Eusko Jaurlaritzak Jesús María de Leizaola Lehendakariaren jaiotzaren 130. urteurrena ospatu du Donostian

0
  • Imanol Pradales Lehendakaria buru dela egin da 1960 eta 1979 artean erbestean Lehendakari izan zenaren omenezko aitorpen-ekitaldia
  • Ospakizuna lehen Eusko Jaurlaritzaren 90. urteurreneko programaren barruan egin da Donostiako Udalarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera

Jesús María de Leizaola Lehendakariaren jaiotzaren 130. urteurrena dela eta, Eusko Jaurlaritzak Agirre Lehendakaria hil ondoren 1960 eta 1979 artean erbestean Eusko Jaurlaritza lideratu zuena omentzeko aitorpen-ekitaldi bat egin du gaur Donostian.

Imanol Pradales buru dela egin den ekitaldia Donostian, Leizaolaren jaioterrian, Euskadi Plazan hari eskainitako eskulturaren aurrean egin da, eta Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak parte hartu dute.

Bere hitzaldian, Imanol Pradalesek Jesús María de Leizaolaren figura aldarrikatu du zuzentasunaren, konpromisoaren eta giza duintasunaren defentsaren erreferente gisa, eta bere ibilbidearen oinarrizko hiru ezaugarri nabarmendu ditu: demokraziaren, bakearen eta giza eskubideen defentsa sendoa; Euskadiko erakundeak, kultura eta politika eraikitzen egindako ekarpena; eta legitimitate demokratikoa eta euskal autogobernua bizirik mantentzeko 42 urtez erbestean landutako irmotasuna. Pradalesek azpimarratu duenez, Leizaolak eta Agirrek “demokraziaren, gizarte-justiziaren eta euskal herriaren askatasunaren lekukoa eraman zuten”, eta gaur egungo belaunaldien erantzukizunari dei egin dio ondare hori jasotzeko, euskal nortasuna defendatzeko eta Euskadi askatasun arduratsuan, kultura demokratikoan eta gizarte-justizian oinarrituta eraikitzen jarraitzeko.

Ospakizuna lehen Eusko Jaurlaritzaren 90. urteurrena dela-eta antolatutako ekitaldien programaren barruan egin da, Leizaolaren ibilbidea eta erbestean Euskadiko erakundeen jarraipena ziurtatzeko egindako ekarpena balioetsiz.

Jesús María de Leizaola 1896ko irailaren 7an jaio zen Donostian, Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritza 1960. urtean hartu zuen bere gain, José Antonio Agirre hil ondoren, eta erbestean Jaurlaritzaren buruan egon zen 1979an Euskadira itzuli zen arte.

Autogobernuaren zerbitzura eta autogobernuaren defentsan egindako ibilbidea

Jesús María de Leizaola funtsezko irudia izan zen XX. mendeko euskal politikaren eta erakundeen historian.  Abokatua, intelektuala eta zerbitzu-bokazio sakoneko gizona izan zen, eta lan handia egin zuen Justiziako eta Kulturako sailburu gisa Gerra Zibilean, eta atxilotuen duintasuna eta berme prozesalak defendatzeagatik nabarmendu zen, bai eta euskal unibertsitate publikoa bultzatzeagatik ere. 1937an erbesteratu ondoren, lau hamarkada baino gehiago eman zituen Eusko Jaurlaritzaren jarraipena eta zilegitasun demokratikoa zaintzen, lehenengo Agirre lehendakariarekin batera eta 1960tik aurrera erbesteko lehendakari gisa. 1979ko abenduan itzuli zen Euskadira, 83 urterekin, leialtasuna, konpromisoa eta euskal autogobernuaren defentsa ezaugarri izan zituen ibilbideari amaiera emanez.