EHUren Ospitale Birtualaren instalazioetan garatutako prestakuntza honi esker, 18 eta 23 urte bitarteko zortzi gaztek oinarrizko gaitasunak eta ezagutzak eskuratu dituzte bihotz-biriketako geldialdi batez ohartzeko, larrialdietako sistema behar bezala aktibatzeko eta laguntza espezializatua iritsi arte lehenengo bizkortze-maniobrak hasteko.
Ospitalez kanpoko bihotz-biriketako geldialdia denboraren menpeko larrialdi bat da, eta bertan daudenek berehala jardutea erabakigarria izan daiteke kaltetutako pertsonaren biziraupen-aukerak handitzeko eta haren pronostikoa hobetzeko. Ospitalean eskuragarri dauden baliabideak eta irakasleen esperientzia aprobetxatuta prestakuntza praktiko bat, parte-hartzaileen adinera egokitua, eta oinarrizko bizi-euskarriaren egungo gomendioetan oinarritutakoa eskaintzeko asmoz sortu da proiektua. Bihotz-biriketako bizkortze-maniobrak eta kanpoko desfibriladore erdiautomatikoa erabiltzen erakusteaz gain, ikastaroan ondokoa ere landu dute: aire-bidea buxatzekotan jarduteko modua eta pertsona bat segurtasuneko alboko posizioan jartzeko modu egokia.
Leire Cortón Corral eta Liana Shenguelia Shapiro irakasleek eskaini dute prestakuntza, non ezagutza teorikoak eta tailer praktikoak uztartu baitituzte, ikasitakoa sendotzeko eta parte-hartzaileek larrialdi batean esku-hartzerakoan beren buruarekiko duten segurtasuna indartzeko.
Lehenengo deialdi honek oso harrera ona izan du. “Lehenengo edizio honek oso harrera ona izan du lehen zortzi ikasleen artean. Edukiei zein ikastaroaren iraupenari dagokionez oso erantzun ona jaso dugu, eta horrek beste edizio batzuk martxan jartzera animatzen gaitu”, adierazi dute Larrialdi Orokorretako Zerbitzuetako langileek.
Bizitzak salbatzeko erabakigarriak izan daitezkeen ezagutza praktikoak helarazteaz gain, ekimenaren asmoa da osasun-larrialdietan erantzuteko konpromisoa duten herritar aktiboen kultura sustatzea. Epe ertainera, helburua da prestakuntza-programa hori sendotzea eta haren irismena pixkanaka zabaltzea beste kolektibo batzuetara eta hezkuntza-eremura, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak bere ingurunean osasuna sustatzeko duen zeregina indartuz horrela.






