Francisco Javier Gómez Elosegui 2026 sarirako hautagaitzak aurkezteko epea zabalik

0

 

  • Justizia eta Giza Eskubideen Sailak deitua, espetxeen arloko lana aitortzen du, batik bat giza eskubideen defentsan eta birgizarteratzearen alde egindako lana

 

Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailak Francisco Javier Gómez Elosegui Sariaren 2026ko ediziorako hautagaitzak aurkezteko epea ireki du. Sari horrek espetxe-sistemaren humanizazioarekin, giza eskubideen defentsarekin eta askatasunik gabeko pertsonen birgizarteratzearekin konprometitutako pertsona eta entitateen lana aitortzen du. Hautagaitzak abuztuaren 12tik irailaren 11ra bitartean aurkeztu ahal izango dira, https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1223604 helbidean eskuragarri dagoen formularioaren bidez. Sariak 10.000 euroko diru-zuzkidura du.

Alfonso Gómez Justiziako sailburuordeak aditzera eman duenez, sari horrek “gizartearen esku-hartzetik, ikerketatik edo espetxeetako eguneroko lanetik gizarte inklusiboagoa eta kohesionatuagoa eraikitzearen alde lanean ari direnak” aintzatesten ditu. Horien lana, “batzuetan isila den arren, oso garrantzitsua da, espetxeratuta dauden pertsonak birgizarteratzen laguntzen baitu eta giza eskubideetan eta bigarren aukeretan oinarritutako eredua bultzatzea ahalbidetzen baitu”.

Sariak Francisco Javier Gómez Elosegui izena du, 1997an ETAk erail zuen Gipuzkoako espetxeko psikologoaren eta EHUko Kriminologiaren Euskal Institutuko hezitzailearen omenez. Sari horren bidez, María Jesús San José sailburuak gidatzen duen Justizia eta Giza Eskubideen Sailak “bizirik” eusten dio haren ondareari, “erreferente etiko eta profesionala izan baitzen, gizarteratzearekin eta espetxeen humanizazioarekin zuen konpromisoagatik”.

Francisco Javier Gómez Elosegui Saria irailean banatuko da, espetxeetako zaindari Mesedeetako Egunaren ospakizunarekin batera, Donostian egingo den ekitaldi batean.

Azken edizioetan, sariak espetxeen arloko erreferentziazko entitateak eta profesionalak aintzatetsi ditu, hala nola HIESaren aurkako Arabako Herritarren Batzordea (2025), Ruth Alonso espetxe-zaintzako epailea (2024), Arrats Elkartea (2023) eta Bidesari Elkartea (2022).