- Aldez aurreko joan-etorriak modu mailakatuan egin ziren, eta auto-ilara nagusiak eklipsearen ondoren sortu ziren, batez ere 22:00etatik aurrera
- SOS Deiak-ek ere ez du erregistratu atzo arratsaldeko eklipsearekin lotutako gertakari aipagarririk
Atzo, abuztuak 12, asteazkena, euskal errepideetako trafikoa gorabehera nabarmenik gabe igaro zen, eguzki-eklipsea zela-eta Euskadiko hainbat lekutara egindako joan-etorrien ezohiko portaera izan arren.
Eklipsearen aurreko orduetan, errepideko joan-etorriak mailaka egin ziren, eta, horri esker, ez zen auto-ilara esanguratsurik erregistratu. Hala ere, zirkulazioa eten egin behar izan zuten hiru lurralde historikoetako hainbat puntutan ibilgailu eta pertsona asko zeudelako.
Araban, 19:32an, A-2124 errepidea itxi zuten Herrerako mendatera jende asko hurbildu zelako.
Bizkaian, mozketak egin ziren A-8ko irteeran, Kobaronerako bidean, 19:18an; Kobetas eta Pagasarriko aparkalekuetako sarbideetan, 19:48an; eta Bizkaiko Balkoiko sarreran, 19:54an.
Gipuzkoan, berriz, mozketak izan ziren: GI-3440 errepidean, Jaizkibelgo errepidean, 18:41ean; GI-3421 errepidean, Izaskun ermitarako errepidean, Tolosan, 19:54an; GI-3750 errepidean, Elosurako sarbidean, 19:55ean; N-634 errepidean, Zarauzko aparkalekurako sarbidean, 20:23an; eta GI-3392 errepidean, Askizurako igoeran, 20:23an.
Auto-ilara nagusiak, eklipsearen ondoren
Eklipsea amaitu ondoren, auto-ilara nagusiak 22:00etatik aurrera hasi ziren izaten, fenomeno astronomikoa ikustera joandako pertsonak itzuli zirenean.
Auto-ilara nagusiak Gipuzkoan izan ziren, AP-8 autobidean, Frantziarako noranzkoan, ibilgailu askok muga igaro zutenean, 7 kilometroko auto-ilarak sortuz Zarauzko ordainlekuan. Araban, auto-ilara handienak Gasteizerako sarbidean izan ziren, A-1 errepidetik N-622 errepidera. Bizkaian, auto-ilarak izan ziren Avanzadan, eta baita AP-8an, Iurretako ordainlekuan eta Berriz parean ere.
Trafikoaren ezohiko portaera izan arren, zirkulazioa normaltasuna berreskuratzen joan zen pixkanaka, eta ez zen aparteko gorabeherarik gertatu.
Bestalde, garabi arinen zerbitzu bereziak sei erreskate egin zituen atzo arratsalde-gauean. Horietako lau Bizkaian gertatu ziren, guztiak matxurengatik; Gipuzkoan, berriz, bi asistentzia eman ziren, bat matxuragatik eta bestea zauritu gabeko istripuagatik.
112-SOS Deiak
Atzo arratsaldean, SOS Deiak-112 Larrialdiei Aurregiteko Zerbitzuak eklipsearekin lotutako 11 gertakari erregistratu zituen:
- 8 mendiko erreskate 17:55 eta 22:05 artean hasitakoak, Jaizkibelen, Aiako Harrian, Aizkorrin, bi Olarizun, Ibarran, Xoxoten (Azpeitia) eta Gorlizen.
- Salbamendu 1 barruko uretan Maroñoko urtegian
- Salbamendu 1 kostaledean, Gorlizen
- Osasun asistentzia 1 Ean.
Gainera, 112- SOS Deiak Larrialdiei Aurregiteko Zerbitzuan honako dei hauek jaso ziren, baina ez zen beharrezkoa izan baliabideak mobilizatzea:
- 19:00ak arte 11 dei jaso ziren, batez ere mugikortasun-murrizketei lotutako kontsultekin
- 19:00etatik aurrera 6 dei jaso ziren, Osakidetzara transferitutako kontsulta sanitarioekin.






