Bi atxilotu Bilboko ileapaindegi batean eta okindegi batean lapurreta egiteagatik

0

Atzo, asteartea, goizaldeko lau eta erdiak aldera, alarma-zentral batetik abisatu zuten lapurretan ari zirela Bilboko Indautxu auzoko ileapaindegi batean. Bertaratu ziren patruilek lokaleko pertsianaren sarraila behartuta eta sarrerako ateko beira hautsita aurkitu zituzten. Barrutik kutxa erregistratzailea eraman zutela ikusi zuten.

Bilboko Ertzain-etxetik egindako ikerketei esker identifikatu ahal izan zuten delituaren egilea, eta atzo arratsaldean bertan atxilotu zuten. Atxilotua espainiar nazionalitateko 32 urteko gizona da, eta Ertzaintzak aurretik 8 aldiz atxilotu du.

Gizona polizia-eginbideak amaitzen dituztenean jarriko dute epailearen eskuetan.

 

Okindegi batean lapurreta-saiakera labanaz

Joan den ekainaren 13an, gazte bat Santutxuko okindegi batean sartu zen eskuan labana bat zuela, eta kutxa erregistratzailea irekitzeko agindu zuen. Establezimenduan zegoen langileak agindutakoa ez zuela beteko esan zionean, arma zuriarekin kolpatuz irekitzen saiatu zen, baina ez zuen lortu eta ihes egin zuen azkenean.

Ertzaintzak gertaera horren berri izan zuenean hasi zuen ikerketaren ondorioz, atzo Zaratamon atxilotu zuten ustez lapurreta egiten saiatu zen gaztea.

Atxilotua latinoamerikar jatorriko 19 urteko gaztea da, eta Ertzaintzak aurretik lau aldiz atxilotu du. Atzo arratsaldean jarri zuten epailearen eskuetan.