Eusko Jaurlaritzak 190 beka eskainiko ditu Ikasiker programaren bidez, unibertsitateko ikasleak ikerketaren mundura hurbiltzeko

0
  • Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak 330.000 euro bideratuko ditu laguntza hauetara
  • Bekadunek Euskadiko ikerketa-talde eta -zentroekin elkarlanean jardungo dute

Gobernu Kontseiluak 2026-2027 ikasturterako Ikasiker programaren deialdia onartu du gaur. Guztira, 190 beka emango dira unibertsitateko ikasleek Euskadiko ikerketa-talde eta -zentroetan parte hartu eta ikerketa-jardueraren berri izan dezaten. Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak 330.000 euro bideratuko ditu laguntza hauetara.

Onuradunek ikerketa-proiektuetan parte hartu, talde eta zentroetako jarduera ezagutu eta zientzia-jardueraren berezko metodologiak eta lan egiteko moduak ezagutzeko aukera izango dute.

Ikasiker programa Euskadin erroldatuta egon eta graduko azken-aurreko edo azken mailan edo master ofizial batean matrikulatuta dauden ikasleei zuzenduta dago.

Deialdiak 2.000 euroko 150 beka aurreikusten ditu ikasturtean zeharreko lankidetzetarako, eta 750 euroko 40 beka udako aldirako. Dedikazioa astean sei eta hamabost ordu artekoa izango da, betiere eskola-ordutegiaren barruan, eta laguntzek prestakuntza-izaera izango dute soilik.

Lankidetzak Euskal Unibertsitate Sistemako ikerketa-taldeetan, Oinarrizko Ikerketako eta Bikaintasuneko Zentroetan (BERC), Osasun Ikerketako Institutuetan (IIS), Ikerketa Kooperatiboko Zentroetan (CIC) eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko BRTA partzuergo zientifiko-teknologikoari atxikitako zentro teknologikoetan egin ahal izango dira.

 

Zientziarekiko bokazioak sustatzea

Ikasleek ikerketa-proiektuetan parte har dezaten errazteaz gain, Ikasiker programak zientzia-jarduerarekiko interesa piztea eta bokazio zientifiko berriak sustatzea du helburu. Ekimenaren bidez, ikerketarekin lotutako aukera akademiko eta profesionalak ezagutu eta arlo horretako metodologiak eta lan egiteko moduak ezagutu ahal izango dituzte.

Ekimen hau Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak sustatutako estrategia zabalago baten barruan kokatzen da. Estrategia horren helburua kualifikazio handiko pertsonak sortu, erakarri eta zaintzea da. Helburu hori jasota dago, bai Euskal Unibertsitateen Legearen Aurreproiektuan, bai Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskadi 2030 Planaren birformulazioan.