trafikotik urrun dagoen leku seguru batean aparkatu beharko da aurretik.
  • Ez zaio begiratu behar eguzkiari eta ez da eklipse-betaurrekorik erabili behar gidatzen den bitartean.
  • Bidean zoazenean, ez da argazkirik atera behar edo bideorik grabatu behar.
  • Argiak piztuta edukitzea gomendatzen da.
  • Arreta berezia jarri behar da oinezkoak ibil daitezkeela aurreikusita.
  • Une oro agenteen argibideei jarraitu beharko zaie.

Gainera, baimendutako gehieneko masa 7.500 kilogramotik gorakoa duten ibilgailuek edo ibilgailu taldeek zirkulazioa mugatuta izango dute Euskadiko bide-sare osoan 17:00etatik 23:59ra bitartean.  Neurri horren helburua da joan-etorri gehien espero diren orduetan bide-segurtasuna bermatzea eta trafikoa arintzea.

Begiak eta beroaren aurrean babestu

Eusko Jaurlaritzak gogorarazi du inoiz ez zaiola eguzkiari zuzenean begiratu behar babes egokirik gabe, ezta ilargiak partzialki estaltzen duenean ere. Zuzenean begiratzeak lesio larriak eta itzulezinak eragin ditzake erretinan, minik hauteman gabe.

Fenomenoa behatzeko modu segurua eguzkia behatzeko berariaz diseinatutako eta ISO 12312-2 arauaren arabera ziurtatutako betaurrekoak erabiltzea da. Erabili aurretik, egoera onean daudela egiaztatu behar da, eta fabrikatzailearen argibideak bete behar dira.

Ez dute balio eguzkitako betaurreko konbentzionalek, ez eta bestelako metodo inprobisatuek ere, hala nola erradiografiek, kristal ketuek, argazki-negatiboek edo CD eta DVDek. Era berean, ez dira erabili behar prismatikoak, teleskopioak edo kamerak tresnaren aurrealdean behar bezala jarritako eguzki-iragazki ziurtaturik gabe.

Homologatutako betaurrekoekin ere, komeni da eguzkiari 45 segundo baino gehiago jarraian ez begiratzea eta behaketa atseden laburrekin txandakatzea. Arreta berezia eskaini beharko zaie haurrei eta pertsona kalteberei, babesa behar bezala erabiltzen dutela egiaztatuz.

Tenperatura altuak izango direla aurreikusten denez eta jendea aire zabalean denbora luzean egon daitekeenez, ura sarri edatea, eguzkitako krema erabiltzea, txapela janztea, itzalak bilatzea eta adingabeekin, adinekoekin eta gaixotasun kronikoak dituzten pertsonekin kontuz ibiltzea gomendatzen da. Gomendio horiek eta beste batzuk Euskadiko eklipsearen webgune ofizialean kontsulta daitezke.

Zeruan hodei gutxi eta tenperatura oso altuak

Euskalmeten iragarpenaren arabera, eklipsea behatzeko baldintzak egokiak izango dira, eta euria egiteko probabilitatea % 0 da hiru lurraldeetan. Hala ere, eguzkia zeruertzean oso beheran egongo denez, ikuspena behaketa-lekuaren mendebalderantz egongo den hodeitzaren baitan egongo da.

Araban giro eguzkitsua espero da, behe-hodeiak izateko probabilitatea oso baxua da eta hodei ertainak eta altuak izatekoa baxua. Gasteizen tenperatura maximoak 36-38 ºC ingurukoak izango dira eta, fenomenoaren unean, 30-32 ºC ingurukoak.

Bizkaian, lehenengo orduetako behe-hodeiak desagertzen joango dira eta zerua garbi egongo da egun gehienean. Eklipse inguruan, behe-hodeiak izateko probabilitatea baxua edo ertaina da. Bilbon tenperatura maximoak 32-34 ºC ingurukoak izango dira, eta fenomenoaren unean 24-26 ºC ingurukoak.

Gipuzkoan ere desagertzen joango dira goizeko behe-hodeiak, eta zerua ia garbi geratuko da. Eklipsearen unean behe-hodeiak izateko probabilitatea baxua da. Donostian tenperatura maximoak 27-29 ºC ingurukoak izango dira eta behaketaren unean 24-25 ºC ingurukoak.

Euskalmetek gomendatzen du iragarpen eguneratuak jarraitzea bere webgunean eta X, @Euskalmet kontu ofizialean.