Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, Nafarroako interes orokorreko N-121B errepideko zorua birgaitzeko lanak lizitatu ditu, Mugairi eta Otsondoko mendatearen artean, 1.899.799 euroan (BEZa barne) eta bi hilabeterako aurreikusitako egikaritze-eperako.
Esku-hartzeari esker, errepidea errodadura eroso, iragazgaitz eta seguruko azaleraz hornitu ahal izango da, eta14,6 kilometroko zirkulazio-baldintzak hobetu eta bide horren erabiltzaileen bide-segurtasuna indartuko da. Jarduketaren helburua da bidearen errodadura-geruzan hautemandako narriadurak konpontzea eta zirkulazio-baldintza ezin hobeak berreskuratzea. Horretarako, lanek aurreikusten dute zorua fresatzea eta behar denean birjartzea narriadura-maila handiena duten tarteetan, eta, ondoren, zoru-geruza berri bat hedatzea.
Baztango inguruneko mantentze-lanak
Mantentze-lanek zorua 14,6 kilometrotan birgaitzea aurreikusten dute. Lanak egingo diren lehen tartea 43+000 eta 46+000 kilometro-puntuen artean dago, Mugairi eta Arraioz herrien artean. Halaber, esku-hartzea 51+400 eta 63+000 kilometro-puntuen arteko bigarren zatian egingo da, Elizondo iparraldean eta Otsondo mendatearen gainean.
Halaber, zorua birgaitzeak Foru Komunitateko bide-ondarea zaintzen lagunduko du. Ildo horretan, Lurralde Kohesiorako Departamentuak Nafarroako errepide sareari buruz egiten duen mantentze-lanaren barruan kokatzen da jarduera, bide-azpiegitura egokiak eta seguruak bermatzeko. Errepide horren baldintzak hobetzeak, gainera, mugikortasuna, kohesioa eta lurralde-egituraketa sendotzen laguntzen du.






