- Deialdia irabazi-asmorik gabeko erakundeei zuzenduta dago, informazio, sentsibilizazio eta prebentzio unibertsaleko proiektuak garatzen badituzte.
Gobernu Kontseiluak gaur onartu du 2026rako dirulaguntzen deialdia, Euskadiko irabazi-asmorik gabeko erakundeek joko patologikoari buruzko informazio, sentsibilizazio eta prebentzio unibertsaleko jarduerak gara ditzaten.
Segurtasun Saileko Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritzak 100.000 eurorekin lagunduko ditu joko patologikoaren aurrean zaurgarritasun-egoerak antzematera, joko arduratsuaren ezaugarriak zabaltzera, joko problematikoarekin lotutako arrisku-adierazleak eta arrisku-faktoreak ezagutaraztera eta teknologia berrien erabilerari lotutako arriskuez ohartaraztera bideratutako proiektuak. Halaber, jokabide horiek prebenitzeko eskuragarri dauden baliabide publiko eta pribatuak ezagutarazteko ekintzak ere diruz lagundu ahal izango dira.
Programak, beste kolektibo batzuen artean, adingabeei, gazteei eta nerabeei, familiei eta hezkuntza-komunitateari zuzendu ahal izango zaizkie. Deialdia prebentzio unibertsaleko, informazioko eta sentsibilizazioko jardueretara mugatzen da, eta ez ditu barne hartzen laguntza-, terapia- edo errehabilitazio-izaerako ekimenak.
Azken urteotan, laguntza-lerro horrek aukera eman du ikastetxeetan, gazte-guneetan, elkarteetan eta ekipamendu soziokulturaletan hitzaldiak, tailerrak, esperientzia-trukeak eta dibulgazio-materialak sustatzeko. Jarduera horiek urtean batez beste 5.000 pertsonarengana iritsi dira, eta gizarte-erakundeen, administrazioen eta ikastetxeen arteko lankidetza sendotzen lagundu dute.






